Gutuna - Cartas

2021-05-06

Utzi bakean Barañaingo gazteria!

Julen Cambra
Barañaingo Gazte Koordinadora Sozialista eta Barañaingo Gazte Asanblako kidea

Gazteak hizpide izan gara azken hilabeteetan eta, pandemia aitzaki, arduragabekeri eta axolagabekeri irudia nagusitu da gugan. Alta, errealitatea arrotza zaigu egungo krisian. Gure aisialdirako espazioak —oro har, kontsumora behartzen ez gaituzten horiek— ukatuak izan dira, hauetan jazarpen poliziala nagusitu delarik: isunak, identifikazioak, mehatxuak eta antidisturbioak ere ikusi izan ditugu maiz Barañainen eta, zehazki, lakuan. Gure herriko kaleek presentzia polizial itogarria besterik ez digute eskaintzen. Baina gure herria ez da salbuespena, hainbat herrietan eta auzoetan pareko errealitatea ezagutu baitute gazteek. Izan ere, Gazte Koordinadora Sozialistatik (GKS) salatu bezala, egungo krisiari aterabide poliziala eman zaio.

Errealitateari helduz, gaur egun bizi dugun krisiaren kausa pandemia izatetik urrun, hura katalizatzaile bat besterik ez da izan. Hartara, ate-joka zetorren egiturazko metaketa-krisi baten aurrean gaude, non eta burgesiak kapital metaketa bermatzeko berregituraketa ekonomiko zein soziala ezartzen ari den. Beraz, gizarte eredu berri baten oinarriak ezartzen ari da estatu burgesa eta, hori horrela, sistemari berezkoa zaion gazte kriminalizazioa areagotu da. Ordena burgesa mantentzeko helburuarekin, etorkizuneko langile izango diren gazteak otzanak, sumisoak eta akritikoak izatea bilatzen du burgesiak, neurri disziplinarioak baliatuz.

Testuinguru horretan ulertu behar ditugu Barañaingo kaleetako gertakariak. Aipatutako aterabide poliziala, hortaz, krisiari eta kapital metaketa ziklo berriari egokitzeko beharrari erantzuten dio. Aurreko krisiak, nire belaunaldiak nerabezaro goiztiarran ezagututakoak, mozal legea ekarri zuen 2015. urtean, errepresio eta jazarpenerako marko berria ezarriz. Askatasun politikoei mugak jarri edota haiek ezeztu zituen orduan eta, gaurkoan, alarma estatua dugu askatasunen deuseztapenerako tresna.

Etorkizun gogorra datorkigu langile klaseari, bada, Barañaingo Gazte Asanbladatik zein Barañaingo GKStik egoerari antolakuntzaz erantzuteko hautua hartu dugu, bai hilabeteotan jasandako jazarpenari, bai eta datozten krisiaren ondorioei aurre egiteko ere.

Utzi bakean Barañaingo gazteria!
¡Basta de acoso policial!

Diseño y desarrollo Tantatic