Jon Matxain
Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.
Erradiazio elektromagnetikoa ala argia?
Inkestak ala galdeketak ongi nola egin behar diren ez dakit. Hori ez da nire esparrua. Dena den, batzutan gustatuko litzaidake kalera ateratzea eta jende anonimoari, kalean dabilen gazte, guraso, aiton-amonei, eta abar, galdera bat egitea. Oraingoan, galdera bat baino, ondorengo ariketa proposatuko nieke. Zuei, irakurleei, ariketa berdina proposatzen dizuet: Paper batean, ezkerraldean, bi kontzeptu daude idatzita: “argia” eta “erradiazio elektromagnetikoa”. Eskuinaldean, aldiz, bi aurpegi. Bata alaia eta bestea goibela. Zein kontzeptu lotuko zenukete alai aurpegiarekin eta zein goibel aurpegiarekin?
Ez dut daturik, baina nahikoa ziur naiz gehiengo nagusi batek “argia” aurpegi alaiarekin lotuko lukeela, eta “erradiazio elektromagnetikoa” aurpegi goibelarekin. Pertzeptzio hori dugu gizartean, erradiazio elektromagnetikoa gauza txarra dela. Aldiz, argiak bidea, bitzitza, argitzen digu. Argirik gabe iluntasuna dugu, eta horrek beldurra ematen digu. Argia derrigorrezkoa den zerbait ikusten dugu, erradiazio elektromagnetikoa, ordea, kaltegarritzat jotzen dugu askotan. Hala ere, gizartean nahikoa barneratuta dugun pertzeptzio hau, errealitatearekin lotuta dago? Hau da, benetan, egia al da argia “ona” dela eta erradiazio elektromagnetikoa “txarra”? Aurten “argiaren eta argian oinarritutako teknologien” urte internazionala ospatzen ari garelarik, gai honen inguruan idaztea aproposa iruditu zait.
Urteetan zehar, argiaren eta erradiazio desberdinen natura ezezaguna zen. Argia ikusmenarekin lotzen genuen, eta erradiazioa hainbat fenomeno fisikotik sortzen zen zerbait zen. Hori dela eta, argia eta erradiazio elektromagnetikoa gauza desberdinak zirela uste zen. Ikerketen ondorioz, ordea, duela urte asko bien natura argitu zen. Argia eta erradiazio elektromagnetikoa gauza bera dira. Sinonimotzat jo dezakegu. Adibide bat jartzearren, argi ultramorea ala erradiazio ultramorea esatea, gauza bera da.
Gaur egun, badakigu argi mota asko daudela. Izaera kuantikoan gehiegi sakondu gabe, badakigu argiak uhin ala partikula (fotoi izenekoak) moduan jokatzen ahal duela. Erradiazio desberdinen artean dagoen desberdintasuna fotoien energian datza. Horrela, gamma-izpiak dira energia altuen dutenak (fusio zein fisio nuklearretan, ekaitzetan sortzen dira, adibidez). Energian handiagotik baxuagoetara jarraituz, ondorengoak X-izpiak, Ultramoreak, Ikuskorra (gure begiek harrapatzen dutena), Infragorriak, Mikrouhinak eta Irrati-uhinak dira. Bai, gure begiek harrapatzen duten argia erradiazio elektromagnetikoa da.
Ohikoa da esatea energia altuagoko erradiazioak kaltegarriak direla, eta energia baxuetakoak ez. Dena den, banaketa hau sinplistegia dela iruditzen zait. Gamma, X eta Ultramoreak kaltegarritzat jotzen ditugu, baina bere kaltea kantitatean eta erabileran datza. Gamma-izpiek, adibidez, minbizia sortzen dutela badakigu. Baina, minbiziari aurre egiteko ere erabiltzen dira, medikuntzan. X-izpiek ere kalteak eragin ditzakete, baina kantitate handiagoetan. Hezur bat apurtzean, ordea, X-izpiak oso erabilgarriak dira apurketa nolakoa izan den ikusten. Kasu honetan, onura kaltea baino askoz ere handiagoa da. Erabiltzen diren kantitateak oso txikiak dira. Azken adibide bat jartzearren, argi ultramoreak azal minbizia sor dezake, eta horregatik eguzkia hartzean krema jartzen dugu. Baina erradiazio mota hau gabe, ezingo genuke D bitamina sintetizatu. Bizitzeko, derrigorrezkoa dugu D bitamina. Argi mota honek gamma-izpiek baino energia gutxiago dutenez, gure gorputzean kaltea eragiteko kanditate askoz ere gehiago beharko lirateke. Era berean, energia gutxiago duten erradiazioak izaki bizidunetan kalteak eragiteko beharrezkoa den kantitatea askoz ere handiagoak dira.
Laburbilduz, erradiazio elektromagnetikoa eta argia gauza bera dira. Hori dela eta, ezin dugu lotu bat aurpegi alaiarekin eta bestea goibelarekin. Beraien izaera ulertuta, gure esku dago erradiazioak modu egokian erabiltzea.