Euskara kalera atera nahian
Euskaraz mintzatzeko taldeak ugariak dira, eta Barañainen horietako bi daude. Euskaraz egin nahi izatea da hauetan parte hartzeko baldintza bakarra.
Euskaraz hitz egitea da baldintza bakarra. Euskaraz hitz egiteko ohitura daukaten pertsonak, euskaraz hitz egiten hasi nahi duten pertsonekin elkartzen direnean sortzen da mintzapraktika ekimena. Euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa da, astean ordu pare batez euskarari eskaintzea. Euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak biltzen ditu mintzapraktikak, eta Barañainen bi talde daude.
Pili Loidi eta Begoña Leatxe Barañaingo mintzapraktika taldeko kideak dira. Asteazkenero Barañaingo Akelamendi tabernan biltzen dira, eta kafe edo garagardo baten bueltan, euskaraz hitz egiten dute. Batzuk euskaldun zaharrak, besteak euskaldun berriak, hizkuntza ez ahaztea eta erabiltzea dute xede. Denera, zazpi lagun elkartzen dira eta euskararen alde egiteko gogoa edukitzeak eta euskara ikasten ari direnei laguntzeak bultzatu ditu horretan hastera. «Ongi pasatzen dugu, dagoeneko elkar ezagutzen dugu eta edozertaz mintzatzen gara. Lagun artean gaude», aipatu du Loidik.
Gehienek aurretik ezagutzen zuten elkar. Kantuz taldean parte hartzen dute askok, eta taldearen sorrera han izan zela gogora ekarri dute Loidik eta Leatxek. Izan ere, euskaraz abestean, zalantza ugari sortzen zitzaizkien euskaraz ez zekitenei. 'Hitz honek zer esan nahi du?', galdetzen zuten askok. Horrela sortu zen gaur egun dagoen mintzapraktika taldea. «Behin, euskaraz aritzea proposatu genuen eta taldeka biltzen hasi ginen».
Politika, zinema, kultura, Barañain eta Nafarroa izaten dituzte hizketagai. Loidik azaldu duenez, orain dela lau urte hasi ziren biltzen. Gogora ekarri du egiturak lantzen hasi zirela eta hitz egiteko aukeratzen zituzten gaiak sinpleagoak zirela, hizkuntza menperatzen ez zutelako. «Orain, gutxi gora-behera guztiak maila berean gaude eta horrek laguntzen du. Euskaltegira joaten direnek ere zuzentzen gaituzte, guk gramatika ahaztuta dugulako.», adierazi du.
Hala ere, ez dute nahi euskara klasea izatea. «Euskaraz hitz egiteko bilgunea da gurea. Ez dugu gramatikarik eman nahi, horretarako beste bide batzuk daude, euskaltegiak, adibidez», azaldu du Leatxek. Izan ere, hizkuntzak ikasterako orduan gramatikak eta teoriak izaten dute garrantzia, baina hitz egitea eta trebetasuna lantzea ezinbestekoa da. «Konturatu nintzen jende askok bazekiela euskara baina ez zuela hitz egiten, lotsarengatik edo dena delakoarengatik. Hitz egitea da lortu behar duguna», gaineratu du.
Biak adierazi dute elkartzen hasi zirenetik hobetu dutela euskaraz. «Noizean behin gure artean esaten dugu: asko aurreratu zara! Horrek jarraitzera motibatzen gaitu», esan du Loidik. Dena den, egunerokoan euskaraz aritzea zaila da haientzat. Lanarengatik edo familiak ez dakielako, gutxitan erabiltzen dute euskara eta gazteleraz hitz egiten dute. Euskarak haien bizitzetan gero eta garrantzi gehiago izatea nahi dute eta gutxika-gutxika lortzen ari dira, astero mintzakideekin trebetasuna landuz. «Ohitura bihurtu behar dugu. Orain, beste edozein lekutan euskaldun batekin topo egiten dudanean euskaraz egiten dut eta ez gazteleraz», azaldu du Loidik.
Ostiralero, hamaika lagun inguru elkartzen dira Barañaingo liburutegian euskaraz aritzera. Maite Saralegi barañaindarrak gidatzen du taldea, eta azaldu duenez, Kantuz taldeko hainbat kideri euskararekiko jakin-mina piztean sortu zen taldea. «Abestietako hitzen esanahia jakin nahi zuten eta horrela hasi ginen taldean». Saralegik adierazi duenez, maila apala duten ikasleak dira, eta beraz, hitz egiteaz gain, gramatika eta esamoldeak irakasten ditu tarteka. «Euskaldun zaharrak daude taldean, baina askori ahaztu zaie hitz egitea eta horregatik daude hemen, pixkanaka berreskuratzeko», dio Saralegik.
Ana Uhalde ostiralero liburutegira joaten den kidea da. Bi urte daramatza Uhalde euskaraz ikasten, eta egitasmoarekin pozik dagoela adierazi du. Etxean ez du euskaraz hitz egiten, eta ostiraleroko hitzordua da beste euskaldunekin euskaraz hitz egiteko duen aukera bakarra. «Hitz egitea da gehien kostatzen zaidana, baina beharrezkoa dela uste dut. Inpotentzia modukoa sentitzen dut, nahi eta ezin», adierazi du.Taldean parte hartzen du baita ere Luis Mujika iruindarrak. Sei urte daramatza euskara ikasten, bere kabuz eta baita ere euskaltegian aritu da. Seme-alabak bultzatuta hasi zen euskara ikasten eta urte hauetan guztietan poliki poliki aurreratu duela uste du. «Zaila da hizkuntza erabiltzea zure egunerokoan, baina hori lortzea nahi dut».
Gazteentzat eredugarria
Bai Akelamendiko taldean eta baita ere liburutegiko taldean helduak dira mintzakideak, eta hori «gazteentzat eredugarria» dela uste du Leatxek: «Gazte askok badakite euskaraz baina ez dute hitz egiten. Helduek euskarari heltzen badiogu pizgarriak izan gaitezke haientzat». Bere ustez, Barañainen ez da euskara askorik entzuten, eta leku eta giro zehatzetara lotuta dago. «Euskararen alde daude askok, baina gero euskaraz hitz egitea eta ikastea beste kontu bat da. Euskara kalera atera behar dugu», iritzi dio.
Mintzapraktika taldeetan parte hartzen duten lagun guztiek nabarmendu dute oso esperientzia aberasgarria izaten ari dela, eta egitasmoan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak, ekarpen handia egin dezaketelako Barañainen euskalduntzean.