Urteetan aberatsa den herria?
Gure herriko datu estadistikoak gainbegiratu ditugu erreportai honetan
Nafarroako eta Estatutuko beste herrialde batzutan gertatzen den bezala, gure herria ere zahartzen ari dela ez da berria izango. Herrialde honetan biztanleria nabarmen hazi zen 1960 eta 1980 urteen artean, baina jaioberrien kopurua behera egin zuen 1980 hamarkadan eta egonkortu zen 1990koan. Hala ere, bizi-itxaropeneko urteak handitzen direnez, 65 urtetik gorakoen kopurua handituko da etorkizunean eta horregatik ere esaten da Nafarroako biztanleria zahartzen ari dela. Dagoeneko 20 eta 59 urte arteko biztanleriaren ehunekoa 56,62koa da gure herrialdean eta Nafarroako batazbesteko adina 41 urtekoa da. Hala ere, etorkinei esker 2012ko datuak hobeagoak dira 2001koak baino.
Baina inpresio hau benetakoa al da? Nolakoa da Barañainen bizi den biztanleria?
Gure herrian, 2013ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, 21.160 pertsona bizi dira, baina 2012an 21.444 biztanle genituen. 70ko hamarkadan hazkunde handia izan zuen Barañainek: 1960ean 2.008 biztanle zituen; 1981ean 9.812 ziren, 1991ean 17.000 eta 2001ean 21.492 lagun. Ordutik populazioa mantendu da 21.000 eta 22.000 lagunen artean.
Adina
2011ko errolda ofizialaren datuak aztertuta ikusi daiteke gure herrian batasbesteko adina Iruñerrikoaren berdina dela 40,4 urte; baina Iruñerriarekin alderatuta 45 eta 64 urte bitartekoen biztanle kopurua eta 18 eta 29 urte artekoena handiagoa da gure herrian. Iruñerrian, aldiz, 30 eta 44 urte artekoen, adingabekoen eta 65 urte gorakoen kopurua handiagoa da. Datuak begiratuta Barañainen biztanleriaren %31a 45 eta 64 urte artekoa da, %21a 30 eta 44 urte artekoa, %17a adingabea da eta beste horrenbeste dira 18 eta 29 urte artekoak. Azkenik %13a 65 urte baino gehiago ditu.
Emakume eta gizon aldetik, Iruñerriak eta Barañainek antzeko proportzioa dute: emakumeak populazioaren %51a dira eta gizonak %49a. Era berean, adinaren arabera oreka hori mantentzen da eta edozein adina tartean parekoa da gizon eta emakumeen arteko aldea. Hala ere, 2011ko erroldaren arabera, 25 eta 29 urteen arteko tarte horretan gizon kopuru handiagoa dago Barañainen: 1.011 gizon 862 emakumeen aldean. Era berean 75 urtetik gorakoen artean emakume gehiago erroldatuta daude gizonezkoak baino, eta 85 urtetik gora emakumeak gizonen kopurua bikoizten dute.
Jatorriak
Kanpotik etorritako biztanleen datuei dagokionez, Barañainen biztanlegoaren %12a atzerriko nazionalitatea du, Iruñerrian %10a delarik. Eta jaiotze lekuari erreparatuz gero, erroldatutako %64a Nafarroan jaiotakoa da, %19 beste probintzia batean eta %16a atzerrian. Hauetatik %4a Espainiako nazionalitatea du. 2011eko datuak dira argitaratu diren azkenak, eta horien arabera, 70 herrialdetako lagunak ditugu gurekin, emakume eta gizonak. Errumania, Bulgaria eta Colombiako komunitateak dira handienak.
Kanpotik gure herrira bizitzera eta lanera etorri diren lagunen batazbesteko adina 34 urtekoa da, Nafarroan jaiotakoen edo beste probintzia batean jaiotakoen batazbestekoaren aurrean gazteagoa dena: Nafarroan jaiotakoen batasbesteko adina 38 urtekoa da eta beste probintzia batean jaiotakoena 54 urtekoa. Datu honek 70 eta 80 hamarkadetan Barañainen eman zen hazkundea islatzen du, izan ere, beste probintzietatik hona lanera etorritako askok egun adin tarte horretan izanen baitira. Era berean, etorkinek eta haien seme-alabak gure biztanleriaren zahartze tasa jeisten laguntzen dutela esan daiteke.
Izan ere, Nafarroako estadistika datuen arabera, Barañainen bizi diren 30 eta 44 urte artekoen %31a atzerriko jatorria dute, eta 45 urte gorakoen artean %30a beste probintzia batean jaio da – Iruñerriko portzentaia %25ekoa da-.
Adingabekoen %85a Nafarroan jaio da eta 18 eta 29 urte artekoen artean %69a jaio da gure herrialdean.
Hala ere, kontutan hartu behar da krisiaren eraginez Nafarroan erroldatutako etorkinen kopuruak ere behera egin duela azken urteotan: 2012tik gaur egun arte, ia 2.000 etorkin gutxiago daude Nafarroan -% 2,4 etorkin gutxiago erroladatuta daude-, eta momentu honetan populazioaren %10,3ak du atzerriko jatorria.
Era berean, aipatzeko da Nafarroako Estadistika Institutoaren datuen arabera, Barañainetik Nafarroako beste udalerri batera bizitzera joan zirela 1.131 lagun 2012an, azken hamar urteetako daturik txikiena. Baita ere, beste herrialde batera bizitzera joan direnenen kopurua handitu da eta 2012an ia 300 lagun izan ziren.
Etxebizitzak
Barañainen 8.457 etxebizitza okupatuta daudela erregistratuta dago. Etxe hauen %34a hiru edo lau lagunez osatuta dago eta ehuneko altu batean pertsona bakarra bizi da bertan -%31-. Etxebizitzen %28a bi pertsonek betetzen dute, eta %6a bost edo zazpi lagunek.
Bizilagun gehien bizi diren zonaldeak Pedro Bidagor eta Iruñeako Etorbideak dira, baita Gaztainondo Plaza ere. Barañaingo mugan bizi dira adin handiago duten herritarrak, baina era berean, zonalde honetan bizi diren %21a 30 eta 44 urte artekoa atzerritar jatorriko lagunak dira. Biztanleriarik gazteena lakuan kokatzen da. San Esteban eta Zentral Etorbidea ingurunean etorkin kopuru gutxiago bizi da eta biztanleriaren gehiengoa 45 eta 64 urte artekoa da. Merkatal Etorbidean eta Gaztainondo plazako ingurunean kokatuko ditugu haur eta atzerriko jatorriko lagun kopuru handiena: populazioaren %19ª adingabekoa da eta beste horrenbeste atzerritar jatorrikoak dira.
Bestalde, Foruen plazan biztanleriaren %51a 45 urtetik gorakoa da eta, aldiz, Lakuan bizi dira gazteenak, bertan daudenen laurden bat 18 urte beherakoak baitira, eta beste laurden bat 30 eta 44 urte bitartekoak.
Jaioberriak
Jaioberrien kopurua ere behera egin du azken urteetan. 1985 urtean 331 ume jaio ziren eta ordutik gutxinaka behera egin du datu hau: gorabeherak izan dira, baina 20 urteetan 260 ume batazbeste jaio izan dira 2007 urtera iritsi arte non beherakada handia eman zen.
Urte horretan 208 ume bakarrik jaio ziren eta ordutik behera egin du kopuruak: 2008an 215 jaioberri baziren ere, 2009an 209 ziren eta 2010ean 140, hau da, azken urte horretan 69 ume gutxiago jaio ziren Barañainen. Datu hau somatu egin da, batez ere, eskoletan, 2010 urtean jaiotakoak haur hezkuntzan hasi baitira aurten edo hasteko daudelako eta maila oso bat suposatzen dutelako. Azkenik, 2012an 155 ume jaio ziren, hau da 1985ko lehen erregistrotik jaioberrien kopurua erdiraino egin du behera ordutik.
Laburbilduz
Gure herriko biztanlea emakumezkoa edo gizonezkoa izan daiteke -antzeko aldea eramaten dira-, eta baliteke 30 eta 64 urte artekoa izatea -%52-. Nafarroan jaiotakoa da gehinbat -%64- baina beste probintzietan jaiotakoak %19 dira. Eta %16a atzerriko jatorrikoa da eta gazteak dira gehinbat, 34 urteko batazbesteko adina baitute. Etorkizunera begira zahartzen joanen da herria, jaioberrien kopurua ere gutxitzen doan heinean. Datozen belaunaldiek herri ezberdina ezagutuko dute seguruenik.
Zonaldeen arabera, eraikitzen lehenengoak izan zirenetan, Barañaingo Mugan eta Foruen plazan, biztanleria zaharrena aurkituko dugu eta gazteena lakuan eta Merkatal Etorbidean. Gure bizilagunen etxeetan sartuz gero aurkituko dugu etxebizitza gehinak hiru eta lau lagunez osatuta daudela baina asko direla ere bakarrik bizi direnak -%31a-.