2016-04-28
Cultura - Kultura

Modu arduratsuan gozatzeko jai eredu bateruntz

Azken aldi honetan eragile desberdinen ahotan dago jai ereduaren inguruko hausnarketa. Prozesu hauek balioan jarriz gogoeta egin du ere Hegoak Elkarteak.

Hegoak Elkartearen zerbitzua gaueko jai giroan (Argazkia: Hegoak Elkartea)

Azken urteotan jaietan sortu diren ekimen desberdinen eskutik hausnarketa prozesu hau eratzeko beharra nabarmendu dute Hegoak Elkartetik. Iruñerriko auzoko zein herri desberdinetako jaiak etortzear dira, Barañain kasu. Jaien ereduari buruzko gogoeta ematen ari da eta ez bakarrik auzo edo herri mailan bakarrik, baita San Ferminei begira ere.

Hegoak Elkarteak aipatu duenez «Gora Iruña plataformak azken urteotan erakutsi digu San Ferminetan beste modu bat dagoela jai espazio desberdin bat sortu eta era honetan jai eredu desberdin bat sustatzeko; hala nola herrikoia, parekidea eta euskalduna, eta aldi berean parte hartzailea ere izatea posible dela bermatu du». Zentzu honetan, Gora Iruña, San Ferminetako jai ereduari buruzko hausnarketan murgildu da eta hilabeteak dira jaietako balore desberdinak lantzen ari direla eragile ezberdinekin.

Barañainen ere jai eredua hausnartzen

Barañainen ere antzeko prozesu bat sortu da. Udala eta Jai Batzordearen eskutik, martxoan izan zen Barañaingo jaiak prestatzeko lehendabiziko bilera eta bertara, bizilagun eta talde eragile asko agertu ziren. Bertan, «Jaiak garrantzitsuak dira, sektore guztientzat antolatzen dira eta garai batean existitzen zen prozesu parte hartzailea errekuperatu nahi dugu». gogoratu zen.

Zentzu honetan, oso nabaritzat jotzen dute elkarteko kideek, jai eredu berri bat sortu nahi dela testuinguru desberdinetan; auzo edo herri mailatik hasita, San Ferminak edo jai handiagoetara zabalduz, hauetan guztietan balore konkretu batzuetan oinarritutako jaiak bermatzeko.

Hegoak Elkartearen iritziz, oso garrantzitsuak dira auzoetako zein herriko jaiak, «bizilagunek jaien prestaketa prozesua lantzen duten heinean, bereganatzen dituzte jaiaren filosofia eta baita jaia bera ere, jaiaren kontsumitzaile izan beharrean jaiaren parte hartzaile bilakatuz modu eraginkor batean, hortaz, lantzen diren baloreak bereganatzen dituzte eta inplikazioa zabaltzen da herritarren artean, jai askoz ere parekideagoak lortuz eta jaien gozamena bermatuz herritarren artean».

Hain zuzen ere, aisialdiaren fenomenoak azken urteotan gorakada nabarmena izan duela aipatzen dute, batez ere denbora libre gehiago izatea da haien ustez arrazoietako bat. Diotenez, «hau horrela izanik, gozamena gure kulturan atxikita dugun faktore bat da eta sozializazioarekin lotuta dago, besteekin erlazioak sortzearekin eta abar, hortaz, oso elementu garrantzitsua bihurtu da gure osasun psikologiko edo emozionalarentzat».

Herriko jaiak ere, gazteek parte hartzen duten testuinguruetako bat izaten dira, «azaleko begirada batekin esan dezakegu, batzuetan festaren kultura eta bereziki gazteei zuzendutakoa, gaueko aisialdiko espazioetan ematen dela eta musika jarduerekin lotuta dagola, drogen kontsumoarekin erlazionatuta egon daitekeenez» hausnartu dute elkartetik.

Hegoak Elkartearen lan zabala

Zentzu honetan, Nafarroako herriko festetan esku hartuz dihardu Hegoak Elkarteak urtez urte, hau da, drogekin erlazionatutako Arriskuak Murrizteko Estrategia abiapuntu izanik, Kontsumo Arduratsuaren lemapean.

Kontsumo arduratsuak zenbait elementu nagusi hartzen ditu hizpide elkartearen arabera: «jaiak substantzien kontsumoarekin erlazionatuta egonik, testuingurua izango da faktore nagusietako bat izan ere, bertan ematen diren erlazioak izango dira jaien ondorioetan zerikusia dutenak; bigarrenik, substantzia bera izango litzateke berezitasun eta adulteratzaileekin; eta faktore garrantzitsuena da kontsumitzea erabaki duen pertsona bera, bere ezaugarriak, momentuko egoera, kontsumitzeko arrazoia eta norberak hartzen dituen erabaki propioak».

Jaietan esku-hartzea

Honenbestez, adierazi dutenez, oso argi dute baloreak sustatzen diren jaietan esku-hartzea oso positiboa izan daitekeela festetan parte hartzen duten pertsonekin, eta baita soilik festaz gozatzen dutenekin ere. Izan ere, «herriko jaietan aisialdirako baliabide ugari eskaintzen dira, eta honenbestez, jaiak herriak berak sortzen dituenean, errealitateari egokitzen zaio eta herritarren interesetan oinarritutako baliabideak eskaintzen ditu».

Urte asko dira, Hegoak elkarteak Barañaingo jaietan esku hartzen duela. Herriko festetako errealitateari gerturatzen zaio eta errealitate honetan oinarritutako esku-hartzea burutzen du drogen kontsumoa ematen den testuinguruan bertan, fenomeno honekin lotutako arriskuak murrizteko.

Elkartetik pozik jaso dute aurten ematen ari den jai ereduari buruzko hausnarketa prozesua. Herri mugimendutik sortzen ari den ekimen honek onura asko ekarriko dituela ziur dago «jai herrikoiak, parekideak, euskaldunak eta parte hartzaileagoak sortzen ari dira eta balore hauexek berak izan daitezke jaietan ematen diren arriskuak murrizteko abiapuntu nagusietako batzuk».

Hortaz, ziur daude bai Barañaingo jaietan zein Iruñerriko auzoetan, San Ferminetan, edo beste jai-giro testuingurutan ere, jaien ereduari buruzko hausnarketa prozesuak sortzen badira, «denon artean modu arduratsuago batean gozatuko dugula gure jaiekin».

Diseño y desarrollo Tantatic