Elkarrizketa: Enma eta Idauze, Jai Batzordeko eta Jai Guneko kideak
Plazaberrik Enma eta Idauze elkarrizketatu ditu, Jai Batzordeko eta Jai Guneko kideak, Barañaingo Jaietarako egun gutxi batzuk falta diren honetan.
Asteazkenean hasiko dira Barañaingo Jaiak, baina Txozna batzordetik orain dela aste batzuk hasi zineten jaiak prestatzen. Nolakoak izan dira aste hauek? Nolako lana egin duzue?
Bai, egia da jendeak Ekainean somatzen dituela Barañaingo jaiak, baina gu otsaila-martxotik gabiltza lanean. Gauza asko dira jaigune baten antolakuntzan kontuan izan beharrekoak: udaletxearekin bilerak eta baimenak, azpiegitura eta gunearen antolaketa, dena ondo funtziona dezan gure arteko koordinazio eta lan banaketak, eta nola ez egitarau erakargarri eta oparo bat sortzearen garrantzia.
Zuen ustez, zergatik da garrantsitsua horrelako gune bat egotea Barañain bezalako herri batean?
Horrelako espazioak garrantzitsuak dira herritarrok jaiak goza ditzagun. Gure ustez ezinbestekoa da herritarrok eta herriko eragile desberdinek jaien antolakuntzan parte hartzea, urtean zehar eraikitzen diren harreman, sare eta ekimen desberdinen momentu gorena baidira jaiak eta hauetan islatu behar baitira gure balore partehartzaile, parekide, euskaldun eta herritarrak, urteko gainontzeko egitarau eta ekimenetan bezala.
Herritarren partehartzea eta lan bolondres eta militantea berebizikoa da horrelako eragile batentzat. Nola ikusten duzue gaur egungo egoera eta jendearen inplikazioa Barañainen?
Bai, horiek dira gure jardun eta lanaren oinarriak eta esan bezala, jaietan lan handiena eta ikusgarriena dugu, baina urtean zehar barañainen ekimen desberdinen bueltan lanean gauden eragileek eraikitzen ditugu txoznak, jaietatik etekin ekonomiko bat ateratzeaz haratago Barañain saretu eta partehartzaile bat eraikitzen lanean gaudenok. Egia da inplikazioa ez dela nahi genukeena bezain altua, jaiak bezalako momentuetan jendarte bat mugitzen baita, urteko beste kontu batzuetan seinalerik ere ematen ez duena. Baina horregatik goraipatu nahi dugu lan hau, Barañaingo jendea lan bolondres honen garrantziaz jabetzeko, helduek birgogoratu dezaten gaztetan ze ilusiorekin egiten zuten lan eta garai berrietako haur zein gazteei animatzeko jai herrikoien mundu honetan murgiltzera. Jaigunea bezalako espazioak mantendu eta eraiki ditzagun antolakuntza eta lan militantea ezinbestekoa dela argi dugu, eta honetan burubelarri jarraituko dugu
Orain dela egun batzuk jaigunekoegitaraua aurkeztu zenuten. Nolako ekimenak jasotzen ditu aurten egitarauak?
Urtero bezala asteazkenetik igandera eguerdi, arratsalde eta gaueko egitaraua prestatu dugu. Adin ezberdinetako pertsonak batuko dituen egitarau polita daukagu hurrengo egunetarako, urtean zehar lan nekaezina egin duten pentsionisten bazkaria egongo da, pintxopote feminista eta bertsosaioa ere. Musikari anitzak eta genero ezberdinetakoak egongo dira; elektrotxaranga, musika taldeak, dj-ak, monogoloa... Egitarau oparoa da aurtengoa, hemendik Barañaingo jendartea gonbidatzen dugu, barre egin, ipurdia mugitu eta abestera!
Jaigunea, gune seguru bat izan dadin, protokolo feministaren garrantzia ere azpimarratu beharra dago. Zertan datza aurtengo protokoloa?
Bai, apostu handia da jaigunea espazio seguru bihurtzearena, jaigunea eta bertara gerturatuko direnak gizarte heteropatriarkal honen islada baitira, eta hori ekiditeko lan handia egin behar dugu. Guregain hartu dugu gunea seguru bihurtzearen ardura, aurtengo protokoloak Puntu More eta laguntza telefono bat izango ditu, erasotua izan denak bertara hurbildu edo deitu dezan. Guk, entzun, lagundu eta kudeaketa aukera desberdinak gestionatuko ditugu, betiere erasotuen anonimotasuna eta erabakiak errespetatuz. Bestetik, Puntu Morean bestelako materialak izango ditugu: sexu-harreman seguruak izateko materialak, informazio-eskuorriak eta abar. Erasoen aurrean protokolo bat izan arren, jaigunea gune seguru bihurtzeko modu bakarra erasorik ez sufritzea izanen da, jaigunea emakume eta transmaribibollo ororentzat gune seguru izatearen ardura zuena da, erasotzaileena, GIZONENA. Erasotzaile orok argi izan dezala Barañainen eta gure Jaigunean ez dugula inolako erasorik onartuko, eta haien aurkako neurriak izango ditugula. Gizonek dituzuen jarrera harroputzak, mespretxuak, espazio okupazioak eta lizunkeriak, erasoak ere badira, eta hauekin ere gure jaietaz disfrutatzea oztopatzen diguzue, argi utzi nahi dugu horrelakoek ez dutela lekurik gure jaietan, eta edozein erasoturi gonbidapena luzatzen diogu guregana gerturatzera laguntza behar izatekotan edo soilik hauen erregistro bat izateko.
Lan handia dago horrelako protokolo baten atzean....
Horrelako protokoloek lan handia dute, guneko gainontzeko lanekin koordinatu beharra dago erasoak gertatzekotan denon artean salaketa bat egiteko, gunean bertan espazio ilun edo segurtasun gutxikoak ez egoteko, prebentzio propaganda zabaltzeko eta abar. Protokoloarekin lanean eta puntu moreko txandak betetzen egongo diren neskei esker berezi bat eman nahiko genieke, lan hau deserosoa baita, jaiguneko gainontzeko lanek motibazio puntu bat baitute jaiak eraikitzeari begira, baina horrelako txandak betetzea ez da poztasunez egiten dugun lan bat, erasotzaileen erruz emakumeok asumitu beharreko ardura bat baizik.
Bukatzeko, ze mezu bidaliko zenieke Barañaingo herritarrei jai hauek begira?
Azkeneko egun hauetan oraindik lana badagoela egiteko, bai muntaketan bai azkeneko txandak betetzen, eta guztiok lan pixkat eginez errazago eta modu anitzago batean eraikiko ditugula jaiak. Hemendik luzapena muntaketa eta egitarau oparoan parte hartzeko gonbitea! Gora Barañaingo Jai herrikoiak!