2023-11-29
Sociedad - Gizartea

A30 Barañain Greba Orokor Feministara

Bihar, azaroaren 30ean, GREBA FEMINISTA OROKORRA dago deituta gurean, zainzta sistema publiko baten aldarrikapena dauka deialdiak muinean. Hainbat asanblada izan dira greba honen antolaketa prozesuan zehar Barañainen, eta Plazaberri bertan parte hartu duten bi lagunekin, Iraitz Andiarena eta Iñigo Gonzalez, mintzatu da deialdi honen inguruan.

Grebaren prestaketarako asanblada bateko irudia
  • Greba deitu du mugimendu feministak… zergatik greba orokor bat orain? Nondik dator greba deialdi hau?

(Iraitz)

Greba feminista orokor hau ulertzeko, iraganera bota behar dugu begirada, 2018 eta 2019ra. 2018ko martxoaren 8an ozen esan genuen, “emakumeok* planto!” lelopean sistema kapitalista heteropatriarkala sostengatzeari utzi egingo geniola. Eta planto egin genuen. 2019ko jardunaldietan mugimendu feministaren barnean borroka antidekolonialak eta antiarrazistak zernolako garrantzi eta helburu zituen hausnartu genuen. Aspalditik egon da Euskal Herriko mugimendu feminista bizitza duinen aldeko aldarria egiten eta egungo zaintza-sistema iraultzeko beharra azaleratzen. 2020ko martxoan berriz, pandemia iritsi zen gurera eta modu latz eta okerrenean ikusi genuen, zaintza ezinbestekoa dela bizitza bizigarriak izateko. Hor azaleratu ziren egungo sistemaren zulo eta gabezi guztiak.

Planto egin genuen, mugimenduaren helburuez eta nahi eta behar dugun zaintza sistemaren inguruan hausnartzen hasi ginen auzoz-auzo eta herriz-herri. Horrela iritsi ginen greba bat egiteko erabakira, lantokiak hustu eta kaleak betetzera goaz, egungo sistema geldiarazi eta zaintza lanak aitortu eta bizitzak erdigunean jartzera.

(Iñigo)

Greba feminista orokorra izaetaren arrazoiak ugariak dira eta mugimendu feminista honen sustatzaile izan den arren, borroka hau ezin zitekeen emakumeena soilik izan. Gu guztion bizitzei buruz gabiltza hitzegiten, eta horrek, guztion ardura exigitzen du benetako aldaketak lortzeko. Gizonok sistema hetero-patriarkalak zaintza lanetan ezartzen digun pribilegio egoeraren jakitun izan behar gara. Ez dugu zaintzen, zainduak gara. Zaintza lanak ez dira kezka bat gizonen gehiengo zabal batentzat, amonek, amek, arrebek, bikoteek edota alabek betetezen duten papera da eta normaltasunez ezarri da hau belaunaldi luzeetan zehar. Greba Feminista Orokor hau ezinbestekoa da pribilegio horietan hausnartzeko eta egoera iraultzen hasteko.
 

  • Zeintzuk dira aldarrikapenak?

(Iñigo)

Zaintza sistema publiko eta komunitarioa dugu helburu, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena, faktore sozioekokomikoek hau baldintzatu gabe. Denok dugu zainduak izateko eskubidea, eta zaintzeko erantzunkizuna.

Honetarako ezinbestekoa da zerbitzu publikoen indartzea, prekarizazioa eta pribatizazioari aurre eginez, zaintza negozio bihurtzen dituzten enpresek ez dute lekurik izan behar gure herrietan!

(Iraitz)

Zaintzaren antolaketa patriarkal eta arrazistarekin amaitu beharra dago, etxeko langileak ehuneko oso altu batean emakume migranteak baidira askotan kontraturik gabe edo egoera irregularrean dabiltzanak. Emakume hauen lan baldintzak duinak exijitzera goaz, lan errejimen orokorrean sartu behar dira eta gutxieneko soldatatik gorako lansaria izan.

Honek guztiak pentsioetan ere izugarrizko eragina du, horregatik beste aldarrietako bat hori da hain zuzen ere: 1080€ko gutxieneko pentsioa. Barañaingo helduenek aspalditik esaten ibili diren bezala, eguneko zentro publiko eta kalitatezkoa behar dugu herrian, gure bizilagunak gero eta zaharkituagorik daude eta.

Gogoratu dezagun pandemian Barañain Zainduz! dinamika jarri behar izan zela martxan askotariko zaintza lanak egiteko, herritarren arteko sarea beharrezkoa izan zen modu kolektiboan sistemaren gabeziei aurre egiteko.

  • Nolakoa izan da prosezua Barañainen?

(Iraitz)

Gainontzeko lekuen antzera, prozesu hau lan handia suposatu digu mugimendu feministan. MFko kideok aspaldi hasi ginen denon bizitzak erdigunera plataformak herrialde mailan antolatutako eztabaida prozesuan partehartzen. Horren ostean, aurtengo udan hasi ginen herri mailan przesu hau egituratzen eta irailean hasi ginen asanblada irekiak deitzen. Horrela, azkeneko bi hilabeteetan mugimendu feminista grebaren antolaketan murgildurik ibili gara, herriko komertzio, eragile eta sektore desberdineko langileekin harremanetan, Barañain osoa murgildu nahi izan dugu prozesu honetan.

(Iñigo)

Gizonok azkenak izan gara greba deialdi honetara batu garenak, nahiz eta prosezu guztiaren jakitun izan garen eta greba guztioi interpelatzen digun. Tristea da esatea baina oraindik ere badaude gizon asko uste dutenak greba hau ez dela guretzako greba bat, gure eginbeharra da mentalitate horretan eragin eta herritarrak konturaraztea zaintza lanen auzia guztioi eragiten digula.

Greba Feminista Orokorrareko greba komitemistoa deitu zenetik bertan parte hartu dugu, gure pribilegio egoeraren hausnarketa eginez eta beti ere Mugimendu Feministak ezartzen dituen metodologiak errespetatuz. Gure ekarpena egiten saiatu gara eta gure papera definitu dugu, horretan kokatzen da ostegunean Barañainen antolatuko den zaintza eremua, gizonak izango gara zaintza lanak egingo ditugunak, zaintza behar duten guztientzat irekia, umeak, nagusiak zein grebalairak hartatuko ditugu greba egun arrakastatsua izatea bermatzeko.

Horrekin loturik ere, dei egiten dugu lantokietan gizonok zerbitzu minimoak betetzera gure lanetan emakume batek bete behar baditu, emakume lankide horren greba eskubideak berma ditzagun. Greba egitea posible dugunok, har dezagun erantzunkizuna eta atera gaitezen kalera gure herriko kide feministekin batera.

  • Zer dago antolatua Barañainen ostegunerako?

(Iñigo)

Egitarau zabala prestatu dugu Barañaingo greba batzordetik. Pikete informatiboekin hasiko dugu eguna goizeko 9:00tan eta 11etan mobilizazio nagusia Udal Plazatik, bi idei edo borroka nagusi izango dituena Barañaingo zaintzaren ibilbidea egitea eta pentsiodunen blokea. Bazkari autogestionatua izango dugu eta ostean, gure arteko zaintza bermatzeko kafe eta txokolatada. 17:00tan zutabean igoko gara Iruñeako manifestazioa nagusira.

Goizean zehar zaintza gune bat egongo da behar duen ororentzat Haizea Kultur Elkartean. Bertan zainduak izatea behar duten pertsona eta umeak artuko ditugu eta jolasak, kafea, janaria, edo egunean zehar deskantsatzeko aukera izango dugu.

  • Eta grebaren ostean zer?

(Iraitz)

Datorren azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra aitzindari izango den mugarri historiko bat izanen da Euskal Herrian, zaintzaren antolamendu justuago eta feministago baterako bidea irekiko digu. Abenduaren 1ean bertan jarriko gara, herri akordioan lanean eta instituzioei exijitu egingo diegu gure aldarriak entzun eta sitema hau aldatzeko, zaintzak agenda politikoan lehentasunezko izatea.

(Iñigo)

Gure egunerokoan ere izugarrizko inpaktua izanen du honek guztiak. Sekula ez da zaintzaren inguruan hainbeste hitz egin eta hausnartu, baina lana izango dugu aurretik oraindik ere. Denon eta bereziki gizonon kontzientziak astintzen jarraitu beharko dugu, zaintzaren ikuspegi orokorra txertatzea lortu dugun berrikusi, ez zaintzeak duen priblilegioaz eta sortzen dituen kalteez jabetu behar baigara egoera errotik iraultzeko. Erronka potoloa da, zaintza lanetan betidanik izan dugun rola deseraiki behar dugu, birrindu eta txikitu.

Bestetik, Barañainek merezi duen Eguenko Zentro publiko baten aldeko aldarria zabaltzen jarraituko dugu, pentsiodunekin batera, itxi gabe dagoen borroka irabaztera. Ez diegu utziko etekin ekonomikoa ateratzen gure nagusien zaintzarekin.

Diseño y desarrollo Tantatic