Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2015-04-13

#dazientziat eta #KulturaZientifikoa

Duela gutxi, hainbat internautok Kultura Zientifikoaren 3. Jaialdi birtuala burutu dugu. Bai, jaialdi birtuala izan da. Modu honetan, nahi duenak parte har dezake, nahi duen gaia jorratuz. Ondorengo hitzek laburbiltzen dute Jaialdiaren filosofia: Edonork, edozer, edonoiz, edonondik edonola. Ez da nire helburua, ordea, Jaialdiaren balorazioa egitea. Bikaina izan dela erranen dizuet bakarrik: 144 ekarpen egon dira, 23 webgune desberdinetik. Puntako ikertzaileez gain, jende anitzek parte hartu du, bigarren hezkuntzako ikasleak barne (eta euskaltegietakoak). Barañaingo gutxi batzuk ere parte hartu dugu. Datu zehatz eta landuagoak nahi badituzue ikusi, edonola.net blogean duzue informazio guztia. Hau dena, umore onez eta euskaraz. Ongi pasatzeaz eta anitz ikasteaz gain, Jaialdiak Interneten zientzia euskaraz dibulgatzen dugunon sarea osatzen jarraitzeko balio izan du ere. Gaurkoan, interneten garrantziaz eta horrelako sare bat osatu eta sendotzearen garrantziaz arituko naiz.

Internet, sare sozialak barne, edozein motako informazioa zabaltzeko tresna paregabea da, zientzia barne. Gaur egun, estatu mailan, FECYTen datuen arabera, internet bihurtu da zientzia iturri nagusia, telebistarekin batera. Hortaz, euskaraz zientzia zabaltzen dugunok interneten izugarrizko erraminta dugu. Dena dela, interneten, gutxi gara, gutxi proportzioan, zientzia dibulgatzen dutenekiko zein euskaraz bertze gaiak jorratzen dutenekiko.. Hori dela eta, izugarri garrantzitsua da komunitate bat osatzea, zientzia euskaraz zabaltzeko komunitate birtuala. Sare sozialek lan hau asko errezten dute. Twitter dugu, ziurrenik, informazioa zabaltzeko sare sozial dinamikoena. Zoritxarrez, time-linean berehala desagertuz doa informazioa. Twitter oso berehalakoa da, baina baditu tresna erabilgarri eta errexak. Horietako bat, traola, hashtaga. Goian aipatutako Kultura Zientifikoaren Jaialdi birtualean #KZJaia3 traola erabili izan dugu, eta honen ondorioz, traola bilatzaile baten moduan erabil daiteke. Ez bakarrik hori, trending topic izan dugu ere gure traola egun askotan. Honek gure aktibitateari ikusgarritasuna eman dio, eta horrela jende gehiagorengana hurbildu dugu gure lana, zientzia.

Jaialdia, ordea, hiru hilabeteko luzera izan du. Euskaraz zientzia dibulgatzen dugunok, ordea, traola bat behar dugu urte guztirako. Traola bateratu bat, informazioa partekatzeko balioko diguna, eta bertzeek partekatutakoa bilatzeko balioko diguna. #KZJaia3ko antolatzaileak proposamen bat egin zigun aurrekoan: #dazientziat. Traola hau, bere “proposamen xumea, trinkotzaindiaren arauak jarraituta” da. Proposamenarekin bat egiten dut, eta traola erabiltzeko deia egiten dut hemendik. Bai zientzia gaiak zabaldu nahi baduzue, bai zientziaren inguruko informazioa bilatu nahi baduzue ere.

Honetaz gain, gogora ekarri nahiko nuke duela urte eta erdi burutu genuen #KulturaZientifikoa eguna. Egun bateko ekimen hauek ere oso garrantzitsuak dira, goian aipatutako sarea errotzen laguntzen dutelako. Ez bakarrik hori, sare birtualek ere badakarte birtualak ez diren ekimenak ere. Hori dela eta, #dazientziat traolaren erabileraz gain, #KulturaZientifikoa eguna ospatzeko proposamena luzatzen dizuet. Zientzia euskaraz eguna izanen denez, iraila berreskuratu dezakegu jardunaldi hau burutzeko, Elhuyar anaien omenez. Proposamen hau guztioi luzatzen dizuet, baina bereziki zientzia dibulgazioan sarean dabiltzan erakunde nagusiei: UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, Elhuyar Fundazioa eta Udako Euskal Unibertsitatea. Norbaitek hartuko al du ekimena dinamizatzeko erronka?

Diseño y desarrollo Tantatic