Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Kudeaketan ere, huts
Gaur, urtarrilak 28, Barañaingo Udaleko osoko bilkuran adinekoentzako eguneko zentro berriaren proiektua bozkatuko dute. Lerro hauek idazten diren unean oraindik ez da azken erabakia hartu, baina litekeena da Navarra Suma, PSN eta Geroa Bairen botoekin udal gobernuaren proiektua aurrera ateratzea.
Barañainek halako zentro baten beharra duela jakina da. Gero eta familia gutxiago daude Barañainen, eta zeudenek aurrera egiten dute urteetan. 2009tik 2019ra bitarte, hamarkada batean, bikoiztu egin da 65 urtetik gorako pertsonen taldea. Nafarroako Estatistika Erakundearen datuen arabera, %9’9ko pisua zuen adin talde horrek orduan, biztanleria osoarekiko; %19’6koa zen datu bera iaz.
Atzo, baina, Barañaingo Larrain adineko pertsonen elkarteak eta Pentsiodunen Mugimenduak manifestazio bateratu bat burutu zuten atzo, “Eguneko zentroa, publiko eta kalitatezkoa” lelopean. Izan ere, proiektuarengan iluntasuna nagusitu da. Navarra Sumaren udal gobernuak ez du erabat argitu erabakiaren harira eragina izango duten pieza guztiak.
Eguneko zentro berria gaur egungo Herrigunea dagoen lokalean ireki nahi du Udalak, lehen instantziako epaitegiaren lokalarekin batera, Komertzial etorbidean. Azken horrentzako badago lekua: Udaletxe plazako hegoaldeko eraikinen solairuarteko lokala. Baina, zein da orain Herrigunea erabiltzen duten eragileentzako alternatiba? Oraingoz ez da lokal berririk zehaztu kolektibo horientzako, haien artean, Plazaberri beraren bulegoarentzako.
Gobernu batek baliabide publikoak kudeatu behar ditu. Lekualdatu, berritu, erabilera aldatu... Ekintza posibleak asko dira. Baliabideren bat ukitzen denean, eragin bat sortzen da beti, nahita bilatu den eragin bat, edo ezustekoa dena. Barañainek baditu bestelako erabilerak izan ditzaketen espazioak. Eguneko zentroa aipatuz, Larrain taldeak berak proposatu zuen bere garaian Zentral etorbide hasierako Dominiketan zentro egokia egin litekeela. Orain baina, Udal gobernuak Herrigunea aukeratu du zerbitzu horretarako.
Eguneko zentroa erabilgarria izango da zerbitzua behar dutenentzat, dudarik gabe. Baina, aldi berean: zerbitzu bera agian hobeak ziren lokaletan ezartzeko ateak itxiko dira, kolektibo batzuei haien jarduna non egin ez jakitea eragingo die, eta, gainera, erabakia jubilatuen elkarteekin harremanik izan gabe hartuko du osoko bilkurak. Eguneko zentroaren politikak helburu zehatz bat du, ofizialki. Baina, nork ez du sumatzen Navarra Sumak eroso jarraituko duela bere kordako kolektiboak oztopatzen dituen bitartean?
Kudeaketa ez da ideologiaren arabera batzuen edo besteen jarduna goratu edo zapuztea, baizik eta proiektu politiko bati eta herriko aktore ezberdinen beharrei aldi berean erantzutea. Eguneko zentroa behar dela? Noski. Baina gaizki kudeatu dela? Egia, ere. Itsuskeriatan dabilenak maila politiko baxua islatzen du nahitaez. Navarra Sumaren udal gobernua norabide politikorik gabe dabil iaz alkatetzara sartu zenekin. Baina eguneko zentroaren kasuak zera gogoratzen du: kudeaketan ere, huts.