2013-11-06 Kirola · Deporte

«Gauza batzuk alde batera utzi behar izan ditut, baina futbolak ere beste asko eman dizkit»

Foto: Plazaberri

Ainhoa Tirapu ezezaguna izanen da askorentzako nahiz eta goi mailako kirolaria izan. 29 urteko gazte barañaindarrak Lagunakeko harrobian hazitako futbolaria da eta 2005tik Athletic Clubeko atezaina da. Baita, Espainiako selekzioan aritzen da eta guzti hori gutxi balitz, Kimikako doktoretza egiten ari da Bilboko Unibertsitatean.

Nola hasi zinen futbolean? Beti amestu duzu futbolari bihurtzeko edo beste kirolak probatu zenituen eta honetan bukatu duzu?
Kirol asko probatu nituen baina futbola zen gehien gustatzen zitzaidana. Hasi nintzen defentsa moduan baina ez nintzen oso ona eta taldean pentsatu zuten atezain gisa ongi egingo nuela. 10 urtekin hasi nintzen futbitoan jolasten eta 14 urtekin Lagunakera joan nintzen, gero Badajozeko Pueblara eta orain Athleticen nago.

Nola gogoratzen dituzu Lagunakeko urte horiek?
B taldean hasi nintzen eta gogoratzen dut ez ginela oso talde ona, gol pila bat sartzen zizkiguten. Gero A taldera pasa nintzenean hasi nintzen nazionalean jolasten, eta handik superligara egin nuen jauzi. Lehenengo denboraldiak onak izan zirela uste dut, Lagunakekin denboraldi onak egin genituen superligan, 10. postuan, 7. postuan... hor mantentzen ginen nahiko ondo eta oroitzapenak onak dira.

Nola sortu zen Badajozera joateko aukera hori?
Pueblako taldea orain ez da existitzen, baina lehen izen handia zeukan, liga bat irabazi zuen eta kopako finalak jokatu zituen. Pueblarekin heldu nintzen lehendabizikoz kopako finalera. Taldetik deitu zidaten, momentu horretan hemen ez nuen asko jokatzen, uste dut 9 partidu jokatu nituela eta niretzat aukera bat zela ikusi nuen. Asmoa kopa jokatu eta urtebete han egotea zen baina berehala deitu zidaten Athletic-etik eta ez nuen asko pentsatu. Gaur egun oso gustora nago Bilbon.

Athletic-ekin denboraldi politak bizi izan dituzu, garaipenez beteak.
Egia esan, Athletic-en iragan nuen lehenengo urtea ez zen oso ona izan beraientzat, ohituta zeuden irabaztera eta bostgarren gelditu ginen baina gero nire bigarren urtean liga irabazi genuen eta hortik aurrera beti egon gara lehenengo hiruen artean.

Liga irabazterakoan zer sentitu zenuen?
Kriston poza, han ohituta daude irabaztera baina niretzat oso gauza berria zen eta jende pila bat egon zen San Mamesen partidu horretan. Ospakizuna oso polita izan zela iruditzen zait: Bilbon egin ziguten harrera, kamioian, jendea kaleetan agurtzeko zain, udaletxean eta diputazioan egin ziguten harrera… oso polita izan zen.

Nola sentitzen zara San Mames bezalako estadio batean jokatzen hainbat jarraitzaileen aurrean?
Gaztea zarenean erraza da zentsu batean, adinarekin beste ikuspuntu batetik ikusten duzu, gaztea zarenean ez duzu balorazio handirik egiten. Han 21 urterekin irabazi nuen liga eta beste era batean hartu nuen. Lehenengo urtean San Mamesen 12.000 jarraitzaile zeuden, baina ez nintzen kontziente izan. Ondoren ikusten duzu ze suposatzen duen zure lana hainbeste jende atzean daramala jakiteak.

Nolakoa da Ainhoaren egun bat?
Normalean esnatu, gosaldu eta unibertsatera noa, doktorautza egitera, han sartzen ditut ahal ditudan ordu gehien entrenatzera joan baino lehen. Arratsaldeko 16:00etan joaten naiz entrenatzera eta gaueko 20:30etan heltzen naiz etxera, afaldu eta ohera, hurrengo eguna berdina delako.

Ze doktoretza egiten ari zara?
Kimika doktoretza da. Meatz baten ondoan aireak duen metal kontzentrazioa aztertzen dut; gutxinaka ari naiz. Lehenago metalak meatz horretan, lurrean, aztertzen egin nuen masterra eta orain doktoretza egiten ari naiz airea aztertzeko. Normalean orduak izaten ditut dena egiteko, baina selekziora joan behar dudanean zaildu egiten zaizkit gauzak, adibidez, orain 15 egun daramatzat unibertsitatetik pasa gabe.

Bestelako afiziorik ba al duzu? Horietarako denborarik al duzu?
Orain hasi naiz txalupak gidatzeko karneta ateratzen. Itsasoa nahiko gustatzen zait. Horrek ere kentzen dit denbora baina gustora egiten dut, uste dut etorkizunerako ere ondo etorriko zaidala, kutsadura eta itsasoa oso erlazionatuta baitaude.

Gauza askori uko egin behar izan diozu?
Ez daukat denbora librerik, lagunak gutxitan ikusten ditut ez badira taldeko lagunak eta familia ere gutxitan ikusi dezaket, egon naiteke 6 hilabete etxera etorri gabe. Gurasoak Bilbora etorri daitezke baina ahizpa Madrilen bizi da eta gutxitan ikusten dut. Gauza batzuk alde batera utzi behar izan ditut, baina aukera bat da eta futbolak ere beste gauza asko ematen dizkit. Gehienbat selekzioarekin nagoelako ez daukat denborarik, libre ditudan asteburuak selekzioarekin bainago.

Noiz arte pentsatuta duzu futbolean jarraitzea?
Ez dakit, ekainean bukatzen zait kontratua. Ez dakit klubak ze eskainiko didan baina momentuz ondo nago nagoen moduan. Athletic-en oso gustora nago eta ematen dizkidan baldintzak ez ditut beste tokietan izango, hori ere pentsatu behar duzu aukerak mahai gainean dituzunean.

Uste duzu emakume futbolariek, edo emakume kirolariek orohar, gizonezkoen parean zailtasun gehiago dituztela?
Ezberdina da oso, emakume profesional gutxi daude eta entrenatzen duena gero lan egin behar izaten du, edo ikasi edo beste zeozer egin. Baita nesken kirola pixka bat alderatuta dago hemen, ez du laguntza handirik jasotzen. Aurrerapausoak ematen ari dira, emakumezkoen kirola emaitza oso onak lortu dituelako eta horrekin gero gauzak eskatzera joaterakoan errazagoa da. Baina emakumeek badakigu gure kirolari bizitzak 35 urtera arte, batazbeste, iraungo duela eta hortik aurrera beste zerbait bilatu beharko dugula. Emakumeek ez daukagu profesionaltasun hori, egun osoa gure gorputza futbolera begira lantzeko aukera hori. Saiatu behar gara ahal den heinean bi gauzak batera egiten, lana eta kirola, eta hoberen egoten.

Laguntza izan duzu ibilbide honetan?
Bai, nire kirol ibilbidea eta kimikari ikasketak aurrera ateratzeko jende askoren laguntza behar izan dut. Pertsona bakarra ezin du dena aurrera atera.

Bekarik jaso al duzu?
ADO beka izan nuen eta EHUk ere beka bat dauka urtero ateratzen ez dena baina dirua dagoenean bai. Hura jaso dut behin baino gehiagotan. Baita Miguel Indurain Fundazioaren beka bat izan nuen behin, baina horiek puntualagoak dira. Orain Eusko Jaurlaritzako Basque Team beka eskatu nahi dut, kirolarientzat den beka bat da, ADO parekoa. Merituak egin behar dira baina uste dut betetzen ditudala eta ea zortea dudan.

Itzulpena > Traducción

«He tenido que renunciar a algunas cosas, pero el futbol también me ha aportado mucho»

Quizá no sean muchos los que conozcan la trayectoria de Ainhoa Tirapu. La joven de Barañain es futbolista de primer nivel pero además de eso es también licenciada en Química y está preparando un doctorado. Salida de la cantera de Lagunak, desde 2005 es portera en el Athletic Club y juega también en la selección española. En esta entrevista nos cuenta cómo fueron sus inicios, cómo ha llegado a donde está y qué espera en el futuro, además de hablarnos de cómo ve el deporte femenino y qué le ha aportado y restado una vida ligada desde joven al deporte y al estudio.

Diseño y desarrollo Tantatic