2024ko azaroak 25a. Emkumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Berriro ere.
Egun seinalatua dugu A25a militante feministok, urte osoan zehar lanean egon ostean erreferentzia lortu duen eguna baliatzen baitugu kaleak modu masiboan hartzeko. Indarkeriarik gabeko bizitza batzuk posible direla aldarrikatzeko eta erantzukizuna dutenek ardurak hartu ditzaten salatzeko.
Atzo ere Barañainen kaleak hartu genituen. Goizean ikastetxeetan mobilizazioak egon ziren, Alaitz institutuan, Ikama ikasle antolakundeak kontzentrazioa deituta 11:00tan. Arratsaldean aldiz, herri mailako deialdia egin zuen Barañaingo Mugimendu Feministak 18:30tan argazki kolektiboa eta 19:00tan zutabea eginez Iruñeko manifestazio zentralera. Gazte Feministek ere, deialdi horietan parte hartu zuten, herri mugimenduarekin bat eginez.
Gazte feministei dagokienez, hilabete luzea antolatu dute, “Indarkeriaren aurrean, gazte feministon autodefentsa feminista hilabetea” lelopean haien beharretara egokitutako eta moldatutako egitarau oparoarekin. Esaterako, hilabete irekiera eta itxierarako bestelako aisialdi guneak eraiki, gozatzeko eta gazteen arteko aliantza feministak sendotzeko zein normalean okupatzen ez dituzten espazioak bereganatzeko aukera izanik. Hitzaldi eta tailer ezberdinen bidez gazteen bizitzak zeharkatzen eta baldintzatzen dituen indarkeria matxista ezaugarritu, eguneroko egoerak problematizatu eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kolonial eta kapazitistari aurre egiteko beharrezko tresnak eraikitzen hasi dira.
Bakoitza bere eremuetan bada ere, Barañaingo feministek argi utzi dure ikastetxeak, kaleak, aisialdi espazioak eta herria bera iraultzen jarraituko dutela. “Salaketa egiten jarraituko dugu, boteretze kolektiboa eta aliantzen bidez aurrera eginez”. Baina argi utzi dute ere “nahikoa dela autodefentsa terminoetan aritzeaz, nahikoa dela berbiktimizazioaz, nahikoa dela albiste beldurgarriak normalizatzeaz… nahikoa da”. Aurtengo leloak zioen bezala “konponbidea ez bazara, arazoa zara. Yesallmen!” Fokoa, gizonengan jarri du aurten mugimendu feministak: “Pribilegioei uko egin nahi ez, eta indarkeria gure bizitzen eta gorputzen gainean bolkatzen duzuen gizonei ardurak hartzeko exijitzen dizuegu. Lankide, lagun, enpresari, politikari eta familiakide guztiak ere konplizeak zarete. Si no sois la solucion, sois el problema, aurrean izango gaituzue”.