Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2014-04-19

Zientziaren hizkuntzak

Euskara zientzietarako balio ez duen hizkuntza dela pentsatzen dute askok. Pertsona publiko batzuk, Miguel Sanz Nafarroako Lehendakari ohia bezala, esan ere egin zuten. Horrelako adierazpenak, ba al dute inolako oinarririk? Euskarak lekua al du zientzian bertze hizkuntzekin batera?

Galdera hauei erantzuteko, zientzien eremu nagusiak zeintzuk diren zehaztu behar ditugu. Laburbilduz, eta agian gehiegi sinplifikatuz, hiru eremu nagusitan banatuko dut zientzien jarduera: Hezkuntza, Zientzien Komunikazioa eta Ikerketa.

Hiru eremu hauetan, euskara erabilgarria izan daiteke? Bi baldintza nagusi bete behar dira erantzuna baiezkoa izateko. Alde batetik, eremu bakoitzean lanean aritzen direnek (mezu igorleek) eremuaren inguruko ezagutza eta euskara menperatu behar dute. Bestalde, mezua jasoko dutenek euskaraz jakin behar dute.

Garbi dago hezkuntzan eta zientzien komunikazioan bi baldintzak betetzen direla. Adibide garbia hezkuntzakoa da. Gaur egun, unibertsitate ikasketak euskaraz burutzen ahal dira, eta euskaraz ikasten duten ikasleek ez dute desabantailarik beste hizkuntzetan ikasten duten ikasleekin alderatuta. Bestalde, zientziaren dibulgazioa eta komunikazioa euskaraz egiten da ere bai, ohiko hedabideetan zein interneten, eta jende ugarik kontsumitzen du. Hortaz, garbi dago bi eremu hauetan, euskara zientziarako balio duen hizkuntza dela, munduko bertze edozein hizkuntza bezala.

Ikerketa munduaren kasua, ordea, desberdina da, zientzia esperimentaletan bederen. Eremu honetan argitaratzen diren artikulu teknikoak, gaian espezialistak direnei zuzenduak daude. Hauek oso talde mugatua osatzen dute mundu mailan, eta edozein herrialdetakoak izan daitezke. Hori dela eta, ekarpen hauek hizkuntz amankomun batean izaten dira: ingeleraz. Ingelera ez den bertze hizkuntzek lekua oso mugatua dute eremu honetan.

Laburbilduz, euskarak zientzia munduan bertze edozein hizkuntzak betetzen duen papera betetzen du, puntako ikerketen argitalpenetan ezik bertze eremu guztietan.

Diseño y desarrollo Tantatic