2017-05-25
Cultura - Kultura

Barañaingo Jai Batzordea: “Kultura erakusteko eta kalera ateratzeko helburua izan genuen”

Barañaingo Eguna ospatuko da larunbata honetan, hamahirugarren edizioa izanen da aurtengoa. Jai Batzordea da antolatzailea, Plazaberrik beraiekin egoteko aukera izan du urte hauetako bilakaeraz hitz egiteko.

Argazkia: Plazaberri.

Zein urtean izan zen lehenengo Barañaingo Eguna?

2005 urtean egin genuen lehen aldiz. Iruñean elkartu ginen lehenengo, Euskal Jaia antolatzeko asmoarekin bildu ginen han. Jai horren prestaketa lanetan ari ginela, Barañainen egiteko aukera bururatu zitzaigun, izan ere, Euskal Jaia Iruñean ospatzen da, eta guk gure herrian egiteko ideia izan genuen.

Zergatik ikusi zenuten horrelako jai baten beharra Barañainen?

Euskal kulturarekin zerikusia zuen jaia bilatu genuen lehen unetik. Chuchin, Ainhoa, Aitor Sanz, Txistulariak, Ivan Baztan, gutxi batzuk izan ginen hasiera batean elkartu ginenak. Gure kultura ikusarazteko egun bat bihurtu nahi genuen, herritarrekin egun bat elkar banatzeko. Trikitixa eskolako kide batzuk, Txistulariak, eta Harizti Dantza Taldea elkartu ginen eta bost lagunen artean aurrera atera genuen ideia hura.

Zein izan zen hasierako helburu nagusia?

Euskal kulturaren aldarrikapena kalera atera nahi genuen garai hartan. Herriko eragile eta kolektiboak mugitzeko beharra ikusi genuen baita ere. Kultura erakusteko eta kalera ateratzeko helburua izan genuen. Hasierako Barañaingo eguna, ekitaldi gutxi batzuek osatzen zuten jaia zen, urteekin asko aldatu egin da.

Herria egiten izan zenuten lehen leloa ezta?

Bai, horixe da. Oraindik urte hartako pegatinak eta guzti gordeta dauzkagu. Lehen urtean Haizea Elkarteko koadrila batek egin zuen bazkari herrikoia adibidez, Txistulariak, Gaiteroak izan genituen. Oso egun herrikoia izan zen, baina beti ere kolektiboen parte hartzearekin. Eta leloari dagokionez, Barañain Iruñetik oso gertu dagoen herria dugu, eta askotan herri izaera hori sustatzea ezinbestekoa da.

Herri izaera errotzen laguntzen al du jai honek?

Bai, noski baietz. Asteburu honetan Barañaindar asko aterako dira eta gainera data gordeta izanen dute egutegian. Jai honi lehentasuna ematen zaio, eta esan beharra dago, geroz eta parte hartze handiagoa dagoela. Honek guztiak herri izaeraren sustapenean laguntzen du. Oso giro polita sortzen da, eta herriko jende desberdina elkartzeko topaleku bilakatu da.

Jaiaren bilakaera nabaritu duzue?

Geroz eta jende gehiagok parte hartzen du gaur egun, eragile desberdinak gerturatzen dira, eta ekitaldi kopuruari dagokionez asko handitu da. Egia esan oso balorazio ona egin dezakegu, izan ere, geroz eta indar handiagoa hartzen ari den jaia da eta alde horretatik oso pozik gaude. Egun handia larunbatean izanen dugu, baina horretaz gain, hamaika ekitaldi antolatu ditugu. Pintxo potea, erakusketa, krosa, urtez-urte gauza berriak gehitu dizkiogu jaiari. Duela urte batzuk egitaraua aste bateko luzapenarekin antolatzen dugu.

Nor zarete antolatzaileak?

Jai Batzordea da Barañaingo Eguna antolatzen duen eragile nagusia. Esan beharra dugu, Jai Batzordean, Barañaingo kolektibo guztiek lekua dutela, eta ordezkari desberdinak daude herriaren irudi orokor bat edukitzeko eta herritar norbanakoak ere partaide dira. Honetaz gain, Barañaingo Udalak beti lagundu gaitu.

Aurtengo berrikuntza?

Udal Plazan karpa bat jarri eginen dugu aurten, Mus Txapelketa eta arratsaldean puzgarriak egonen dira. Jai giroa Udal Plazako karpan elkartzea gustatuko litzaiguke, eta ekitaldi gehienak han izanen dira. Bestalde, Krosa nahiko berria da eta geroz eta jende gehiago animatzen ari da. Lehenengo urtean adibidez, ehun bat pertsonek parte hartu zuten eta joan zen urtean zazpiehun baino gehiago etorri ziren. Duela urte batzuk ere tabernen presentzia areagotzeko pintxo potearekin hastea erabaki genuen, eta primerako ideia izan zen.

Aurtengo omenaldia nori eginen diozue?

Barañaingo Euskal Kantak Taldeari eginen zaio. Urtero herriko kolektibo bat aukeratzen da eta beren lana eskertzeko egiten dugu omenaldia.

Diseño y desarrollo Tantatic