2018-02-09
Cultura - Kultura

Barañaingo bost gaztek lehen aldiz parte hartuko dute Bardoak egitasmoan

Pasa den ostiralean abiatu zen 2018ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, eta heldu den asteburuan emango zaio jarraipena txapelketako lehenengo faseari. Guztira, sei saio izango dira otsailaren 9, 10 eta 11an, Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Errazkinen eta Barañainen

Argazkia: Barañaingo Bertso Eskola.

Larunbat honetan, 19:00etan, saioa izango da Barañaingo Gaztetxean, merenduaz lagundurik. Etxeko Patioko Banda eta Berako Ibardin:Hiru ta lau dira zazpi taldeak ariko dira nor baino nor. Barañaingo bost gaztek lehen aldiz Bardoetako egitasmoan parte hartuko dute, horietako bat Enma Murillo  San Miguel da, eta Plazaberrik berarekin egoteko aukera izan du.

Noiz hasi zinen Barañaingo Bertso Eskolan?

Lehen Hezkuntzako azken urteetan bertsoak ikasteko aukera izan genuen guregana etorri zen irakasle bati esker. DBH-n klaseekin jarraitzeko aukera izan genuen, gainera Barañain mailan egin zen bertso txapelketa bat irabazi nuen eta horrek indarrak eman zizkidan mundu honetan segitzeko. Gutxinaka-gutxinaka, hasiera bateko taldea murriztu egin da, jende gutxiago gaude gaur egun, hala ere, oso pozik gaude bertan parte hartzen dugunak.

Noiz elkartzen zarete bertso eskolan ?

Institututik kanpo egiten den ekintza bat da bertso eskola eta astean behin izaten dugu. Ostegunetan elkartzen gara astero Alaitz ikastetxean. 14 eta 16 urte bitarteko gazteak gaude gure taldean. Gu baino helduagoak diren Ainara, Sarai eta Mikelekin egoten gara, haiek gure irakasleak dira.

Pasaden urtean adibidez, Euskal Herriko Bertso Txapelketara haiekin joateko aukera izan genuen eta oso une berezia izan  zen.

Zer lantzen duzue bertso eskolan?

Hasiera batean ariketa gehienak idatziz egiten genituen, baina, denborak aurrera egin duen heinean, gauza berriak landu ditugu. Inprobisazioarekin hasi gara dagoeneko, puntuka, ondoren koplaka, batzuetan zortziko  txikiak ere egiten ditugu, eta aste bakoitzean jarduera desberdinak egiten ditugu bertsotan ikasteko.

Zerk erakarri zaitu bertso mundutik?

Oso harreman ona dugu klaseetan eta oso aberasgarria iruditzen zait. Aisialdia aprobetxatzeko oso ekintza dibertigarria iruditzen zait. Gainera, bertsoak asko gustatzen zaizkit eta ikasketa mundutik pixka bat deskonektatzeko oso ongi etortzen da.

Beste bertso eskolekin baduzue harremanik?

Bai, noski. Eskolarteko txapelketetan, bertso kanpaldietan jendea ezagutzeko aukera dago eta ikasteko baliagarria da. Gabonetan bertso kanpaldia egiten dugu, bertan, Nafarroako bertso eskola ezberdinak elkartzen gara eta jende berria ezagutzeko leku aproposa da. Doinu berriak, lagunak, topaketa hauek oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit.

Eskolarteko txapelketan parte hartu al duzu?

Bai, pasaden urtean Leitzan ospatu zen eta Barañaingo bik parte hartu genuen. Irabazlea eta finalera iristen dena Euskal Herriko Txapelketara doaz, eta parte hartzaileei Euskal Herriko Bertso Txapelketa nagusiko sarrerak eman zizkiguten. Beldurra kentzeko primerakoak dira txapelketak. San Ferminetan ere kantuan aritu ginen, lotsa kentzeko oso ongi daude gauza hauek.

Bardoetan lehen aldiz parte hartuko duzue ezta?

Patioko Banda taldean nago ni. Orokorrena hiru pertsonez osatutako taldeak osatzen dira, baina gure kasua berezia da. Mikel Lasarte Cia, Ainara Ieregi Aranburu, Sarai Robles Vitas, Enma Murillo San Martin, Amaia Lasheras Zapata, Zuhara Zaratiegi Lopez, Idurre Villanueva del Burgo eta Beñat Astiz Isasi izanen gara partaideak. Entseguak egin ditugu, eta mimo handiz prestatu dugu dena ahalik eta hobekien ateratzeko bertso saioan.

Zer egin behar duzue Bardoetako bertso saioan?

Lehenik  agurra egiten da eta beste taldekoak zirikatzen saiatu behar gara. bertso saioa informalagoa da, lotsa kentzeko oso ongi etortzen da. Ariketa desberdinak egiten dira, bat pertsona bakoitzeko, eta oso giro ona egoten da. Dibertigarria, giro lasaia, ongi pasatzeko prestatutakoa da. Finala sagardotegi batean izanen da, esate baterako.

Urduri al zaudete?

Ba bai, lehen aldia izanen da eta urduritasuna antzeman egiten da. Lehen aldiz parte hartuko dugu eta ardura handia da guretzat. Gure saioa, larunbat honetan izanen da Gaztetxean arratsaldeko 19:00etan. Dena den, igande honetan ere beste saio bat izanen da Barañaingo Haizea Elkartean arratsaldeko 18:00etan.  

 

 

 

 

 

Diseño y desarrollo Tantatic