Balerdi Balerdi eta Bide Ertzean bihar Auditorioan
Iruñeako eta Tolosako bi talde mitiko hauek kontzertua eskainiko dute Barañainen arratsaldean
Hitzordua bihar gauean da 20:00etan Auditorioan. Bertako agertokira igoko dira bi banda mitiko batzuen kideak, alde batetik, Balerdi Balerdi iruindarrak eta bestetik Bide Ertzean tolosarrak. Lehenengoek 2012an aurkeztutako diskoaren abestiak kantatuko dituzte, "Hegoko lautaden ertzetik" diskoa alegia, eta bigarrenek aurten plazaratu duen lanaren abestiak, "77" titulukoa. Bide Ertzeanek aurreratu duenez, emanaldiaren amaieran «sorpresa itzela» izanen da.
Balerdi
Balerdi Balerdi euskaraz abesten duen power-pop taldea da. 1990ean sortu zuten hainbat musika taldeetan ibilitako musikariek: Toño Muro ahotsa eta gitarrak Tocamas, Fuletamol, Motos eta Fiebre taldeetan ibilitakoa zen, Marino Goñi baxuarekin batera azken hiru talde horietan. Sergio Ibarrola "Zara" bateria eta Blanka Izkue teklatua ezagutu zituzten eta Balerdi Balerdi taldea sortu zuten, denborarekin Patxi Goñi, Marinoren anaia batu zitzaiela.
Taldea sei urte iraun zuen baina denbora tarte horretan bi disko eta binilo bat argitaratu zuten. Garaiko gaztetxeetan eta tabernetan hainbat kontzertu eman zituzten eta horren lekuko "Lore etxean" abesti ezaguna idatzi zuten, Iruñeako gaztetxearen aldekoa.
Beren lehenengo lana Goñi anaiek sortu berri zuten Gor disketxearekin plazaratu zuten 1991an -biniloa- eta 1993an diskoa kaleratu zuten "Ez gara galdu" izenburupean. Abestiek Erresuma Batuko pop eta mod doinuak uztartzen zituzten (The Jam, The Kinks, Elvis Costello...) AEBetako folk eta rock taldeen doinuekin (Neil Young, REM, The Smithereens). Hirugarren lana 1997an atera zuten eta kontzertuak ematen oso gustora zeudela aitortu arren, ez zuten bestelako diskorik argitaratu, 2000. urtean IKAren aldeko diskoan parte hartu zuten arte. Bederatzi urteren ondoren, berriro elkartu ziren Muro, Goñi eta Zara musikariek eta Balerdi Erdi izenarekin kontzertu batzuk eman zituzten. Elkartze horren fruitua 2012an argitaratu zuten "Hegoko lautadaren hertzetik" lana da, Balerdi Balerdi izena bereganatuta oraingoan. Lan honen aurkezpenean Petti musikari beratarraren kolaborazioa izan dute.
Bide Ertzean
Tolosako taldeko lagunek ere ibilbide luzeko musikariak dira. Deabruak Teilatuetan rock taldeko musikariek sortu zuten Bide Ertzean taldea 1998an, lehenengoaren alternatiba akustikoa eman nahian. Hasieratik rock musika eta poesia uztartu nahi izan zuten eta horretarako, besteak beste, Aranbarri, Otamendi eta Izagirreren poemak musikatu zituzten.
Gaztelupeko Hotsak disketxearekin atera dituzte orain arte argitaratutako lan guztiak: 1999an, 2000an, 2002an eta 2004an disko labur bat eta lau luze argitaratu zituen; 2009an zuzeneko diskoa eta DVDa grabatu zuen Tolosako Leidor antzokian, "Don Inorrez" (2010) eta 2010ean 36ko gerran inspiratutako diskoa atera zuten "Non dira". Azkenik aurten “77” izenburuko lana plazaratu dute. Diskoaren izenburua 1977 urtera egiten du erreferentzia, urte horretan taldekide baten senide bat hil baitzuen Goardia Zibilak kontrol batean eta data horietan oinarrituta hainbat idazleek testuak sortu dituzte diskorako.
Hasiera batean bost musikarik osatzen zuten taldea: Imanol eta Joni Ubeda anaiek, Karlos Aranzegi, Fran Iturbe gitarrista eta Labrit kantaria, baina gaur egun hirukote bilakatu dira: Ubeda anaiek -ahotsak, gitarra eta baxua- eta Aranzegi bateriak. Musika aldetik power-pop eta folk-rock talde bezala definitu daitezke.
Sarrerak
Sarrerak aldez aurretik eskuratu daitezke 10 eurogatik Auditorioaren txarteldegian -18:00tatik 20:30etara-, Karrikiri eta Auzolan dendetan edo Arturo Kanpion eta Sahats euskaltegietan, %20ko deskontuarekin ikasleentzat. Egunean bertan txarteldegian erosi daitezke 12 euroren truke.
Itzulpena > Traducción
Concierto de dos grupos míticos en el Auditorio
Los pamploneses Balerdi Balerdi y el grupo de Tolosa Bide Ertzean ofrecerán mañana un concierto en el Auditorio a las 20:00, en el que se interpretarán canciones de las dos formaciones y habrá alguna sorpresa más. Balerdi Balerdi surgió en 1990 como un quinteto formado por músicos de otros grupos como Tocamás, Fuletamol, Motos y Fiebre y tras un parón de 15 años en 2012 editaron su último trabajo, esta vez convertidos en trío, que presentarán en Barañain. Por su parte, Bide Ertzean surgió en 1998 como una alternativa acústica de Deabruak Teilatuetan y desde su nacimiento ha editado un buen número de discos en los que la literatura y la poesía vasca contemporánea tienen un gran protagonismo. Presentarán también su último trabajo dado a conocer este mismo año.