2015-07-03
Sociedad - Gizartea

Druida Gunea, kontsumitzen dena ezagutzeko aukera

Barañaingo jaietan txosna gunean izan ziren Hegoak Elkarteko lagunak substantzien analisirako zerbitzua eskaintzeko.

Beren furgoneta moldatuarekin izan ziren txosna gunean Hegoak elkarteko lagunak (Argazkia: Utzitakoa)

Beste urte batez, Hegoak Elkarteak substantzien analisirako zerbitzua eskaini zuen Barañaingo jaietan, txosna gunean ostegun gauean. Hegoak Elkarteak substantzien analisirako zerbitzua eskaintzen du Barañainen duten egoitzan, baina honetaz gain, festetan ere parte hartzen dute moldatutako furgonetarekin Druida Gunea deritzonean.

Azaltzen dutenez, «jende asko gerturatu zen substantzien informazio bila, alde batetik gure liburuxkak ikustera, zalantzak argitzera, etilometria egitera kotxea hartu aurretik eta baita substantzien analisia egitera ere».

Analisi zerbitzuan bi froga desberdin egin zituzten: «hasteko aurrean dugun substantzia zein den aztertu genuen, hau da printzipio aktiboa ikusi genuen eta bigarrenik, substantzia horren adulteratzaileak ere ezagutu eta horien inguruko informazioa eman genuen arriskuak murrizteko estrategiak ere azalduz».

Zertaz daude osatuta substantziak?

Azaltzen dutenez, lau osagai dituzte substantziek, «printzipio aktiboa (droga bera, jendeak hori erosteko arrazoia), adulteratzaileak hau da, substantziari nahita gehitzen zaizkion gehigarriak (aspektua imitatzen dutenak edo antzeko efektua izan ditzaketen substantziak), kutsatzaileak edo eratze prozesuan nahi gabe sartu edo nahi gabe sortzen direnak eta eszipienteak (gatz eta azukreak) bai forma edo gorputza emateko, errazago xurgatzeko edo bi osagaien arteko nahasketa errazteko».

Zer aztertu zuten Barañaingo jaietan?

Hegoak Elkartetik diotenez, azken urte hauetan merkatuan nabarmenak dira ezaugarri desberdinak dituzten zenbait substantzia. «Hauek, Research Chemicals izenarekin ezagutzen dira, substantzia psikoaktibo berriak dira eta ezjakintasuna dela eta, hauek beste izenekin saltzen dira, batez ere ketamina, MDMA edo LSD. Honetaz gain, kokaina, speed edo piluletan aurkitzen ditugun adulteratzaileak kezka sortzen digute izan ere maiz aurkitzen ditugu eta hauen efektuak ez dira oso ezagunak», azaltzen dute.

«Esaterako, levamisol (Barañaingo jaietako analisietan agertutako adulteratzailea), PMA, PMMA edo 4-MA substantziak (gure egoitzako analisietan ere aurkitu ditugu) oso kaltegarriak izan daitezke baita dosi baxuetan ere». Ohartzen dute adulteratzaile hauek kontsumitzearekin erlazionatutako zenbait heriotza gertatu direla.

Gaineratzen dutenez, honekin batera kontutan izan behar da substantzien konposizioa oso aldakorra dela ez bakarrik adulteratzaileei dagokionean baizik eta purutasunaren arabera ere. «Nahiz eta beti substantziaren kopuru berdina hartu, purutasuna aldakorra denez, ezin dugu jakin zehazki zenbat hartzen ari garen, honenbestez, arriskuak handitzen dira eta baita ondorio efektu edo ez-atseginak izateko arriskua ere».

Hainbat aholku

Substantziak kontsumitzeko orduan, Hegoak Elkarteak hainbat aholku ematen ditu. «Substantzia bat kontsumitzea erabaki baduzu, kontsumo orok dituen arriskuak murrizteko, lehenik eta behin ezinbestekoa da gure egoera (fisikoa, emozionala eta momentuko giroa) aztertzea, aldi berean konfiantzazko jendeari erostea eta ez jaian bertan, baita substantzia aztertzea ere (gure zerbitzuan kasu) kontsumitu aurretik».

Honekin batera, «ezin izan baduzu substantzia aztertu, gomendagarria da kopuru txikia kontsumitzea eta ez badituzu ohiko efektuak edo behar bezalakoak nabaritu, orduan ez jarraitu kontsumitzen, izan ere, bigarren dosia hartzea lehenengoak efekturik egin ez duelako oso arriskutsua da batez ere PMA eta PMMAren kasuan. Ez da inolaz ere gomendagarria substantzia ezberdin bat kontsumitzea, ez baitira ezagutzen nahasketen arriskuak».

Biata, «kontsumitutako substantziak efektu gogorregia egin badu edo purutasuna nabarmena bada, dosiarekin arretaz jokatzea gomendatzen da izan ere, honek ez du esan nahi hori hobea dela».

Bukatzeko, «giro lasaian eta ziurrean kontsumitzea gomendatzen da, lagunekin edo konfiantzazko pertsonekin larrialdia, erreakzio txar bat gertatzen bada edo deskontrolatua, lagun gaitzaten. Honelakoetan zer kontsumitu dugun esatea ezinbestekoa da eta egoera asko okertzen bada 112ra deitu».

Hegoak elkarteko Analisi zerbitzua

Hegoak elkartean analisi zerbitzua dute. Telefonora hots egin daiteke 948-269756 edo 636-924582 baita posta elektroniko bidez hegoakdrogas@gmail.com. Informazioa bilatu nahi bada web orria dute www.hegoak.org eta facebooken ere Asociación Hegoak Elkartea izenarekin.

 

Diseño y desarrollo Tantatic