«Orokorrean jendeak pentsatzen du matxismoaren mamua jada suntsitutako zerbait dela»

Maia Ansa Diez de Ure (Argazkia:Utzitakoa)

SARAI ROBLES | Maia Ansa Diez de Ure 24 urteko Iruñean bizi den barañaindarra da. Alaitzen ikasi ostean, NUPera salto egin eta Gizarte Lana hautatu zuen graduko ikasketa bezala. Lisboan Kriminologia eta Erreinserzio Soziala postgradua amaitu ondoren, Iruñerriara bueltatu zen. Orain EHUn Berdintasun Masterra online egiten ari da, lanean diharduen aldi berean.

Bere lana, "Indarkeri Zurrumurruak" deiturikoa, irabazle izan da Topatu.info komunikabidearen “Bistaratu Mikromatxismoak” lehiaketan, lan idatzien kategorian. Bertan egunerokotasunean ezkutatzen den indarkeriaz mintzo da Maia.

Beregana jo dugu bere lanaz eta mikromatxismoetaz gehiago jakin nahian.

Zergatik erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Lehiaketan parte hartzea erabaki nuen aukera polita iruditzen zitzaidalako idazmen landuaren indarraz transmititu nahi ditugun mezuak zabaltzea. Aurten gai horri, eta genero ikasketari orokorrean arreta berezi bat ematen ari naizen aldetik, iniziatiba interesgarria iruditu zitzaidan.

Oso interesgarria iruditu zaigu zure lana. Idazteko zaletasunik daukazu?

Beti gustatu izan zait idaztea. Egia esan, gaztetxoagoa nintzela izugarri gustoko nuen idaztea, espresio bide nagusia nuen papera eta boligrafoa hartu eta barrua hustearena. Baina denborarekin eten egin nuen eta berriz ere badirudi piztu zaidala gogoa. Lehiaketak ere animatu egin nau horri berriz heltzen.

Mikromatxismoen gaiari helduz... nola heldu zara haien inguruko kontzientzia maila hori izatera?

Betidanik transmititu izan dizkidate ideia feministak etxean. Baina heldutzen joan naizen heinean, iritsi izan zait momentua zeinean gai hau nere bizi proiektuaren barne aktiboki landu nahi izan baitudan. Duela urte batzuk hasi zitzaizkidan esnatzen zenbait ardura, gizartean ikusten nituenak eta pertsonalki bizi izan ditudan esperientzi askok mugitu dituztenak. Zenbait kezka edo zalantza, buruhausteak eta jakin-minak. Aurten Emakume eta gizonen arteko Berdintasun Masterra egiten ari naiz EHU-n, genero ikuspegia lantzen duena. Eta esan beharra daukat edozeini gomendatzen diodala, bakarrik (gutxi balitz) pertsonalki izango duen bizipenarengatik bada ere. Aberasgarria benetan. Eta beharrezkoa.

Zure ustez, nolakoa da Barañainen egoera mikromatxismoen inguruan?

Barañainen dagoen egoera, arlo honetan, beste herri edo hirien antzerakoa dela esan genezake. Ni Iruñean bizi naiz, Barañain gertutik ezagutzen badut ere. Eta iniziatibak badaude, mugimendu alternatiboak eta honakoa bezalako komunikabide eraldakorrak; hasiak gara arlo batzuetan gai hauek lantzen. Baina teorikoki dioguna eskasa gelditzen zaigu hain barneratuta ditugun fenomeno hauen aurrean. Lanketa sakonago eta orokorrago baten beharra dago.

Mikromatxismoak, eta hain “mikro” ez direnak ere, jarrera eta jokabide barneratuak dira, naturalak kontsideratzen ditugunak. Eta naturalak diot, uste baitelako mikromatxismo gehienak, behin identifikatuta ere, ezaugarri natural (biologiko) eta ohikoengatik gertatzen direla. Eta hor egiten dugu talka. Garaietan zehar gizarte ereduak garatu diren heinean egokitu dira ere emakumeen kontrako indarkeriak, geroz eta sutilagoak edo ezkutuagoak bihurtuz. Baino horrek ez du esan nahi existitzen ez direnik, identifikatzea zailagoa dela ordea bai, hausnarketa sakonagoaren beharra dagoela. Sistema patriarkal eta kapitalistaren onurarako gertatzen diren fenomenoak baitira, beste eragin askoren artean, emakumeok posizio subordinatu eta balorizatu gabeko batetan kokatzen gaituztenak.

Mikromatxismoak bizitzako arlo guzti-guztietan ikusi ditzakegu. Gure baloreak oinarri harturik burutzen direlako. Hezitzen gaituzten instituzio guztiek transmititzen dizkigute balore hauek, konsziente hala inkonszienteki esaten digute nolakoak izan beharko genukeen, familiak, eskolak, komunikabideek (hauek funtsezko papera burutzen dute) batez ere publizitatea eta irudikatzen dituzten idealekin influentzia bortitza sortuz. Bakoitzaren funtzioak ditugu erabat finkaturik, markaturik. Eta gure ideologia dena delarik, bide hori jarraitzen ez dugula esateak guztizko hutsunean erortzea suposatzen du. Fenomeno honek ez duelako oraindik praktikan dimentsio hori gurutzatu.

Gure arteko erlazioetan indarra oso hartua dute, etxean ditugun jarrera eta betekizunetan, bikotekidearekin daramatzagun dinamiketan (bereziki maitasun erromantikoa eredu harturik), eta kalean eta festa giroetan esaterako dauzkagun jokabideetan ere nabarmentzen dira mikromatxismoak. Emakumeok eta gizonek dituzten eta ditugun jokaera asko eta askoretan gelditzen dira genero rolak agerian, etengabean. Gure autoestima erregulatzeko ditugun irizpideetan eta gure burua maitatu edo gorrotatzeko dugun moduetan ere. Besteekiko eta gurekiko espektatibatan.

Gazteria hasiak gara esnatzen eta aldarrikatzen, zentzu hortan ideia berriak barneratzen, baina badugu jada barruraino sartuta, gure identitateetan, oso zehazki markatutako bidea. Badaukagu erronka garrantzitsu bat, deseraikitze prozesu hortan murgiltzeko. Eraikitze prozesu honetan deseraikitzea baita lehenengo pausoa, ikasitakoa desegin eta berriz egitea, beste modu batera. Bidean, kontraesan ugari sortuko zaizkigu, baina horietan ere, bakoitzaren erabaki eta nortasunaz aurrera egitea uste dut egokiena. Finkaturik gabeko eredu horren aurrean, bakoitzaren aurrera-pausoaz eginez, bakoitzak hautatzen duen erara, errespetuaz.

Nola hobetu daiteke egoera hori zure ustez? Garrantzi nahikoa ematen zaiola uste duzu?

Orokorrean gizartean gertatzen diren fenomenoen inguruan, eta bereziki generoarekin eta gizakiarekin erlazionaturik daudenekiko erabateko ezjakintasuna eta interes falta dagoela pentsatzen dut. Propio eragindakoa, noski. Orokorrean jendeak oraindik pentsatzen du matxismoaren mamua jada suntsitutako zerbait dela eta gaurkotasunean horri loturik planteatzen diren kritikak asmakizunak hala esajerazioak direla. Gizartearen aldetik eta bereziki hezkuntza arlotik asko landu beharra dago gai hauekiko harrera eta lanketa.

Mikromatxismoekiko joera hori hobetzeko lehenengo pausoa, nire ustez, informazioa eskuratu eta zertan datzan jakitea da. Eta ondoren eta funtsezkoa dena, norberak bere burua aztertzea. Erreza da esatea, gizarteak duen gaitza dela joera hori, baina ezin dugu ahaztu guztiok osatzen dugula gizartea. Eta funtsezkoa dela bakoitzak bere buruari so eginez deskubritzea bakoitzaren azalean bizitzen eta burutzen ditugun mikromatxismoak. Harritu egingo ginateke zenbatetan egiten diguten kalte.

Merezi duen arreta ematea, gaiarekiko existitzen diren mitoen gainetik pasa eta aurrerago jotzea. Jakitea mikromatxismoak ez direla emakumeon arazo bat soilik, ez dela gure kontua, guztion borroka dela, guztion ongizaterako bidean, gizarte berri bat eraiki nahi badugu behintzat.

Gaur egungo egora sozio-politiko-ekonomikoak eta sistemak orokorrean kontrako indarra egiten dio halako problematiken aurkako iniziatiba guztiei. Iruñerriko kolektibo asko hasi izan dira dinamika eraldakorrak mugitzen, ideia feministak zabalduz eta aldarrikapen asko kaleratzen. Benetan ikusgarriak diren proiektuak sortzen. Baina egia da ere, mugimendu sozial askotan planteatzen ditugun aldarrikapenak, larunbat gauetan galtzen ditugula, festa giroetan eta pare bat kaña hartuta bereziki.

Pixkanaka jendartearen pentsakera eraldatuz joanen delakoan, honelako iniziatiba, lan eta dinamikek ugaltzen jarraituko dute.

Itzulpena > Traducción

Entrevista a Maia Ansa Díez de Ure

En esta entrevista realizada por Sarai Robles a Maia Ansa Díez de Ure, berinianensa de 24 años que en la actualidad reside en Pamplona, Robles y Ansa hablan sobre micromachismos, «actitudes y comportamientos interiorizados como naturales» que el sistema patriarcal y capitalista emplea para su propio beneficio y que sitúan a las mujeres en un estado subordinado e infravalorado. Maia Ansa Díez de Ure ha sido la ganadora recientemente del concurso “Bistaratu mikromatxismoak” (Visualiza micromachismos) del medio comunicativo Topatu.info en la categoría de trabajos escritos con “Indarkeri zurrumuruak” (Rumores de violencia). Antigua estudiante del instituto Alaitz, Graduada en Trabajo Social, en la actualidad está realizando el Master de Igualdad entre Hombres y Mujeres de la UPV-EHU. 

Multimedia

Diseño y desarrollo Tantatic