Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2014-06-15

Zientzia, zertarako?

Ohikoa zaigu ikerketa zientifikoan gabiltzanoi, gure lan esparrua ezagutzean, jendeak ondorengo bi galderak egitea: “Konkretuki, zer ikertzen duzu?“. Normalean, erantzun labur eta azkarra emanda, bigarren galdera dator: “Eta horrek, zertarako balio du?”. Galdera hau entzunda, ikertzaileok normalean gure lana justifikatu beharrean ikusten dugu gure burua. Horretarako, zientziari esker (eta konkretuki gure esparruan) lortutako aplikazioak aipatzen ditugu. Baina, hau al da zientziaren eta zientzialarien helburu nagusia? Aplikazioak lortzea? Nire ustez, ez.

Lehenik eta behin, zientzia hitza modu zabalean erabiltzen dut. Bertan, zientzia esperimentaletaz gain (kimika, fisika, biologia, eta abar), gizarte eta giza zientziak, osasun zientziak, eta abar, ere sartzen ditut. Jakintza-arlo hauetan egiten den ikerketa bi motakoa da, orokorrean (esparru bakoitzak dituen berezitasunak kontutan hartu gabe): oinarrizko ikerketa, eta ikerketa aplikatua. Modu laburrean, eta agian sinpleegi, ikerketa aplikatuak oinarrizko ikerketan ikasitakoa erabiltzen duela esaten ahal dugu.

Hortaz, nire ustez, oinarrizko zientziaren helburu nagusia ikastea da. Gure munduari, unibertsoari buruz, baina baita gure buruei buruz. Horrela, nor garen eta inguratzen gaituen gertuko eta urrutiko mundua nolakoa den hobeki ezagutzen ahal dugu. Ez dugu ahaztu behar ezagutzak gizarte eta indibiduo gisa engainuetatik (datorren eremutik etorrita) babesten gaituen tresna dela. Ezagutzak  askeago egiten gaitu.

Planteamendu honek badu bere erantzuna, ordea. Oinarrizko ikerketaren helburua ez bada ezer  zehatza, praktikoa, egitea, zergatik finantziatu behar dugu diru publikoarekin? Ez al da dirua alferrik galtzen, batez ere garai txar hauek pasatzen ari garenean? Zentzuzko galdera hauen aurrean, nire ustez erantzun egokia du Jesus Ugalde gure taldeburuak eta Jakiundeko presidenteak: “Praktikoena, teoria on bat da”.

Kontraesana dirudien hau ez da kontraesana, ordea. Adibide moduan, nire esparrutik ezagunago egiten zaidalako, teoria kuantikoaren garapena erabiliko dut. XX. mendearen hasieran, fisikari eta kimikariak atomo eta molekulak osatzen zituzten partikulen propietateak aztertzen ziharduten. Zertarako? Garai hartan,beraien helburua natura ulertzea zen, gertatzen zena ulertzea. Fenomeno bitxi horiek azalduko zituen teoria garatzeko, hiru hamarkada behar izan zituzten. Praktikoa? Epe laburrera again ez zirudien, baina Teoria Kuantikoaren garapenari esker, gaur egun erabiltzen ditugun tresna elektronikoak garatu ziren. Eta adibide konkretu bat jartzearren: atomoen nukleoen propietate bat ezagutzeari esker, spina, gaur egun medikuntzan oso lagungarria den teknika dugu, Erresonantzia Magnetiko Nuklearra.

Hortaz, garbi izan behar dugu Zientziaren helburuetako bat badela gure bizitza hobetuko duten aplikazioak garatzea, baina hau ez da helburu nagusiena. Gure buruari eta munduari buruz ezagutza ahalik eta zehatzena lortzea da, nire ustez, helburua, bidean disfrutatuz gainera. Azken finean, ezagutza honek askeago egiten gaitu, eta bestalde, aplikazioak garatzeko biderik ziurrena da ere bai, epe erdira eta luzera.

Sarrera honek  #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

Diseño y desarrollo Tantatic