Jon Matxain
Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.
Linus Pauling, hanka sartu zuen zientzialari bikaina
Linus Pauling XX. mendeko zientzialari bikaina izan zen. Nobel saria behin baino gehiago irabazi duen bakarrenetakoa. Ohore hau izan dute, orain arte, berak, Marie Curiek, John Bardeenek eta Frederick Sangerrek. Konkretuki, Paulingi Kimikako Nobel Saria 1954. urtean eman zioten, eta 1962. urtean, Bakeko Nobel Saria. Biokimikaria zen, baina hainbat esparru desberdinetan aritu zen, esparru berri asko irekiz, hala nola, kimika kuantikoa, biologia molekularra, eta abar.
Lehenengo Saria, Kimikakoa, zientzian egindako ekarpenengatik etorri zen. Kimika eta Mekanika Kuantikoa uztartu zuen lehenengotakoa izan zen, eta Kimika Kuantikoaren espezialitatearen sortzaileetako bat izan zen. Kimikan, egitura eta lotura kimikoa mekanika kuantikoaren legeekin azaltzeko gai izan zen lehenengoetakoa izan zen, baina eragin handia izan zuen lehenengoa izan zen. Ikuspegi berri honi esker, molekula handien egitura azaltzeko gai izan zen. Hain zuzen ere, proteinak osatzen dituzten alfa-helizeak eta beta-xaflak duten egitura azaltzen lehenengoa izan zen. Medikuntza molekularrean ere eragin handia izan zuen. Izan ere, berak proposatu zuen hainbat gaixotasunen jatorria hainbat proteinen funtzio-galtzean zetozela. Eta asmatu ere. Izan ere, gure gorputzaren baitan erreakzio kimiko konplexuen bidez gertatzen dira gauzak, gaur egun ongi dakigun moduan. Argi dagoenez, zientzian ekarpen handiak egin zituen Paulingek.
Bakegintzan ere sendo aritu zen, arma nuklearren proliferazioaren aurka. Bere emaztearen eraginez (bakezalea zen), zientzialari mugimendua gauzatu zuen eta Nazio Batuetan proposamena aurkeztu zuten 11.000 zientzialarik baino gehiagok sinatuta. Zientzialari multzo hau leku askotarikoak ziren, 50 herrialde baino gehiagokoak, hain zuzen ere. Hau bere lanaren ginda izan zen, eta bere bakezaletasunarengatik eta esparru honetan egindako lanagatik, 1962. urtean Bakeko Nobel Saria jaso zuen. Pauling influentzia handiko gizona zen, ez bakarrik zientzia munduan, baina zientzia munduan batez ere.
Dena den, eta zientzian ekarpen itzelak egin arren, bere bizitzako azken hamarkadetan hanka-sartze handia egin zuen. Terapia megabitaminikoa (hau da, bitaminen dosi handiak hartzearena) bultzatu zuen, besteak beste. Batez ere, C bitaminarena. Berak popularizatu zuen C bitamina gauza askotarako ona dela, minbizia sendatzeraino. Esan beharra dago demostratuta dagoela C bitamina behar dugula, baina tamainan. Dosi handitan, bitaminak kaltegarriak izan daitezke. Berak, hala ere, ebidentziak ez zituen onartu. Jende askorentzat, ordea, Paulingek esanda sinistu egiten zuten. Autoritate argumentua, falazia mota bat, argudiatzen zuten. “C bitamina dosi handitan oso ona da, Paulingek esan duelako”. Ba ez! Ez da ona eta Paulingek ez zuen arrazoi!
Ikusten dugunez, inor ez dago hanka sartzeaz libre. Eta, inork ez du arrazoia beti, nahiz eta bi Nobel Sari irabazi. Iñaki Garciak Facebooketik gogoratu didan bezala, Carl Saganek ederki adierazi zuen ideia hau (gutxi gora beherako hitzak): “Zientzialari batek esandakoa ez da egi borobiltzat hartu behar, zientzialaria oso saritua izan arren, zientzialari horrek esan duelako. Dena frogatu behar da.” Hau da, hain zuzen, Paulingek egin ez zuena C bitaminen terapiaren alde egiterakoan. Nire aldetik, ondorio garbi asko atera daitezke, baina bakarra aipatuko dut. Inorren ideiak kritikatu aurretik, autokritika egin behar da. Izan ere, eta adibidearekin ikusten den moduan, denok hanka sartzen ahal dugulako. Eta gainera, hanka sartzeko eskubidea dugu. Izan ere, pertsonak gara, eta hanka sartzea gure naturan dago, sari asko irabazi arren. Gakoa dago hanka sartzerakoan, konturatzeko prest egotea eta onartzea. Hori da hanka sartze berdintsuak ez egiteko bidea.