Aszen Argandoña
540 egun
Ia 18 hilabete, ia urte eta erdi dira 540 egun. Denbora tarte hori egin du Barañaingo Sahats euskaltegiak Nafarroako Gobernuaren inolako diru-laguntzarik gabe, Nafarroako AEK-ko eta IKA-ko gainerako euskaltegi guztiek bezala. Jakin badakit beste alor batzuetan ere murrizketa ugari gertatu dela, batez ere hezkuntzan, osasungintzan eta kulturan. Baina gurean bide luze baten amaiera da hau. Izan ere, 2001etik 2012ra bitartean %75 murriztu zuen gobernuak herriak orain 40 urte sortutako euskaltegiei ematen zien diru-laguntza. Urtetik urtera estuago hartu izan ditu UPNren gobernuak euskaltegiak, baita krisiaren aitzakiarik ez zuenean ere. 2005ean, esaterako, 2004an jasotakoaren herena jaso zuten Nafarroako AEK-k eta IKAk, eta orduan nekez erabil zezaketen aitzakia hori.
Kontua ez da krisia, beraz. Kontua gobernuak euskarari dion gorrotoa da, bertako hizkuntzari dion ezinikusia eta amorrua, egiten ari diren hizkuntza politika da kontua, euskara Nafarroa Garaitik desagerraraztea helburu duena, nafar euskaldunak gure lurrean atzerritartzat hartzen gaituena, euskaltegiak ito nahi dituena, D ereduaren kontra ari dena, Euskalerria irratia eta herrietako gainerako hedabideak mututu nahi dituena, udaletako euskara zerbitzuei baliabiderik ematen ez diena, ETB 3 ikusi ahal izatea galarazten diguna, irakaskuntza arautuan ingelesa euskararen hedapena oztopatzeko erabiltzen duena, euskara herritarron begien bistatik ere kendu nahi duena, nafarron nortasuna ezabatu nahi duena, azken batean.
Eta ederki asko dakite etxekalte horiek, atzerriko agintarien morroi otzan horiek, erdara nagusi den Nafarroako herri eta hirietan euskarak ez duela aurrera eginen, helduek ikasten eta erabiltzen ez badute. Ederki asko dakite AEK eta IKAko euskaltegiak itxiz gero, urrats handia egingo dutela euskara desagerrarazteko bide horretan, eta horretan ari dira, inolako lotsarik gabe.
Ez dute lortuko, ordea. Nahiz eta inoiz egin diguten erasoaldirik bortitzena den hau – Francoren diktadurapean ere diruz laguntzen zituen garai hartako diputazioak gure euskaltegiak, lingua navarrorum-aren alde zer-nolako lana egiten zuten jakitun-, ez dute beren helburua erdietsiko. Alferrik saiatuko dira, euskara ikasi nahi duten herritarrek izango dutelako nork irakatsia, kosta ahala kosta, UPNren gobernuak ukatzen digun arnasa herriak ematen digulako.
540 egun. Badakigu askoz gehiago izanen direla. Badakigu bidea ez dela samurra izanen. Baina badakigu, era berean, hemen badela euskaraz bizi nahi duen herri bat, euskara Euskal Herriko bazter guztietara eta bizitzaren arlo guztietara zabaldu nahi duena, eta orain 40 urte sortutako euskaltegiei beste behin ere eutsiko diena, herritar guztiak euskaldundu arte.