2017-06-27
Cultura - Kultura

Afu talde Barañaindarrak hamarkada bat bete du

Barañaingo jaietako ostiralean kontzertu berezia eskainiko dute txozna gunean

Argazkia: Plazaberri.

Afu taldeak aurten, hamar urte beteko ditu lehen kontzertua Barañaingo jaietan eman zutenetik. Lehen hitzordu hura, txoznetan izan zen, eta Barañaindar hauen ibilbidearen historian sakontzeko, Plazaberri, taldeko bi kiderekin egon da, Ion Erro Arbizu eta Oihana Fernandez Iturri. Hamarkada batean bizipen ugari izan ditu Barañaingo taldeak.

Noiz sortu zen Afu taldea?

Oso urruti ikusten dugu hori, egia esan. Hasiera batean, gaztetxean elkartzen ginen asteazkenean musika munduan aritzeko. Ohitura gisa hartu genuen bertara astero joatea, lagun batek gaztetxean estudio bat sortu zuen eta horrek lagundu egin gintuen lekuari dagokionez. Arkada taldekoak beste egun batean elkartzen ziren adibidez.

Hasieratik zuen kantuak egin zenituzten?

Ez, hasieran bertsioak egiten genituen. Egia esan, gure asmoa ez zen talde bat sortzea, musika egitea baizik. Jende asko elkartzen ginen bertan, Barañaingo herritar desberdinak. Gogora ekarri nahiko genuke, adibidez, Rapean aritzen ziren bi Senegaldarrekin abesti  bat grabatu genuela, ijito batekin ere kantatzen genuen, hantxe elkartzen ginen denak.

Noiz hartu zuen Afuk talde forma?

Lehengo kontzertua 2007ko Barañaingo jaietan eman genuen.  Bertsioak egiten genituen bakarrik hasiera batean, baina lehen kontzerturako abesti pare bat guk egindakoak ziren.

Zer helarazi nahi zenuten zuen musikaren bidez?

Zaila da definitzen, iraultzaileak izan nahi dugu. Gizartearen iraultza, baina baita barruko iraultza, autogestioa, abesti bakoitzak oso gai desberdinak izan ditzake. Naturarekiko ardura, gaztetxean guztiok genituen kezkak islatu nahi genituen gure kantuetan. Ez dugu ildo finkorik zehaztu inoiz.  

Lehen kontzertua eman eta gero zer?

Barañaingo jaietako kontzertua eman eta gero  Sanferminetan jo genuen, eta berehala leku desberdinetatik deitzen hasi ziren. Txozna eta gaztetxe askotan ibili gara, eta ohartu gabe taldea sortu genuen.

Zein da zuen estiloa?

Ez dugu estilo bakar bat, asko lantzen ditugu. Instrumentu aldetik, saxofoia, tronpeta, bi gitarra akustiko, baxua, ahotsa eta perkusioan kongak eta kaxa. Reggae, salsa, estilo latinoekin eroso aritzen gara eta herrialde desberdinetako musika asko gustatzen zaigu.

Zenbat disko kaleratu dituzue?

Disko batetik bestera urte batzuk pasa dira hiru gutxi gorabehera. Aprendamos a desaprender, 2010ean argitaratu genuen lehen diskoa, bigarrena, 2012an, Lurraren komunikazio taupadak eta azkena, Zoroak Hegaz goaz 2015 urtean kaleratu genuen. Lehen diskoan Reggae eta Rumba izan dira estilo nabarmenenak eta beste bi diskoetan estilo latinoagoa hartzen joan gara. Estilo berriak frogatu ditugu, salsa, musika Andinoa, bolero bat eta geroz eta letra gehiago euskaraz egiten ditugu.

Modu berezian prestatu duzue aurtengo kontzertua?

Bai, taldetik pasa diren guztiak eszenatokira igotzen saiatuko gara. bakoitzak bere lana bere bizitza dauka eta ez da erraza. Guretzako oso polita izanen da, kantu zaharrak jotzea, berreskuratzea, alegia. Kamiseta batzuk aterako ditugu baita ere jaietan saltzeko, hamargarren urteurrenaren aitzakiarekin. Aurten berriz ere taldea moldatu beharra dugu, izan ere, bateria sartu egin dugu eta aldaketa batzuk egin behar ditugu. Udako kontzertuak eta gero formatu berri honekin landu beharra dugu taldea.

Kontzertu gehiago udan?

Sanferminetan, uztailaren 13an Karmen kalean joko dugu, uztailaren 27an Hernanin, uztailaren 28an Baionako Gaztetxean, abuztuak 8 Gasteizko jaietan, abuztuaren 13an Ondarruko jaietan.  Normalean, udan ez dugu kontzertu askorik egiten lan kontuengatik, baina moldatzen saiatzen gara.

Kanpora atera zarete?

Bai, bai. Bretainiara bitan joan gara jotzera oso bira polita egin genuen han udan. Lagun baten bitartez iritsi  ginen hara eta oso gustura egon ginen. Beste behin Italian egon ginen, Milan eta Bergamon izan ginen, eta gure lehen irteera, Espainiar Estatutik izan zen, kontzertu batzuk lotu genituen, baina bidean ere gehiago lortu genituen, oso esperientzia polita.  

Diseño y desarrollo Tantatic