“Lanbide hau gustuko baduzu bizimodu bat bilakatzen da”
Barañainen bizi izan zituen bere lehen urteak Aitor Campion Gamboak, hala ere, oso gazte zelarik Arruazun, amaren herrian, topatu zuen bere lekua.
Artzain lanbideak asko eman dio arez geroztik, 2009 urtean beste bi bazkiderekin batera Albi Gaztandegia sortzea erabaki zuten. Urriaren 25ean, Artzai Gazta Elkarteko Lehendakaria izendatu dute, Plazaberrik berarekin egoteko aukera izan du Aralar mendiaren magalean.
Noiz izendatu zintuzten elkarte honetako lehendakari?
Urriaren 25ean Batzar orokorra egin zen, eta bertan bozketa baten bitartez aukeratu ninduten lehendakari.
Zenbat denbora daramazu elkartean?
Lehendakari hautatu baino lehenago Nafarroako arduradun bezala egon naiz bost hilabetez. Lehenago aipatu dudan batzar horretara, azken lehendakariaren dimisioa iritsi egin zen, eta bozketan ni aukeratu ninduten.
Zeintzuk dira elkarte honen eginkizunak?
Artzai Gazta Elkartea Hego Euskal Herrian kokatzen da, eta guk gure ardien esnearekin gazta egiten dugu. Elkarte honetako kide guztiak artzainak gara, 106 guztira. Harrera teknikoa eskaintzen dugu gaztandegietan, artzain gaztaren gizarteratzea komunikabideetan, salmenta laguntza, horiexek dira elkartearen eginkizunak. Duela hogeita hamabost urte sortu zen, eta bere garaian artzainek elkarrekin indar gehiago eman zezaketela ulertu zuten, hortaz, horixe sorrerako helburua.
Ezaugarri nagusia beraz, zuen esnearekin egindako produktuen ekoizpena da ezta?
Hala, da. Hori da ezaugarri garrantzitsuena eta beti ardi Latxez osaturiko artaldeetatik ateratako esnea izan behar da.
Nola bukatzen du Barañaindar batek Arruazun, Aralar mendiaren magalean?
Ni Barañainen bizi nintzen txikitatik eta amaren herria Arruazu izan da. Asteburuetan, Aste Santuan, Udan, Arruazura etortzen ginen, egonaldi guztiak herrian egiten genituen. Barañain, nahiz eta ez oso handia izan, handia geratu zitzaidan niri eta 100 biztanleko herri honetara etorri nintzen bizitzera. Hasiera batean, artzain izateko inolako intentziorik gabe etorri nintzen, hori onartu beharra daukat.
Behin hemen bizitza eginda, ikusi genuen bai nire bazkideek, eta baita nik ere, artzaintza zela bizitzan behar ditugun gauzak ematen zizkigun lanbidea. Aurrera pausoa eman genuen, eta Albi gaztandegia sortzea erabaki genuen.
Zer ematen dizu lanbide honek?
Herrian bizitzea, herrian lan egin, animaliekin, naturarekiko bateratasun hori lortzea, eta lasaitasuna gehienbat. Herrian bizitzea gustatu behar zaizu, bestela, akabo. Niri txikitatik asko gustatu izan zait hemengo bizitza, eta pozik nago horrela. Hogeita bi urterekin gurasoei herrira bizitzera nindoala esan nienean, harrituta gelditu ziren, baina gutxika-gutxika nire lekua topatzen ari naiz. Hala ere, Barañainekin harremana mantentzen dut, lagunak, ezagunak, eta herriarekin orokorrean baita ere.
Zein urtean sortu zenuten Albi gaztandegia?
Erabakia 2009 urteko hasieran izan zen, eta azaroan ukuilua eta gaztandegiaren muntaketarekin hasi ginen. Gazta egiten berriz, 2011ko otsailean hasi ginen. Hiru bazkide gara osotara, Xabier eta Aritz Gamboa anaiak direnak eta lehengusuak niretzat, eta ni neu.
Lan asko al du lanbide honek?
Bai, beste lanek bezala. Garaiaren arabera astunagoa izan daiteke, ala ez. Oraintxe bertan, ardiak umatzen daude eta lan dezente dugu, uda lasaiagoa izaten da. Garai ezberdinak daude urte osoan zehar. Batzuetan denbora libre gehiago izaten dugu eta beste batzuetan ez. Orain elkarteko lehendakari izendatu nautenetik denbora gutxiago daukat, ala gehiago banatu behar dut behintzat. Ardiek ez dute jai egunik, hala ere, hiru bazkide garen aldetik, asteburu bat libratzeko moldatu egiten gara, udan ere opor txiki batzuk har ditzakegu.
Noiz hasiko zarete gazta egiten?
Orain azaroan, ardiak umatzen egoten dira eta arkumeekin egon behar dute, eta behin arkumeak kentzen hasten garenean, abenduan, gazta egiten hasiko gara ekaina arte.
Ekainean mendira igoko gara ardiekin eta bertan egonen gara urria iritsi arte. Urria eta gero, berriz ere Arruazu aldera jaitsiko gara artaldearekin.
Lehenagoko artzainen antzik ba al duzue?
Batzuetan mendian lotan geratzen gara bai, beste batzuetan ez. Kar-kar. Gaur egungo teknologiek sekulako abantailak ematen dizkigute, autoarekin nahi dugunean igo eta jaitsi gaitezke menditik. Iraganeko artaldea dugu, kopuru berdina, ardiaren bizimodura moldatzen gara, baina, teknologia berriek ematen dizkiguten erosotasunak erabilita. Sektore hau modernizatu beharra dago ere.
Beste bizimodu bat eskatzen du lanbide honek?
Sekulako bizimodu aldaketa antzematen da. Hiriburuan bizitzetik, 8 orduko lanbide batekin, asteburuak libre, oporrak, eta artzaintza beste lan mota bat da. Lanbide hau gustuko baduzu bizimodu bat bilakatzen da.
Nola ikusten duzu artzain mundua?
Artzainak badirudi zahar jaiotzen direla, eta ez da hala. Artzai Gazta Elkartearen kasuan, esate baterako, hamar urtetan adinaren batez bestea, hamar urte jaitsi da. Horrek esan nahi du, gazte jende asko sartzen ari garela, eta artzain zahar batzuen seme-alaben belaunaldiek hartu dutela ustiategia eta aurrera goazela.
Elkartean, zer duzue esku artean?
Aldaketa handirik egiteko asmorik ez dut oraingoz. Lehendakaria naiz, baina batzorde bat dago nirekin batera lanean, eta lurralde bakoitzean arduradun bat dago. Orain arte egindako lana aurrera eramaten saiatuko gara, gauzak hobera aldatzeko aukera ikusten badugu, eginen dugu, eta garai berrietara moldatuko gara. Lan ildo garrantzitsua parte hartzea deritzogu. Artzain guztiek parte hartzaile izateko aukera izan behar dute Elkartean.