«Nahi duguna egiten dugu, sormena hesitu gabe. Etiketak jendeak jarriko dizkio diska entzutean»
Hibakusha taldeak bere lehenego diskoa kaleratu berri du hilabete honetan, “Abuztuak 6” izenburukoa. Taldearen abeslaria Silvia Guillen barañaindarra dugu, eta berarekin batera, Ander (bateria), Pedro (kitarra), Iñaki (baxua) eta Indusi (kitarra) osatzen dute taldea. Beren hitzetan itzalak, zauriak eta orbanak aurkituko ditugu, baina ere, itxaropena eta norberaren buruan sinesteko deia. «Musikaren indarrak ustelduta dagoen gizarte batetik ateratzen zaitu gero berpizten laguntzeko», diote.
Nola sortzen da taldea?
Taldea Tears from Hiroshima eta Kerasy taldeak desegin eta gero sortzen da, 2013.urteko hasieran. Tears from Hiroshima-ko taldekideok abeslari bila geunden eta, amankomunean dugun lagun bati esker Silvia aurkitu genuen. Abeslari berriarekin eta horrek suposatzen dituen aldaketekin, (bai soinu aldetik eta bai hizkuntza aldetik ere),taldeari izena aldatzea erabaki genuen eta Hibakusha izenarekin geratu ginen. Ibilbide luzea dugu guztiok, beste hainbat taldeetan egon baikara: Down of the Maya, Kea, Shinigami, Xilum… Talde bezala, berez, ibilbide laburra dugu. Urtebete eskas daramagu elkarrekin, baina ez diogu lan egiteari utzi (diska, grabaketa, lehiaketak, kontzertuak…)
Euskeraz abesten duzue, nola erabakitzen duzue hizkuntza honetan egitea?
Guk beste modu batera planteatuko genuke galdera. Adibidez, eta zergatik ez? Taldean bi euskaldun, euskaldunberri bat eta bi erdaldun daude, beraz, gehienok euskararekiko gertutasuna daukagula esan daiteke. Tears from Hiroshiman ingeleraz abesten genuen abeslari ohiak horrela nahi izan zuelako, baina Silviak argi eta garbi utzi zuen berak euskaraz abesten zuela. Badakigu horrek ate batzuk irekiko dizkigula eta beste batzuk, aldiz, itxi; baina ez genuen kontrako argudiorik aurkitu. Dena den, argudio hau aldatzen doa. Adibidez, hor daukagu Berri Txarrak taldeak ireki duen bidea, euskara atzerrira eramanez. Musika da gure espresatzeko era, eta abeslariak euskaraz egin nahi badu, zergatik ez? Nortasun berezia ematen digu horrek ere.
Taldearen izena nondik dator? Zergatik aukeratzen duzue gertakari hori taldearen izenarako eta zuen lehenengo diskorako “Abuztuak 6”?
Alde batetik, Abuztuaren 6 batean egin genuen aurreko abeslariarekin azkeneko entsegua, Tears from Hiroshima ginela. Gero, taldea utzi zuen, diska kaleratzear geundela. Horrek zeharo etsitu gintuen. Bi urtetako lana, pikutara. Baina, zorionez, Silvia aurkitu genuen eta abesti hoien gainean melodia eta letra berriak egiteko gai izan zen, oso denbora laburrean gainera. Soinua guztiz aldatu genuen, indarberritu ginen eta ilusioa berreskuratu genuen talde bezala. Nolabait, berpiztu ginen.
Beste aldetik, aurreko taldearen izenak Hiroshima-ko genozidioa (abuztuaren 6an gertatutakoa) ekartzen zuen gogora eta, taldearen izena aldatu genuenean, horrekin jarraituz, Hibakusha izena aurkitu genuen. Japonieraz, handik bizirik irten ziren pertsonak izendatzeko erabiltzen duten hitza da. “Abuztuak 6” beraz, guretzat sinbologiaz beteriko data da. Garai baten amaiera eta beste baten hasiera adierazten duena.
Nola definituko zenukete zuen musika?
Galdera hori egiten digutenean inoiz ez dakigu zer erantzun. Metal modernoa? Metal melodiko modernoa? Auskalo…musika potentea, erritmo biziak, kitar melodia zainduak, ahots fresko bezain indartsua…hori litzateke gure musika. Nahi duguna egiten dugu momentu oro, sormena hesitu gabe. Etiketak jendeak jarriko dizkio diska entzutean.
Encuentros 2013 lehiaketa irabazi duzue, sortu eta lehenengo urtean finalera iristea sorpresa izan da? Nola baloratzen duzue zuen parte hartzea lehiaketan?
Sorpresa ikaragarria izan da, bai. Hasieran, ez gintuzten ezta aukeratu ere egin. Baina finalista batek uko egin zion parte hartzeari eta segituan deitu ziguten. Gero, ia konturatu gabe, semifinala pasa eta finaleraino iritsi ginen. Inoiz ez genuke esango, azken finean, badakigu nork antolatzen duen lehiketa…eta guk bi gauza genituen gure kontra. Alde batetik, hizkuntza, eta beste aldetik, musika-estilo potentea, ez-ohikoa lehiaketa honetan. Baina musikari bezala eskarmentua dugu eta gure zuzenekoetan esperientzia hori guztia erakusteko aukera izan genuen. Hori izan zen arrazoia, gure ustez.
Guretzat lorpen handia izan da, zeren, lehiaketa honen 30 urteko historian zehar, irabazle suertatu den lehenengo talde euskalduna baikara, eta “kañeroa” gainera. Eskertzekoa da horrenbeste urte eta gero horrelako aitorpena.
Lehenengo diskoa Bartzelonan grabatu duzue. Nola izan da hori?
Tears from Hiroshima-rekin han grabatu genuen diska, aurreko abeslaria joan aurretik. Gero, abeslariak taldea utzi eta ahotsak berriz grabatzeko bueltatu ginen, oraingo honetan Silviarekin. Edgar Beltri eta Mario Patiño-rekin grabatu genuen (The Eyes, Cohen, La Pegatina…). Esperientzia aberasgarria izan zen, bai musika aldetik, bai pertsonalki ere. Elkar gehiago ezagutu genuen eta prozesu horretan talde bihurtu ginen.
Non aurkitu dezakegu diskoa?
Momentuz taldekideekin harremanetan jarriz eta salmenta pertsonalaren bitartez. Diska tabernetan salgai jarri behar genuenean diskak ia agortu zaizkigu. Bigarren eskaera bat egin dugu eta Barañainen Iratxo eta Akelamendi tabernetan jarriko dugu salgai, 8 euroren truke.
Emarock proiektuan parte hartzen du taldeak, emakume musikarien lana ezagutzera emateko sortutako proiektua. Emakume musikariek zailtasun gehiagori aurre egin behar izaten diote Metal musikaren munduan beren lanagatik aitortuak izateko?
Emarock proiektuan sartzean, honen inguruan emakume bakoitzak bizipen eta iritzi ezberdinak dituela konturatu ginen. Emarock-en esperientziak konpartitzeko eta elkarrekin aberasteko aukera dugu, bai eta komunikazio-sarea eraikitzeko aukera ere, eta hori oso eskertzekoa da. Ni (Silvia), pertsonalki, nire bizipena konta dezaket, baina ez da orokortu behar, oraindik emakume gutxi garelako. Nire kasuan, emakume euskaldun eta metalzale bezala gutxiengo baten parte izateak ateak ireki dizkit kasu batzuetan. Metala jorratzeko indarra behar da, bai eta jarrera agresiboagoa eduki, eta hori, gizonezko batzuen aurrean zaila izan da erakustea. Nolabait, lan bikoitza egin behar izan dudala sentitu dut, nire baliogarritasuna erakusteko. Baina oso harro nago, orain nire ibilbide propioa egin dudalako nire buruari traizioa egin barik.
Non entzun eta ikusi ahal izango zaituztegu?
Momentuz, otsailaren 15ean “Abuztuak 6” diskaren aurkezpena egingo dugu Burlatako Euskal Herria Peñan, Ztk Rap eta NX taldeekin batera, 23:00etatik aurrera (sarrera doan). Kontzertu-data gehiago ditugu konfirmatzeke, baina oraindik ezin dugu aurreratu. Aurten kanpoan jotzeko planak ere ditugu. Dena den, kontzertu-datak gure facebook orrialdean zintzilikatuko ditugu.
Itzulpena > Traducción
Entrevista con Hibakusha
Hibakusha es el nombre que en Japón reciben las víctimas de la bomba de Hiroshima y también es el nombre de un nuevo grupo musical liderado por la berinianense Silvia Guillen, junto con los músicos Ander (batería), Pedro (guitarra), Iñaki (bajo) e Indusi (guitarra). Provienen de los grupos Tears from Hiroshima y Kerasy y acaban de publicar su primer disco “Abuztuak 6”. Ganadores de los Encuentros 2013 en la categoría musical, se trata del primer grupo euskaldun en recibir este reconocimiento. Tanto sus letras como la historia del grupo hacen referencia a un renacimiento musical, instando a resurgir y reafirmarse personal y artísticamente. Tendremos ocasión de escuchar al grupo este sábado día 15 a las 23:00 en la Peña Euskal Herria de Burlada junto a ZTK Rap y NX, en su concierto de presentación del disco.