2013-12-28
Historia - Historia

Baratzek eta mahastiek inguratutako herria

Gure herriko toponimiatik ibilbidea egin dugu iragana argitzeko asmoz

1956-57 urtean ateratako argazkia, Nafarroako Gobernuak duena, leku izenekin.

Hala ere, atzerago begiratzen badugu, mahastiak aurkituko ditugu, zelai handiak non armadak Iruñeako plaza gordetzen zuen, lazareto eta ospital bat, lehen Barañango Ospitala deitzen zena eta gaur egun Nafarroako Ospitala dena edo hiriko urkak ezarri ziren tokia. Kontutan izan behar dugu Barañaingo barrutia Donibaneko San Juan de la Cadenara arte luzatzen zela eta hor hasten zela Iruñeako hiria.

Aitzitik, itzul gaitezen iragan gertuago batera, indusmakinek Barañaingo fisonomia aldatzen hasi ziren garaiara. Pixka bat lehenagokoa da 1956-57 urteetako airetik ateratako argazki hau. Istorialariek eta etnografoek bildutako toponimiaren bitartez gure iraganaren ezaugarriak ezagutu ditzakegu, lekuen izenek adierazten baitute nolakoak ziren hemen bizi ziren lagunen bizimoduak eta nolako harremana zuten biztanleek ingurunearekin. Ikertzaile horien guztien artean, bere ondareagatik bereizten da Jose Maria Jimeno Jurio artaxoarra, berak ikertu baitzuen gure herriko toponimia.

Barañain

Barañaingo izena bera izan da interpretazio askoren jomuga. Julio Caro Baroja Veranianum izenarekin lotu zuen, Veranianoren nekazaritza-ondasunarekin alegia. Arturo Campionek, aldiz, izena Be(he)ra euskal hitzatik zetorrela pentsatu zuen eta hortik abiatuta, Julio Altadillek Barañain izena, "lursail laua" kontzeptuarekin lotu zuen. Bestelako interpretazio herrikoi bat Barañain "baratz gain" izenarekin lotzen duena da, hau da , "gainako baratza".

Jimeno Juriorekin itzultzen gara. Berak Baraniein edo Baranien-en lehenengo erreferentzia 1173 urtean kokatu zuen, 1244ko San Agustineko komentuarenak baino lehenago. Bere ustez herria leku estrategikoan kokatzen da eta horren ondorioz pentsatu zuen historia aurrean ere biztanleak izango zituela. "Onomasticun Vasconiae" liburuan azaldu zuen zonalde honetan silexeko piezak aurkitu zituztela.

Liburu horretan gure herriaren toponimiaren ikerketa aurkituko dugu. Lekuen izenak Barañain herri zaharraren ingurunean eta Eulzako jaurerrian aurkitzen dira gehienbat.

Herri zaharra

Elizpe, "elizaren azpian" ahozko tradizioko leku izena da, Jimeno Juriok bilduta, eta ez da idatzita agertzen inon. Etnografoaren esanetan, eliza kokatuta dagoen muinoa da.

San Macay toponimoak ere erlijioarekin zerikusia dauka. San Macay Barañain herri zaharraren hegoekialdean kokatutako hiruki fomako lursaila da, Miluzeko zubitik ez oso urrun dagoena eta bertan San Macarioren baseliza zegoen.

Herriaren azpian errota edo pilategi bat egon zen eta lehenengo erreferentzia 1195 urtean kokatu zuen Jimeno Juriok. Errotan 1837. urtean Agustin Larequi bizi zen eta Miserikordia etxearen menpeko errota zen. Ondoren eraikina handitu zuten eta irinezko pastak egiteko lantegian bihurtu zuten.

Herrira bueltan, iturri publiko bat egon zen Miluzera daraman bidearen azpian, Larrainpeatik gertu. Larrainpea izenak dioen bezala "larrearen azpiko" lursaila zen. Lursaila jesuiten menpeko jabetza zen eta Eunze Mearra izeneko beste lursailaren aurrean kokatuta zegoen.

Mendebaldea

Eunze Mearra, "baso estua", gaur egun Nafarroako Liburutegi Nagusia eta Mendebaldea kokatzen den lursaila da, eta baso estu bat zen Argaraino jeisten zena, non ur-bazterrean baratzak kokatuak zeuden. Aldapa horren parean Cascallua edo "cascajera" parajea zegoen.
Eunze Mearraren aurreko lursaila Irun-Larrea zen. Lursail honek historian hainbat izen izan ditu: Barañaingo Zelaia, Hiriko Zelaia, Urken Zelaia, Urka Handiak eta baita Justiziak izena ere.

Zelai honetan entrenamendu eta maniobra militarrak egiten zituzten militarrek, 1877ko eta 1884ko prentsa historikoaren hemerotekak erakusten duenez. Baina zelai hutsa izan baino lehen bertan kokatu ziren 1344. urtean Nafarroako erreinuko gobernadoren aginduz hiriko urkak. Kokapen honek orduko bizilagunen aurkako iritzia izan zuen eta horiek ezartzearen aurka protestak egin zituzten, Nabarreriako buruzagiak erreprimitu zituenak. Urka horietan exekutatu zuten Jacques de Licras legegizona.

1885. urtean kolera gaixoentzako ospitale bat zegoen bertan eta ospitale hura izan zen Barañaingo ospitalearen zimenduak jarri zituenak.

Zelaiak

Gaur egungo Zentral Etorbidea eta Barañaiango Etorbidea artean dagoen lursaila Yriburua (1605) eta Bateria (ahozko tradizioa) izenak dute. Biak landa sailak ziren, Malatierra (ahozko tradizioa) partzela bezala, gaur egun Udaletxe plaza eta Komertzial kaleetan kokatzen dena. Nahiz eta izenak aurkakoa esan, Malatierrak ez zuen erreferentziarik egiten kalitate gutxiko lursailera, Jimeno Jurioren ustez, "Almatierr" XIII mendeko hitzaren aldaera izan zitekeen. Malatierraren iparraldean Peña Gaña (1857) parajea dugu. Artaxoako ikertzailearen ustez, Peña Gaña zonaldea (H)aitz izenarekin harremana izan lezake, "Aiçburua" toponimoa aurkitu baitzuen Barañainen 1249. urtean datatua.

Peña Gañaren mendebaldean Lur Gorri zonaldea dugu. Lehenengo erreferentzia idatzia 1723. urtean kokatzen du Jimeno Juriok eta lurraren koloreagatik datorkio izena. Lur Gorriren azpian Akelamendi edo Aquelamendia (1723) lursaila dago, jesuiten jabetzakoa. Akelamendiaren esanahia zaila da jakitea, euskaraz adiera berdina duena Lucanus cervus intsektua baita. Era berean alke-belarrarekin -Dactylis glomerata- zerikusia izan dezake, baina leku-izenari Jimeno Juriok ez zion jatorririk atera. Akelamendiaren gainean Auzo (ahozko tradizioa) lursaila zegoen.

Eulza

Argaren ur-bazterretik jarraituz Eulzaren jaurerrira helduko gara, 1249an datatutako toponimora. Garai horretan herri bat zen eta bizilagunak nekazariak ziren Koroarentzako zergak ardoa eta gariarekin ordaintzen zutenak, Jimeno Jurioak azaldu bezala.

Hainbat toponimo aurkitzen ditugu zonalde honetan: izenaz arraroa dena Rio Al Reves da (1880), gaur egun trenbidea pasaten den hegala. Garai batean bertan zelaiak, mahastiak eta baratzak zeuden.

Borda Bidea jaurerrira joateko bide bazterrean zegoen nekazarien etxe bati egiten dio erreferentzia.

Jaurerrian etxe nagusi bat zegoen, Santa Catalina eliza eta biltoki bat, "bolboraren biltokia" deitu zutena edo "bolboraren errota". Biltokia etxe nagusiaren aldamenean zegoen kokatua eta Konbentzio Gerratean (1793-1795) bolbora biltoki izan zen. "Bolbora" izena bera Eulza izenari ordezkatu zion Iruñerrian garai batean.

Era berean, Nevera izeneko eraikin bat zegoen jaurerrian, elurra eta izotza mantentzeko erabiltzen zena.

Elorz ibaia zeharkatzeko zubia zegoen eta alboko parajea da Zubi Ondoa (1837) izena duena, Zizur Nagusira bidean. Jimeno Juriok bildutako informazioaren arabera «Arga zeharkatzeko zubia ere existitu zitekeen, trenbiderako eraikitakoa baino zaharragoa litzatekeena, Arazurin "bolboraren zubia" deitu zutena».

Etxabakoitz

Elorz ibaiaren bazterrak jarraitzen baditugu Bideburu eta El Soto lursailak topatuko ditugu. Vide Burua (1578) edo Bide Buru (1585) Eulzako mesetaren hegoaldeko muinoa da, Barañain Zizurrekin lotzen zuen bidearen iparraldean zegoena, Barañaingo "bidearen bukaeran". XVI. mendetik orain gutxi arte mahasti bat zegoen bertan, Jimeno Jurioren esanetan.

La Barga, El Sototik gertu zegoen parajea zen, eta bertan ere mahasti bat zegoen. El Soto izenak dioen bezala, Elorz ibaiaren eskuineko ur-bazterrean kokatutako baso bat zen eta bertan baratza eta etxe batzuk izan ziren. Hortik ez oso urrun Barañaingo Batueco iturri ezaguna zegoen.

Iruñerako bidea hartuta Garzabala eta Morea zonaldeekin topo egingo dugu. Morean eta Garçabalan (biak 1578. urtean datatuak) mahastiak egon ziren XVI. mendetik XIX. mendera arte. Morea saila bitan zatitzen zen More Aldapa "Morea aldapan" eta "Morea lautadan". Jimeno Jurioren esanetan, basoaren zonaldetik hostotsu eta hezeenetan ere, makalen alboan, mahastiak ere egon ziren garai batean.

Diseño y desarrollo Tantatic