Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2014-12-06

"Teoria" hitza eta iruzurra

Jakina da hitz batzuk esanahi bat baino gehiago dituztela, polisemikoak direla, alegia. Adibide bat jartzearren, “hori” hitza aukeratu dut: alde batetik, erakuslea izan daiteke, “kotxe hori handia da”; bestetik, kolorea, “txoria horia da”. Hiztunok bi esanahiak ezagutzen ditugunez, testuinguruaren arabera esanahia bereizten dugu eta ez da gaizki ulerturik sortzen. Zoritxarrez, hitz batek hiztun batzuentzat esanahi bat badu, eta beste hiztunentzat beste bat, gaizki ulertuak gertatzen ahal dira. Horrelako zerbait gertatzen da teoria hitzarekin. Zientzien esparruan modu batean erabiltzen da, eta zientzietatik at beste modu batean. Garrantzi gutxiko gauza izanen litzateke, desberdintasun hau jendea engainatzeko erabiliko ez balitz. Azter dezagun kontu hau pixka bat sakonago.

Zientzia desberdinak gure unibertsoa eta bertan gertatzen dena, gu eta gure portaera barne, azaltzen saiatzen dira, ebidentzian oinarrituta. Hortaz, gertakari baten aurrean, zientziak azalpen posible desberdinak bilatuko ditu, eta gertakaria azaltzeko egokiena dena aukeratuko du, beti ere ebidentzian oinarrituta. Modu azkar batean esanda, azalpen posibleei hipotesiak deitzen zaie zientzietan, eta ebidentzian oinarrituta egokiena den azalpenari, teoria. Horrela, egokiena den hipotesia teoria bihurtzen da, eta beste hipotesiak baztertzen dira, ebidentzian oinarrituta. Zientzietatik kanpo, ordea, hipotesi hitza ez da erabiltzen, eta honen ordez teoria erabiltzen da. Garbi dagoenez, teoria hitzak ez du esanahi berdina hiztun guztientzat. Adibide batekin hobe ulertuko dugu.

Grabitatea gertakari bat da. Garbi dugu zubi batetik erortzen bagara, lurraren kontra kolpe itzela hartuko dugula. Gertakari hau azaltzeko, hipotesi desberdinak luzatu ziren. Ebidentzietan oinarrituta, gaur egun gertakari hau hobekien azaltzen duen teoria hau dugu, Einsteinen Erlatibitatearen Teoria. Hortaz, esparru zientifikoan ongi bereiztuta daude zer den gertakaria, hipotesia eta teoria. Zoritxarrez, esparru honetatik at hiru idei hauek nahastu egiten dira. Askotan, laburtzeko asmoz, Grabitatearen Teoria espresioa erabiltzen da Grabitatea azaltzen duen Erlatibitatearen Teoriaren ordez. Hori dela eta, jende askok grabitatea hipotesi bat dela uler dezake. Grabitatearen eraginak denok ezagutzen ditugunez, honen inguruan gerta daitezkeen gaizki ulertuak ez dute ondorio larririk normalean. Tamalez, beste gertakari batzuekin antzeko nahasteak egon daitezke. Hobeki esanda, nahasteak erabiltzen dira, jendea engainatzeko.

Horrelako zerbait gertatzen da eboluzioarekin. Eboluzioa gertakari bat da, gertatzen den zerbait. Hau azaltzeko hipotesi desberdinak daude, baina teoria sendo bakarra ez, ez behintzat grabitatea azaltzeko dagoen teoria bezain sendoa. Honetaz eta teoria hitzaren esanahi okerraz baliatzen dira kreazionistak jendea nahasteko. Kreazionisten ustetan, Jainkoak unibertsoa sortu zuen Biblian literalki azaltzen den moduan. Hipotesia izan zitekeen honek ez du ebidentziaren filtroa pasatzen, eta hori dela eta, kreazionisten estrategia eboluzioaren ideia desprestigiatzean datza. Horretarako, Eboluzioaren Teoria espresioa hartu, eta  gertakaria dena hipotesia bihurtzen dute, beraien siniskeriaren parera. Bere ondorioa da eboluzioa beste sinismen bat dela. Grabitatearekin antzeko arrazonamendua eginez, hegan egiten ahal duela sinisten duen norbaitek grabitatea hipotesia dela esatea bezalakoa litzateke.

Pentsa dezakegu hau Estatu Batuetan bakarrik gertatzen den zerbait dela, gure inguruan kreazionistarik ikusten ez dugulako. Baina, kreazionistek erabiltzen duten tranpa, teoria hitzaren esanahia nahita nahastea, oso ohikoa da sasizientzietan. Jendearen fede onaz eta konfidantzaz aprobetxatuz, engainatzen saiatzen dira gure sosak kentzeko asmoz. Hau gure inguruan uste duguna baino hedatuago dago, eta engainuetatik inor ez dago libre.

Diseño y desarrollo Tantatic