2021-03-07
Sociedad - Gizartea

“Emakume izanda, mugimendu feministan parte hartzea ezinbestekoa zitzaidan”

-

Plazaberri

Joan den uztailean talde feminista berri bat sortu zen Barañainen: BerHeziz - Barañaingo Neska* Gazteak. Pixkanaka hasi dira herrira begirako dinamikak antolatzen. M8 honetan, prestaketetan egon dira buru-belarri. Amaia Lasheras (Barañain, 2002) sortzaileetako bat da.

Nola abiarazi zenuten BerHeziz - Barañaingo Neska* Gazteak taldea?

Beti feminismotik hurbil egon garen neskak gara denak. Ikusi genuen Barañainen mugimendu feminista ahuldua zegoela, eta gainera ez zegoela emakume gazteak mugitzen ziren esparru garbirik. BerHeziz osatu dugunok euskaldunak gara, eta ikusi genuen Euskal Herriko Neska* Gazteen laguntzarekin Barañainen talde propioa sortzeko aukerak zeudela.

 

Zer da Euskal Herriko Neska* Gazteak?

Neska gazteak subjektu gisan nabarmendu nahi dituen mugimendua da. Berria da, 2016 inguruan hasi zen antolatzen. Mugimendu barnean talde ezberdinak sortzen dira, herri eta auzoetan. Horrela, material eta lan-lerro amankomunak partekatzen ditugu, baina begirada gure inguruan jarriz. Talde ezberdinen saretzea da, azken finean. Horregatik, BerHeziz izena jarri izan nahi izan diogu ere Barañaingo talde honi, berezko izaera nabarmentzeko.

 

Neska* Gazteak, zergatik izartxoarekin?

Gizarteak neskatzat hartzen ez dituen emakume guzti horiek ere integratzelo keinua da, feminismoaren ikuspuntutik emakumearen izatea zabalagoa baita.

 

Zergatik emakume gazteak talde diferentziatuan antolatzearena?

Feminismoaren barnean modalitate ezberdinak egon daitezke. Ez dira berdina 85 urteko emakume batek dituen beharrak, edo lan mundura sartzekotan dagoen emakume gazte batenak; lanketa ezberdinak ditu bakoitzak atzean. Talde bat sortzea gauza asko amankomunean jartzea da, eta horretarako zure antzeko egoeran dauden pertsonak behar dituzu. Denen artean laguntza konpartitzeko elkartzen gara azken finean. Horregatik gazteak.

 

 

San Valentin egunaren harira, “Maitasunak kolektibizatu” kanpaina abiarazi zenuten. Zertan datza?

Harremanen gaia aterarazi izan nahi izan genuen egun horretan. Denbora asko pasatzen dugu bikotearekin -edo hirukotearekin-, lagunekin… Eta San Valentin bezalako egunek harreman horiek nola eraiki markatzen digute. Adibidez, pertsonalki, uste dut jeloskortasuna sentitzean, gaia isilarazten dugula. Horrelako sentimenduak aldatu behar ditugu, harremanak kolektibizatuz. Gure buruari galdetu behar diogu: badugu dependentzia? zaintzen ditugu gure inguruko harremanak? sentitzen dugu zainduak gaudela? Erromantizismo idilikoaren kontrako kanpaina izan zen, eta tailer batzuk ere burutu genituen, honen inguruan lanketa bat egiteko.

 

Zein izan da gazteagoa zinenetik orain arte feminismoarekin izan duzun harremana?

Txikitatik hasi nintzen pixka bat hurbiltzen, institutura sartzearekin batera. Lotsarengatik edo, egia da erabat sartzea kontatu zitzaidala. Baina nire burua formatu nahi nuen aktiboki ibili baino lehen, irakurri, iritzi propioa izateko. Feminismoaren barnean eztabaida handia dago; “egia” dakizula uste duzunean, bat batean eskema guztiak hausten dizkizun zerbait atera daiteke. Mugimenduan dagoen aniztasuna ikusita, etengabeko prozesua da, beti norbanakoaren ideiak dudan jartzekoa.

 

Noiz hasi zinen mugimendu feministan zuzenean parte hartzen?

Martxoaren 8 batean, duela bi urte. Talde bat antolatu zen greba prestatzeko, eta bertan hasi nintzen. Emakume izanda, mugimendu feministan parte hartzea ezinbestekoa zitzaidan. Beste arlo batzuetan ez dut nire burua erabat kokatzen, baina feminismoan argi nuen: mugitu beharra neukan.

 

Aurtengo M8 honetan egon zarete antolaketan BerHeziz taldekoak?

Noski. Iruñerrian mobilizazio gehienak deszentralizatuak izango dira. Gu Barañainen egongo gara. Beste eragile batzuekin antolatutako manifestazioan parte hartuko dugu, 19:00tan Udal Plazatik aterako denean. Eta goizean Alaitzeko talde feministarekin egingo dugu kontzentrazioa: Udaletxe plazan, 12:00tan.

Diseño y desarrollo Tantatic