Jon Matxain
Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.
Zientzia, jalgi hadi plazara!
Askotan aritu gara txoko honetan zientzia dibulgatzearen beharraz. Zientziarekin zerikusia duten hainbat kontu zabaldu dugu. Txoko honen eta antzekoen garrantzia handia da, zalantzarik gabe, pertsona guztientzat jartzen bait dute zientzia eskuragarri. Garbi dago internet eta sare sozialak garrantzitsuak direla zientzia dibulgatzeko. Hala ere, hau ez da dibulgazioa egiteko bide bakarra. Hitzaldiak, aurkezpenak, irratsaioak, eta abar oso garrantzitsuak dira ere. Azkenaldian, ordea, imajinazioz beteriko ekitaldiak sortu dira. Umorez beteriko 10 minutuko txarla laburren saioak, tabernetan egiten diren zientzia saioak, eta abar eta abar. Orain arte, jaialdi hauek gehienbat gazteleraz egiten ziren, baina gauzak aldatzeko moduan daudela dirudi.
Izan ere, udazken honetan, horrelako eskaintzak egonen dira Euskal Herrian zehar, euskaraz. Gaur hiru hurbilduko dizkizuet. Lehenengoa Bilbon izanen da, Irailaren 26an. Bertan, orain arte inoiz egin den saio berezia dugu. Izan ere, eskenatoki baten gainean elkarrekin egonen dira hiru bertsolari (Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Miren Amuriza) eta bost zientzialari (Itziar Laka, Gorka Azkune, Naiara Barrado, Itziar Garate eta ni neu). Saioa Kike Amonarrizek aurkeztuko du. Izugarrizko jaialdia izateko osagai guztiak ditu, baina Bilbora hurbiltzerik ez baduzue, lasai. Interneten bidez zuzenean emanen da, eta saio osoa grabatuko da. EITBko webgunean eskuragarri izanen duzue.
Ez pentsa dena Barañaindik urrun izanen dela. Urrian, Euskararen Astearen baitan,zientzia tabernara hurbilduko dugu. Urriaren 16an, arratsaldeko 19:30tan, Kaioa tabernan, zientziak eta letrak izanen ditugu. Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebidunak ikertaldeko Mikel Santesteban psikohizkuntzalaria izanen dugu, "Elebitasuna, burmuina trebatzeko ariketa bat." Berarekin batera ni arituko naiz ere, "Argia, uste duguna baino gehiago" emankizunarekin. Nahiz eta Mikel eta biok Euskal Herriko Unibertsitatean aritu, bera Gasteizen eta ni Donostian, Barañaindarrak gara eta biontzat arrazoi honegatik herrira itzultzea izugarrizko poztasuna da.
Hau dena izango ez balitz, Elhuyar Fundaziotik sorpresa itzela prestatu digute Azaroaren 4rako. Bergaran izanen da, arratsaldeko 19:30tan. Bergaran izatea, eta ekimenaren izenburua, “Wolfram deuna; ekitaldi fisiko, kimiko, analogiko eta antologikoa” ez dira kasualitate. Duela bi mende pasatxo, Bergaran isolatu zuten lehen aldiz Wolframio elementua Elhuyar anaiek. Garaiko laborategia museo bihurtu dute, eta bertan, Bergarako Laboratoriumean, hainbat lagun bilduko gara umorez beteriko zientzia hitzaldi laburrak (5 minutukoak) zabaltzeko. Bertan, Elhuyarreko lagunek sorpresa gehiago prestatuta dituztela iruditzen zait, gainera!
Hortaz, udazkenerako baditugu zientzia dibulgazio ekimen interesgarri asko, euskaraz. Denetan, umore ona izanen da, beti ere zientziarekin batera. Zientzia, antza denez, euskara bezala, plazara jaldi dela dirudi. Horrela jarrai dezagun!