Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2015-02-07

Ikertzaile zientifikook gure lana dibulgatu behar dugu?

“To be or not to be, that's the question” idatzi zuen poeta handiak. Ikertzaile zientifikoen kasuan, honen parekoa izan daiteke “dibulgatzea ala ez dibulgatzea, hor dago koxka”. Izan ere, ikerketa zientifikoan aritzen garenoi anitzetan galdetzen digute ea zertan egiten dugun lan. Itauna ihardestea ez da, ordea, erraza izaten. Gai konplexuak ezin dira, normalean, erantzun sinple eta azkar batekin egoki azaldu. Hori dela eta, ikertzaileoi askotan leporatzen zaigu gure ikerketan murgilduta egoten garela, eta ez garela hortik ateratzen. Hau da, gure lanaren emaitzak ez ditugula gizarteratzen, ez behintzat behar adina. Hau horrela, izenburuko galderadatorkit burura: Ikertzaileok gure lana dibulgatu behar dugu? Kontestu honetan, dibulgatu hitza aipatzean, gure ikerketen emaitzen gizarteratzeaz ari naiz. Gaurko honetan, gai honen inguruan nire iritzia eta denboran zehar izandako bilakaera azaldu nahi dut.
Duela bi urte, galdera honi dudarik gabe baietz erantzungo nioke. Beste gauzen artean, horregatik abiatu nuen zientzia blog bat. Bi argudio nagusi ikusten nituen horretarako. Alde batetik, gure soldatak eta ikerketa projektuak jendearen zergetatik finantziatzen direnez, gizartearekin nolabait zorretan gaude. Bestalde, ezagutzaren gizartea bultzatu nahi badugu, eta gizarteak ikerketa zientifikoa baloratzea nahi badugu, ikerketaren emaitzak gizarteratu behar ditugu. Guk egiten ez badugu, nork eginen du lan hau? Kazetarien esku bakarrik uztea arriskutsua izan daiteke (nik ez dut hau bereziki uste, baina nahikoa hedatua dago ikertzaileen artean).
Denbora pasa ahala, ordea, nire iritzia zertxobait aldatuz, modelatuz, joan da. Lehen dudik gabeko baiezkoa zena, orain ez da horrelakoa. Ez pentsa, ordea, guztiz kontrakoa denik. Utzidazue azaltzen eboluzio honen nondik norakoak. Horretarako, azter ditzagun, lehenik eta behin, arlo publikoan gabiltzan ikertzaileon betebeharrak. Goian aipatu bezala, gure kontratuak eta ikerketa projektuetako finantziazioa gehienbat diru publikoz ordainduta daude, baina diru hau ez da musutruk. Ikertzeko, irakasteko (batzutan), eta bi aktibitate hauen gestioa egiteko ordaintzen gaituzte. Ikertzea ez da bakarrik emaitza batzuk lortu eta argitaratzea. Ikertzaile berriak formatu behar dira, talde osoaren aktibitateak ordaintzeko dirua lortu eta ongi justifikatu behar da, eta abar. Honek denbora asko eskatzen du, eta, normalean, ikerketa eta dibulgazioa ez dira bateragarriak, ez behintzat modu sistematikoan egiteko.
Honetaz gain, goian aipatutako lan kontratuak zein ikerketa projektuak erakunde publiko zein gobernuekin egiten ditugu, nolabait, gizartearen ordezkariekin. Hauek gure aktibitatea ebaluatzen dute, 3 esparru hauek baloratuz. Hortaz, hau da gizartearekin dugun hitzarmen sendoena. Beste hitzetan, ez gaude zorretan gizartearekin, ez diru zorretan, behintzat. Ondorio honetara heltzean, lasaitu ederra hartu nuen, zorretan egotea ez dudalako gustoko. Hortaz, ikertzaileok ez gaude derrigortuta dibulgazioa egiteko, gure lana gizarteratzeko. Hortaz, galderaren “behar” hitza derrigorrezko zerbait bezala ulertzen badugu, erantzuna da ezetz, noski. Baina kontua ez da bakarrik semantikoa. Jarrai dezagun.
Goian aipatutako argudioak, esan nahi al du gure lana ez dela gizarteratu behar? Eta gizarteratze prozesu horretan ikertzaileok aparte geratu behar garela? Nire ustez, ez, inondik inora. Gakoa parte hartze hau nola gauzatu behar den argitzean datza, beti ere gizarteratze prozesua ahalik eta eraginkorrena izateko. Horrela, ikerketa projektuetako konbokatorietan gero eta garrantzi gehiago ematen ari zaio ikerketen emaitzen zabaltzeari, gizarteratzeari. Ikerketa projektuak taldeek eskatzen dutenez, ardura ez da indibiduala, kolektiboa baizik. Orokortuz, ikertaldeak dauden erakundeena, Unibertsitate, Ikerketa zentro, eta abar. Hauek dira ikerketen emaitza zabaltzeko konpromezua, betebeharra dutena, nire ustez. Horretarako, instituzioetan komunikazio-dibulgazio azpitaldeak daude. UPV/EHUn, horretaz aparte, Kultura Zientifikoko Katedra. Ikerketa zentruetatik haratago, dibulgazio erakundeak daude, Iruñeako Planetarioa adibidez. Euskaraz, Elhuyar eta UEUko atariak ditugu ere. Dauden (azpi)talde hauek lan handia egiten dute, baliabideak askotan nahikoak ez izan arren. Nire ustez, komunikazio-dibulgazio azpitalde gehiago sortu beharko lirateke, eta daudenak indartu. Hau da, komunikatzaile-dibulgatzaile karrera indartzea, bertze dimensio bat ematea. Beraien lana baloratu eta bultzatu. Ikertzaileok talde hauekin elkarlanean gure lana gizarteratzen kolaboratuko genuke, baina ardura komunikatzaile-dibulgatzaileena izanda.
Horrelako egoera gaurkoa baino hobeagoa litzateke niretzat. Paperak hobeki banatuta egonen lirateke, nire ustez. Komunikatzaile-dibulgatzaile kopurua handitu eta beraien karrera bultzatzeaz aparte, ikertzaileon kurrikulumean ere dibulgazioa sartzea komenigarria litzateke. Aurretik aipatutako 3 esparruetaz aparte, gure lanaren ebaluazioan dibulgazioa sartuz. Beti ere, gure lanaren ehuneko txikia suposatuz. Horrela, ikertzaileon dibulgazioa borondatezkoa izaten jarraituko luke, gaur egun bezala, baina gure kurrikulumean gehiago baloratuko litzateke. Dena den, garbi dago,  nire ustez, ikerketa gizarteratzeko, ezinbestekoa dela elkarlanean aritzea kazetariak, komunikazio-dibulgatzaileak, irakasle eta ikertzaileak. Guztion artean eginen dugu bidea, eta bidea ibiltzen egiten da.
Hasierara buelta gaitezen. Ikertzaile zientifikook gure lana dibulgatu behar dugu? Bakoitzak erantzun dezala nahi duen moduan. Nik emandako argudioekin, erantzuna edozein izan daiteke, ikuspegiaren arabera. Bai. Ez. Agian. Ni kuantikoa izanik, hiru hauen konbinazioan nago. Ikertzaile bakoitzaren arabera, eta bere egoeraren arabera. Nire erantzuna BAGIEZ da.

Artikulu honek Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.

Diseño y desarrollo Tantatic