Gutuna - Cartas
Euskara desagerrarazten duzu
Bai bai, zu. Euskara agertarazi dezakezun hori, erdara aukeratzen duzun bakoitzean euskarari lekua lapurtzen ari zara. Herria erdalduntzen. Hainbeste lan egin zuten 50 eta 60ko hamarkadetan jaiotakoek euren seme-alabek euskara ikas zezaten. Gau- eskolak, ikastola klandestinoak…
Eman al du lan horrek bere fruitua?
Errepikatzen den ameskaiztoa gertatzen ari da gure herriko guraso gazteen artean. Haien gurasoak erdaldunak dira, beraz etxeko giroa zeharo erdalduna izan da. Lagun arteko harremana ere zeharo erdalduna izan da eta ondorioz, bikotearekiko harremana ere erdaraz. Nahiz eta lagun taldea euskalduna izan, erdaraz jo ta ke! Nahiz eta bikotea euskalduna izan, erdaraz jo ta ke!
Halako batean seme-alabak izan dituzte eta... haien harremana erdaraz izaten jarraitzen du. Seme edo alabari euskaraz egiten diote, noski, (ze uste dute, tontoa dela hala?) baina ez zaie burutik pasa ere egin alaba edo semearen eredu izatea eta haien arteko ohitura aldatzea.
Beraz, 50. eta 60. hamarkadetan jaiotakoen lana pikutara doa, 2015eko euskaldunen etxeetako giroa erdara ia hutsezkoa baita. Seme eta alaba horiek euskara arraro sentitzen jarraituko dute, eskolan baino ez baitute entzungo!
Eta horrela jarraituz gero 2045ean okerrago egongo gara. Hizkuntza txikiek aurrera egin ezean, berehala hasten baitira atzeraka.
Datozen belaunaldiek euskara normaltasunez bizi dezaten nahi baldin badugu, hobe dugu euskara lelo eta bileretatik atera eta kalean agerrarazi.
Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago.