Alkoholaren inguruan, zer da benetan kezkatzeko modukoa?
Azken egunetan alkoholaren inguruan, adin txikikoen kontsumo datuek sortzen duten alarmaren ondorioz kanpaina bat zabaldu berri dute komunikabideetan, bereziki telebistan noiznahi ikus dezakegu, kaleetako seinale batzuetan ere topatu daiteke… nori dago zuzendua?
Hegoak Elkartea | Telebistan ikusi daitekeena, Hegoak Elkartearen iritziz, gurasoentzako arreta mezua dakar; “zure seme-alabak ez du kontsumitzen ezta?” lelopean.
Helduen ikuspuntura hurbiltzen
Helduak kezkatzen dira adin txikikoek drogak kontsumitzen duten moduaz, “gu afaldu ondoren ateratzen ginen tabernaz-taberna, poteoan, lagunekin, mugitzen ginen, besteekin harremanetan, berriketan aritzen ginen, dantza egiten genuen…”.
Zure ustez, zure seme-alabak zuk aipatzen dituzun esaldi berberak esan ditzake bere kontsumoen inguruan? Helduok ere izan gara adin txikikoak, baina familiako rolak aldatzen direnean areagotzen dira kezkak, noski, nola ez da izango ba horrela?
Nola jokatzen dugu drogen kontsumoaren fenomenoaren aurrean?
Drogak betidanik izan dira, eta ez bakarrik gure kulturan baizik eta herrialde eta munduko toki guztietan. Historian zehar, zenbaitetan harreman kaltegarriak izan dira drogen erabileran, baina ez dira gaur egun drogekin harremanetan sortzen diren arazoetara hurbiltzen.
Drogak ez dira onak edo txarrak, ez dute bizitzarik eta ondorioz, ezin sailkatu daiteke objektu bat balitz bezala “ona edo txarra”. Gainera, substantziak ez dira orokorrean asko aldatu; droga pizgarriak, lasaigarriak eta haluzinogenoak ditugu betidanik.
Hortaz, bereziki aldatu egin dena gizartea izan da eta gizarteak drogekin duen harremana. Hortaz, drogekin ditugun harremanak aztertu ditzakegu; erabilera, gehiegikeria edo mendekotasuna den, eta horrela, ikusi zeintzuk diren edo izan daitezken erabilera honen arriskuak edo kalteak.
Eta debekatzen badugu kontsumoa?
Jar dezagun adibidez, errepideetako abiadura-muga seinale bat. Beti errespetatzen al duzu? Horrela bada, zorionak! Bestela, askok, zigor arriskurik izan ezean, ez diote kasurik egiten, “ez da ezer gertatzen azkarxeago joateagatik… ez zegoen radarrik, ezta?”. Zer esaten dizu honek? Zerk egiten digu araua mantentzea edo ez?
Adin txikikoei alkohola saltzea debekatuta dago eta azken berrien arabera, Berria agerkarian aipatzen denez, “Abisu bat jaso berri dute erabilera anitzeko gune bat (taberna, jatetxea, antzokia...) daroaten ezagun batzuek: adin txikikoak ezin izango dira alkohola kontsumitzen den lekuetara sartu gaueko 22:00etatik aurrera, ezta helduen zaintzapean ere.”
Zein da zure ustez honen ondorioa? Baliteke egoera benetan kezkatzekoa izatea; hots, ziur gaude adin txikikoek alkohola edateari utziko diotela? Elkartearen uste apalean, gaztetxoak ezkutuan ibiliko dira alkohola edaten debeku hau dela eta, alkoholaren kontsumoa tabu bilakatu daiteke, gutxiago hitz egingo dute helduekin honen inguruan “debekatuta dagoelako” etab. luze bat. Egoerak okerrera egingo du ziurrenik. Hots, debekatuta dauden hainbat gauza egiten jarraitzen dugu edozein adinetan, esaterako gidatzen goazenean. Drogen kontsumoa gozamenari lotuta egon daiteke, ospakizunetan erabiltzen ditugu, gure identitate bila gabiltzanean, lagun artean, gizarte kontsumista batean bizi gara, kontsumitzeko ohitura dugu, gure plazerrak asetu nahi ditugu orain ez bada lehenago…
Zer da kezkatzeko modukoa?
Gure seme-alabak drogekin duen erlazioan, honek bere garapenean duen eraginaren inguruan kezka azaldu dezakegu, nola eragiten duen bere heldutasun prozesuan, bere autonomian, gainontzekoekin duen erlazionatzeko moduan, bere osasunean, etab. Kezkatzekoa ez da bereziki kontsumitzen duen edo ez, kontsumo horrek bere bizitzan duen eragina baizik.
Horrela, ikasketetan, izaeran, pertsonalitatea sortzeko prozesuan, bere lagun arteko erlazioetan, eta harremanetarako baliabideengan eraginik duen edo ez jakin dezakegu. Bestalde, bere helburuekin ere kezka azaldu dezakegu, ba al du helbururik epe laburrerako? Eta zeintzuk dira bere helburuak epe luzean? Ba al daki bizitza nola bizi nahi duen? Bere interesak ezagutzea, zeintzuk diren seme-alaba “berezia” izatea egiten dioten gauzak… eta gure familiarteko harremanez ere kezkatu gaitezke, nola komunikatzen gara? Zein momentu dugu elkarren artean hitz egiteko? Kontsumoari dagokionean, jakin dezakegu ere nolako harremana duen drogekin, hots, kontsumo arduratsua egiten duen, ala ez, informazio zehatza eta objektiboa du drogen inguruan, erabakiak nola hartzen dituen, zeren arabera…
Gure seme-alabak benetan ezagutzea
Droga mendekotasunak edo gehiegikeriak ez dira kausak, baizik eta beste zerbaiten ondorioak. Gainera, zenbait kontsumo mota, zerbait ongi ez dabilen seinale izaten dira. Hori dela eta, kontsumoa bada, gonbidatzen dizut aztertzea lehendabizi, kontsumitzen duen pertsona nolakoa den eta zeintzuk diren bere ezaugarriak (alderdi positiboak ahaztu gabe), bere testu-ingurua eta substantziarekin erlazionatutako faktoreak.
Laguntza behar izanez gero, Hegoak Elkartea duzu zure eskura, droga kontsumoarekin erlazionatutako arazoen prebentzioan dihardugu!