'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' erakusketa Barañaingo udal liburutegian ikusgai

2023-11-07

Pasa den azaroaren 3an, Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketaren irekiera ekitaldia izan zen Barañaingo Mª Luisa Elio udal liburutegian. Bertan izan ziren Maria Lecumberri Bonilla, Barañaingo alkatea, Javier Arakama, Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea eta Sagrario Aleman, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria.

Pirinioetako hizkuntzak, euskara izan ezik, latinetik datoz, beti ere, tokian tokiko hizkuntzek aldatuta. Erakusketa honetan ikusgai izanen da nola mendetako prozesu hori dela eta, lurraldeari begira hurbil dauden baina elkarren artean ongi baino hobeki bereizita dauden hizkuntzak sortu diren. Literaturaren bidez, hizkuntza horiek aurrera egin dute, eta, aldi berean, aberastu eta beraien muga linguistikoetatik kanpo zabaldu dira, kalitate artistikoa ere irabaziz.

Halaber, erakusketak hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenak ekarriko dizkio ikusleari. Horretarako, hizkuntza hauek erabiltzen dituzten herrietako bizitza sozialean daukaten erabileraren lekukotasunak eskainiko dira, administrazioan, zientzian, irakaskuntzan eta, jakina, literatur genero desberdinetan daukaten presentziaren adibideak emanez.

Euskara Pirinioetan: leku izenen azterketaren bidez erdiets dezakegun argitasuna

Patxi Salaberri Zaratiegik, euskaltzaina eta toponimian adituak, herritarrendako hitzaldia emango du gaur, azaroaren 7an, liburutegian bertan (gaztelaniaz). Bertan, leku izenak aztertzeko orain arte erabili diren zenbait metodologia eta plazaratu diren teoriak azalduko ditu, gaur egun eskuetan ditugun datuekin alderatuz. 

Diseño y desarrollo Tantatic