Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Pasa pintzela mihise beltzetik
Gorriz, horiz… eta berriz gorriz gainmarratutako banderen mainstream eguna igandekoa, otsailaren 10ekoa. Lo zegoen arranoa kaiolatik atera da, eta Colon plazan pausatu; hor dirau, eta ez du urrun ihes egiteko intentziorik. Argazki arriskutsua utzi zuen egunak harrizko oholtza gainean: eskuin-hirukotea batera, jendetza berdinaren aurrean. Hemendik hilabete batzuetara Espainiako gobernuan izan daitekeen aliantza atzerakoiaren lehen itzala da.
Hainbatetan galdetu izanen diogu gure buruari non dagoen tolerantziaren muga, noiz arte utzi behar zaion garrasika dagoen horri Estatuko minorien kontrako diskurtsoa zabaltzen. Irrazionalismo eta erreflexio eza jarduten duten taldeak dira mozorrotutako izua haien diskurtsoen zentroan jartzen dutenak; hauek dira ideologia arriskutsuak babesten dituztenak.
Espainiar nazionalismo hutsala gero eta botere kuota handiagoak hartzen ari da. Telebista, egunkari eta irratietan panfleto politiko gogorrak txertatzeko gaitasuna dute; M15-ko mugimenduak demokraziaren izenean betetzen zituen kaleak demokrazia berberaren zigor mekanismoak gogortzeko eskatzen dituen horrek bereganatzen ditu orain.
PP, Ciudadanos, UPN, VOX, Falange Española i de las Jons , Hogar Social, España 2000. Bidaideak garrantzitsuak dira nor zaren jakiteko.
“No estamos teniendo más demanda de euskera quizá porque estamos ofreciendo otro idioma, que es el inglés en toda Navarra”, Yolanda Barcinak 2013an telebista kate batean eskainitako elkarrizketa batean esana. Ez, dena ezin da onartu, iritzi guztiak ezin dira errespetatu. Balore dogmatiko tradizional batzuen arabera minorien askatasuna urratu nahi digun horrek ez du lekurik gizartean; eta ez du lekurik gizarte horren osasunaren mesedetan, alegia. Gehiengo homogeneoen izenean jarduten duten intoleranteei erantzun bat: mila kolore. Hitz beltzak izkutatzeko ez dago aniztasunaren koloreak unibertsalizatzea bezalakorik. Migratzaileak, emakumeak, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak, gazteak, hizkuntz gutxituen kultura biziak… Gu gara gizartearen aberastasuna, eta zuen balore tradizionalak haustera etorri gara.