Jaietan drogen kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko Druida Gunea egonen da
Substantziak aztertzeko aukeraz gainera informazioa eskuratu, galderak planteatu, arriskuak murrizteko estrategiak ezagutu eta horrela, hausnartzeko aukera emanen du Druida Guneak.
Hegoak Elkarteak, beste urte batez eta ohikoa den moduan, Druida Gunea abian jarriko du Bañaingo jaietan, txosna inguruan.
Oraingo honetan, ekainaren 25an izango da substantziak aztertzeko aukera Barañaingo jaietako txosna inguruan eta ez bakarrik hori, baizik eta, aldi berean, informazioa eskuratu, galderak planteatu, arriskuak murrizteko estrategiak ezagutu eta horrela, hausnartu ahal izanen da kontsumoak izan ditzakeen arriskuen inguruan, hauek murriztu ahal izateko.
Zergatik Arriskuak Murrizteko estrategia?
Hegoak Elkarteak, estatuko beste elkarteekin batera, batik bat Ailaket eta Energy Control, drogen kontsumoarekin erlazionatutako arriskuak murrizteko estrategia du ardatz.
Prebentziorako eredu honek bermatzen du, drogak kontsumitzea erabaki duenarenganako hurbilketa, beste prebentzio ereduekin ezinezkoa denez, izan ere, gehienetan diskurtso alarmistak erabiltzen dira, edo esaten da zer egin behar den edo zer ez.
Zentzu honetan, Arriskuak Murrizteko estrategiaren bitartez, drogen erabiltzaileen errealitatea ezagutzea ahalbidetzen du eta bakoitzak hartzen dituen erabakien errespetua; izan ere, pertsona ezberdinak gara eta denok ez dugu izaten drogen erabilera berdintsua, honenbestez, estrategia honek ahalbidetzen du edozein erabileraren inguruko hausnarketa prozesuak abian jartzea.
Hausnarketa, drogen fenomenoaren inguruan
Drogen erabilerarekin lotutako arriskuak ez dira pertsona eta substantziaren inguruko harremanarekin soilik erlazionatutakoak. Hegoaken ustez, «drogen erabilerarekin oreka edo desorekazko erlazioan, testuinguruak ere badu garrantzia, izan ere, kontsumitzea erabakitzen dugun momentuak eragin zuzena izan dezake biziko dugun emaitzan, beste kontuen artean, adibidez kontsumitzea erabakitzen dugun momentuan norekin gauden, eta abar, zaila da ahaztea gizarte kontsumitzaile batetan bizi garela eta hau, drogen erabilerarekin lotuta egongo da».
Edonola ere, ardura beti pertsonak berak du, bakoitzaren erabakiak direlako eta askotan horien inguruan ez da hausnartzen. Hortaz, elkartearen aburuz, garrantzitsua izaten da aldartea edo egoera pertsonala aztertzea kontsumitu aurretik, edo jakin ere zeintzuk diren kontsumo horri lotutako aurreiritziak, gure burua ezagutzea, kontsumitzeko arrazoiak, eta abar luze bat.
Hori dela eta, Hegoak elkartearen ekimen hezitzaileek, hausnarketa prozesuak abian jartzea helburu nagusia dutela azpimarratzen dute, modu honetan, «Druida Gunera hurbiltzen direnekin ere, kontsumoaren inguruan hartutako erabakiak errespetatuz, gazteekin hausnarketa ahalbidetzen da substantzien analisiarekin batera, izan ere, substantziaren inguruan informazio objektiboa izateak eta hau zerez osatuta dagoen ezagutzeak, erabakiak hartzeko lagungarria izan daiteke eta aldi berean, ezagutu edo informazioa eskuratu kontsumo horri lotutako arriskuen murrizketarako estrategietan».
Beraz, non? noiz?
Substantziak analizatu, bere printzipio aktiboak eta adulteratzaileak ezagutu, informazioa jaso substantzien inguruan, arriskuak murrizteko estrategiak, galderak egin, hausnarketan zabaldu, gogoetak bota, pentsatu, solastu, gozatu, jakin ahal izateko aukera izanen da ekainaren 25ean, Barañaingo txosna inguruan gauean.