2022-03-01
Cultura - Kultura

“Euskal Herrian egon den tortura salatzeko kasu paradigmatikoa izan da filma”

Noaingo Miguel Angel Llamas, Pitu. Ahotsako kazetaria da eta hainbat urte darama kazetaritza munduan. Bere lan aipagarriena “Non dago Mikel?” dokumentala da. 2022ko Goya sarietarako aurre-hautatua izan da. Alaitz BHIko Sara Eraña eta Ane Ojer ikasleek elkarrizketatu dute.

Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino, filmaren zuzendariak. | Argazkia: Wikipedia

Noiz hasi zinen kamera munduan?

Ba zehazki ez dakit baina duela urte asko. Ni Eguzki irratian irrati saio bat egiten hasi nintzen eta gero internet mundua gehiago garatu zenean bideogintzarekin hasi nintzen , 2006 inguruan. Urte horretan webgune bat sortu genuen, “apurt.ong” deiturikoa eta bertan bideoak egiten genituen. Bideogintzan aritzen ginen, eta bertan hasi nintzen pixka bat lehenengo grabaketak egiten, lehenengo elkarrizketak, erreportajeak etab.

Nondik hasi zen dokumentalaren ideia?

2010ean kolaboratu nuen Mikel Zabalzari egiten zitzaion omenaldiaren antolaketan, urtero bezala. Beraz, bere bailarako jendeak eskatu zigun ikus-entzunezko bat egitea gertatutakoa formatu horretan betirako geratzeko. Gazteek ez zutelako oso argi zer gertatu zitzaion gizon honi eta beste jende askok ere ez. Laburbilduz, somatzen zutelako memoria galtzen hasi zela. Horregatik pelikula bat egitea erabaki genuen eta dena ongi azaltzea. Badago bertsio ofizial bat non esaten duen Mikel Zabalzak bere burua bota zuela ibaira eta herriko jendeak bazekienez gezurra zela, ez zuten historian egia bezala geratzea nahi.

Zeren ingurukoa da dokumentala?

Dokumentalak kontatzen duena da, nola 1985ean Mikel Zabalza guardia zibilek atxilotu zuten. Atxilotu eta gero Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. Bertan desagertu zen. Inork ez zekien non zegoen. Guardia zibilek esaten zuten momentu batean Endarlatza inguruan ihes egiten saiatu zela eta Bidasoa ibaira bota zela, ez zekitela zer gertatu zen berarekin. Hori da gertatu zenean atera zen bertsio ofiziala. Orduan, desagertu zenetik, bere gorpua 20 egun eta gero agertu zen arte zer gertatu zen kontatzen dugu filmean.

Zer izan da zuretzat proiektu hau aurrera ateratzea?

Proiektu hau oso garrantzitsua izan da niretzat, nire belaunaldiarentzat eta jende askorentzat. Mikeli gertatu zitzaiona oso garrantzitsua izan zelako. Bertsio ofizialean argi geratzen zelako estatua gezurretan ari zela eta Mikelen familiari inoiz ez zaiolako inongo aitortzarik egin, ez inolako erreparaziorik egin. Izan ere, oraindik egia ukatzen zaie. Orduan, niretzat garrantzitsua zen Euskal Herrian egon den tortura salatzeko kasu paradigmatikoa izan dela eta tortura herri honetan nola erabili duten agerian uzteko modu bat zen.

Norekin batera egin duzu dokumentala?

Jende askok parte hartu du lan asko egin behar zelako. Jendea dirua biltzen ibili zen, produkzio lanetan, grabaketetan… Gero, Amaia Merinok eta biok bukatu dugu lana, eta Idoiak zuzendaritza lana eta edizio lanak egin ditu. Soinu bandak ere beste batek egin du eta distribuzioak beste pertsona batek egin ditu . Azkenean, horrelako film bat kate bat da non jende askok parte hartzen duen eta bakoitzak bere ekarpena egiten du. Lan taldean egiten den lana da.

Zer zailtasun izan dituzue dokumentala ateratzeko?

Zailtasun handiena lana bera bukatzea izan da, esan dudan bezala gora-behera handiak izan ditugulako. Gero, hori finantzatu behar zen eta jende askok parte hartu behar izan du dirua jarriz proiektu hau atera ahal izateko. Diru asko behar izan dugu eta hori beti kostatzen da lortzea; baina zailtasun handiena fokoa non jarri izan da, dokumentala zeren inguruan egin etb. Zer gertatu zen kontatu behar duzu, baina hogeita hamar urte inguru luzatzen den historia batek adar asko izaten ditu. Istorioa bera ikuspegi oso desberdinetatik konta dezakezu eta guk non grabatu? Imajina ezazu ehun ordu grabatu baldin bagenituen, horietatik %5a erabili dugu. Orduan, material asko genuen grabatuta, jende askorekin egon ginen baina erabaki behar genuen non jarri fokoa, zer kontatu, zerekin eta zer materialarekin kontatu. Hori askotan egin behar den gauza zailena da. Saiatzen baldin bazara gauza oso ezberdinak kontatzen galtzen zara eta ez duzu lortzen. Agian egiten duzu zerbait oso aspergarria edo ez da dena oso ondo ulertzen. Benetan hori erabakitzea, zer kontatu eta zerekin kontatu nahi genuen hori guztia ongi jostea, niretzat zailena izan da.

Zenbat iraun du proiektuak?

Gutxi- gorabehera 2010ean hasi ginela uste dut eta 2020an bukatu genuen pelikula, baina oraindik emanaldiak egiten hari gara. Azkenean, pelikula bat ez da amaitzen zuk pelikula hori bukatzen duzunean, gero badago beste etapa bat; distribuzioa, emanaldiak, emanaldiak antolatu, egin…

Orain festibaletan parte hartzen dugu, herrietara emanaldiak egitera joaten gara eta hor jendearekin egoten gara eta solasaldiak egiten ditugu . Hainbat telebistatan botako dute pelikula edo plataforma digitaletan jarriko dute, orduan nik uste dut oraindik beste bi urte ditugula. Pelikularekin ibiliko gara gora eta behera, gero bai proiektu bat dago; mugimendu asko duena eta hasi aurretik urte batzuk emango ditugula oraindik hau guztiarekin.

Dokumentala zinemetan atera eta gero espero zenuen publikoak izan duen erantzuna?

Egia esan, ez nuen espero hain pelikula ona egitea, gora-behera handiak izan genituenez nire zalantzak nituelako. Baina gero, pelikula amaitu genuenean bagenekien lortuko duguna genuela. Nahiko borobila atera zitzaigun. Alde batetik, zinemaldian estreinatuko genuelako, gero zine aretoetara iritsi zenean arrakasta handia izan zuen filmak eta ikusle pila joan zien zine aretoetara. Gero, herriz- herri oso harrera ona izan du. Erantzuna, egia esan, guk espero genuena baino askoz hobea izan da.

Harritu zintuen “Goya” bat irabaztearen aukerak eta Donostiako zinemaldiko Irizar sariaren epaimahaiaren aipamen bereziak?

Ez genuen hori espero eta oso oso pozik gaude. Gainera beste festibaletan ere egon gara eta beste sari batzuk irabazi ditugu. Atzo bertan Uruguayko festibalean saria irabazi genuen.Guri inporta zitzaiguna kasu edo istorio hau ahalik eta gehien zabaltzea zen. Sariak, aipamenak, arrakasta ona izatea zinema aretoetan etb. Hori beti hobea da baina historia ahalik eta gehien zabaltzeko ordurakoan, garrantzitsuena da.

Beste proiekturen bat duzu buruan?

Bueno ba momentuz da honekin bukatzea eta nahi duguna oraindik lana dugu aurretik. Baino bueno, gustatuko litzaiguke bai niri eta bai Amaiari lanean elkarrekin jarraitzea. Bereziki memoria historikoarekin lotuta dauden beste gai batzuk jorratzea. Azkenean, ikusten dugu azken hamarkadetan Euskal Herrian gertatutakoa. Denari buruz da asko eta film asko hitz egiten egiten ari dira, baina batzuetan oso ikuspuntu zehatzetatik egiten da horrelako lanak eta gure ustetan ikuspuntu oso anitzak behar direla gure herrian zer gertatu den ulertu ahal izateko. Guk gure ekarpen txikia egiten jarraitu nahi dugu.

 

Diseño y desarrollo Tantatic