2014-03-16
Historia - Historia

Ekintza Irratia, Barañaingo Irrati Askea

Gazteen Ekintza Taldearen historia errepasatzen dugu taldeko bi kideen laguntzaz.

"Egin"-en Ekintza Irratiaren ebakinak.
"Egin" egunkariak Ekintza Irratiaren eta fanzinearen jaiotzaz informatu zuen.

Ekintza Irratiari buruz hitz egitean, hitz egin behar dugu ere Ekintza Taldeari buruz. Aldi berean, atzera egin behar dugu 25 urte eta 80. hamarkada bukaerako gazte baten buruan jarri. Kalean drogaren eta bere eraginen presentzia nabarmena zen, baina baita gazteri disidente batena; intsumisioaren garaia da, lehenengo okupazioena, Euskal Rock Radikalaren garaia, Urralburu korruptoaren agintaldia, %20ko langabezi tasa Estatuan, gerra zikina Euskal Herrian eta kaleetan protestak. Baita sormen garaiak izan ziren: irrati askeak hedatzen ari ziren gure geografian eta tabernetan autogestioaz egindako fanzineak topatzea ez zen zaila.

Modu orokorrean testuingurua jarri dugula, bertan kokatu dezakegu Ekintza Taldearen eta Irratiaren jaiotza. Ekintza Taldea 1987-1988an sortu zuten Barañainen gazte batzuk. Bertan parte hartu zuen Josu Fabok gogoan du zergatik sortu zen: «gazteen asanblada bat egin genuen eta ideia herriko gazteak batzea zen. Garai haietan irrati askeak modan zeuden: Eguzki Irratia sortua zegoen, Zarata Irratia sortu zen, Sanduzelain bazegoen beste bat... guk ere irrati bat sortzea erabaki genuen eta izena aukeratzerakoan Ekintza Irratia deitzea erabaki zen», kontatu du Josuk.

Inaugurazioa

1988ko "Egin" egunkarian Karmele Solaguren egunkariko kolaboratzaileak adierazi zuenez, Ekintza Irratia uztailaren 4an jaio zen 22:30etan. Irratiaren jaiotza iragartzeko -107,5 frekuentzian- suziriak bota zituzten gazteek. «Beren asmoa frekuentzia adina suziri botatzea zen, baina bigarren dozenarekin zirenean uko egin behar izan zioten nahi horri bizilagunen kexak zirela eta, hurrengo egunean lan egin behar baitzuten». Inaugurazio gau horretan 30 lagunek agurtu zuten Iruñerria Ekintza Irratiaren uhinetatik.

«Lokala Gaztainondo plazan zegoen, 2. edo 3. zenbakian, Auzokide Elkartekoa zen lokal txiki batean», dio Josuk. «Ekipoa bonoekin, pegatinekin eta kuota txikiekin ordaindu genuen, jendea diruz laguntzen baitzuen, garai batean 140-150 lagun inguru ginen. Programak egiten gutxiago ginen eta bakoitzak bere bi orduko txanda betetzen zuen», gogoan du. Garai horretan, 19 urte zituen eta gazteagoak ere baziren programak egiten. Josu eta Iñigo Orduñak gogoan dituzte izen batzuk: David Orduña, Asier Elizetxe, David Soto, Mikel Enekoitz, Juanjo `pelotas´, `Ruso´, `Buho´, Asier, Sergio, Igor...

Programak

«Bakoitzak gustoko zuen gaiaren inguruan egiten zuen txanda, batzuk musika jartzen zuten, etxetik ekarri behar zutena, besteek herrian gertatzen zenaz hitz egiten zuten... Gogoan dut jazz programa egiten zutela lagun batzuk, programa oso polita», dio Josuk. «Programazioarekin desastreak ginen, guztiz asanblearioa zen guztia, irratia jendeari ireki genuen eta denetarik sartu zen baina uste dut albistegirik ez genuela egiten», gaineratu du Iñigo Orduñak. Josuk, aldiz, gogoan du kalera ateratzen zirela beren walkman eta cassetearekin grabatzera eta gero pletinan jartzen zutela. Jendea parte hartu zezan buzoi bat zuten jarrita estudioaren kanpoko aldean, «eta zeozer aurkitzen genuen hor», gaineratzen du.

Bestelako irrati askeen antzera lizentziarik gabe igortzen zuten. Ekipoa xumea zen: irrati aparatua, cassetea, nahasketak egiteko mahaia eta disko-jogailu bi plater, «garai horretan biniloekin aritzen ginelako oraindik». Autodidaktak izan ziren: «antena "ilegal" bat jarri genuen; teilatura igo nintzen soka batekin, tekniko batek prestatutako antena batekin eta kablea beheraino bota nuen, kable luzea etxeak 8 pisu baititu. Bertan emisorea irrati aparatura konektatu genuen eta piztera eman genion eta horrela hasi ginen», kontatzen du Josuk. «Ideia Iruñerria osora iristea zen eta programazio jarraia egitea 12:00etatik 00:00etara, baina hori hasierako hilabeteetan bakarrik egin zen; hasieran astean txanda bat genuen baina gero hutsuneak egoten baziren eta nahi bazenuen betetzen zenuen hutsune hori», gaineratu du.

Kale animazio taldea

Irratia sortzea ez zen izan irratian ibiltzen ziren gazteen egitasmo bakarra, izan ere, kale animazio talde bat sortu zuten. «11-12 urteko txikientzako zerbait egitea pentsatu genuen eta trikimakoetan ibiltzen erakutsi genien, gero gurekin etortzen ziren emanaldietara. Kale animazio taldea arrakasta izan zuen, herrietatik deitzen ziguten parte hartzeko eta ordaintzen zigutenarekin hortik mugitzeko furgoneta bat erosi genuen, pentsa... Diru hori taldearentzat zen, gastuak ordaintzeko. Baita txozna bat jarri zen Barañaingo festetan eta udalak dirulaguntzaren bat eman zigun», dio Josuk.

Iñigo Orduñak txoznen jaiotza kokatzen du garai honetan. «Ekintzak txozna jarri zuen garaian bakarrik euskaltegiko `puretak´zeuden Benito Lertxundi eta Egan jartzen eta guk txozna ipintzean gazteriarentzako musika jartzen genuen eta orain gogoan ez ditudan kontzertu handiak ere antolatu genituen; esan daiteke gurekin jaio zirela Barañaingo txoznak», kontatzen du Orduñak.

«Jendeari trikimakoetan ibiltzen erakustean pare bat zuhaitz kaltetu genituen eta bizilagunek eskuak burura eramaten zituzten. Guk zuhaitzak bakarrik zirela erantzuten genien eta ordainduko genituela. Eta horrela egin genuen: Udaletxera joan ginen eta esan genien `Guk izan gara eta ordaindu nahi dugu´», barre egiten du Josuk.

Herriko hainbat gauzetan parte hartu zuten Ekintza Taldeko gazte hauek. Baita herritik kanpokoetan, «intsumiso aitortu ginen lehenengo taldeetako bat izan ginen», dio Josuk. Baina horretaz gain, «salatu zitekeen guztia salatzen genuen», esaten du. «Gogoan dut Arga Ibaia kaleko pisuak eraikitzen ari zituztenean parte hartu genuela horren aurkako borrokan, etxebizitza sozialak izatea nahi genuelako, eta urte askotan geldituta egon zen hura», dio Josuk. Iñigok gogoan du suziriekin «eraizpen simulazioa» egiten zituztela lanak geldituta zeudenean.

Fanzinea

Baita "Egin" egunkarian esaten denez, fanzine bat sortu zuten 1988ko abenduan, "Txuri Muski" izenekoa. 500 ale atera ziren eta 20 orrialde zituen. 100 peseta balio zuen eta tabernetan eta Auzokide Elkartean eskuratu zitekeen. «Fanzinearen testu eta irudiei dagokionez hauek krikikoak direla diote eta jarraibide bat eskaini nahi dutela "maila ofizial eta ofiziosoan ematen diren intoxikazio informatiboen aurka"», biltzen du Karmele Solaguren kazetariak.

Fanzinean gazteei interesatzen zitzaizkien gaiak agertzen zirela gaineratu zuen Solagurenek: Barañainen 1988ko urtarriletik abendura bitarte gertatu ziren gauzak bildu zirela, "Tabarra oi" izenburuko umorezko gehigarria zuela eta euskal presoei aipamena egiten zitzaiela, "Egin" egunkarian adierazten denez. Fanzinea hiruhilekoa izanen zela adierazten da baina ez dirudi ibilbide luzea izan zuenik. Iñigo Orduñak gogoratzen duenez bakarrik bi ale kaleratu ziren.

Udalarekin harremana

Gazte talde honen harremana Udalarekin zaila izan zen. Irratiak 3 edo 4 urte inguru iraun zuen eta hasieratik bizilagunekin ere tirabira askoko harremana izan zen, «12:00etatik gauerdira arte emititzen genuen, oso gazteak ginen, pertsonen mugimendu nabaria zegoen eta zarata egiten genuen», dio Josuk. Gainera arazoak hasi zirenean Auzokide Elkarteak Udalari beste lokal bat eskatu zion eta Herri Zaharrera mugitu zirela gogoan du. Iñigoren ustez «bizilagunak erotzen genituen, telebistatik irratia sartzen zitzaien, baina pazientzia asko izan zuten gurekin».

Gertakarien artean irribarrez gogoan du Orduñak taldeko batek broma bezala atezain automatikora deitu zuela eta "abra, la guardia civil" esan zuela. Horren ondorioz, han zirenak lehiotik jauzi egiten alde egin zutela eta bera emisorea bere lekutik ateratzen saiatu zela harekin etxeko patiotik alde egiteko. «Bazegoen Goardia Zibilaren sargento bat guk egindako zerbaitetara etortzen zenean esaten zigula "¿otra vé ustedes?" baina ez zuen antzekotasunik gerora herrian ikusi zen errepresioarekin. Beti esaten dut 10 urte beranduago jaio izan bagina, izenarekin bakarrik kartzelan egonen ginela guztiak», uste du Orduñak.

«Udalak lokala hainbat alditan itxi zigun baina berriro irekitzen genuen. Sartzen ginen eta sarraila aldatzen genuen. Baina azkenean hortik kaleratzeko modua aurkitu zuten: gure ekipoa bahitu zuten eta ondoren ez genuen berreskuratu», dio Josuk.
Udalak irratia behin betiko ixten saiatu ziren momentu batean gazteek Findeon gazte taldearen lokala okupatu zuten. Josuk esaten duenez, gazte hauek udalarekin harreman ona zuten eta udalak lokal hori utzi zien. Ekintzako gazte batzuk erabaki zuten lokal hori okupatzea berea berreskuratu arte eta horrela atea ostikoka apurtu eta lekua okupatu zuten, denbora gutxi hori bai, egun bat eta erdi gutxi gora behera iraun baitzuten.

«Azkenean taldea desagertzen joan zen. Ekipoaren bahiketaren ondoren, bertan gabiltzanok nekatuta geunden eta guztiok utzi genuen; kale animazio taldea ere desagertu zen», dio Josuk.

Handik 2 edo 3 urtera beste gazte belaunaldi batek Sahats plazako gaztetxea sortu zuen.

Diseño y desarrollo Tantatic