Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2020-10-17

Ahora me rindo y eso es todo

Amerikako Estatu Batuetako soldaduak, nazien balen azpian Normandiako hondartzetan lurreratzen zirenean, “Geronimo” oihukatzen zuten beren guda-oihu bezala. Alvaro Enrigue idazle mexikarrak galdetzen dio bere buruari nola den posible estatubatuarren kulturan hain txertatua egotea apatxe honen irudia eta mexikarrenean aldiz ez izatea inongo atxikimendurik, are gehiago Geronimo bezalako apatxe askok bere bizitza Mexiko eta EEBB artean pasatu zutelarik (bi ejerzitoengatik ihesean ia beti) eta gaztelera hizkuntza hitz eginda , ingelera ez bezala.
Eleberri zoragarri honetan idazleak, gisa horretako hausnarketak nahasten ditu, azkeneko apatxe libreen historiaren kontakizunarekin. Liburuaren egitura nahiko berezia da, baina interesa mantentzea lortzen du azkeneko orrira arte. Hasierako partean , hiru narrazio hari jarraitzen ditu. Batetik, Camilaren kontakizuna, apatxeek bahitutako emakumearen gorabeherak deskribatzen dituena, bestetik, Camilaren bila aterako den Zuloaga izeneko soldadu eskarmentudunak zuzendutako espedizio bitxiaren abentura (badirudi Camila eta Zuloaga pertsonaia historikoak direla) eta azkenik, idazleak berak, Geronimo eta azkeneko apatxeen datu historikoak nahasten ditu bere kontakizun pertsonalekin. Azken ikuspuntu honek, eleberriari errealismo kutsu bat gehitzen dio eta apatxe buruzagi ezberdinen pasadizo zirraragarriak ezagutzeko aukera ematen digu ere(Vitorio , Mangas Coloradas , Cochise , Nana zaharra ,...).
Beraz, badakizue, Geronimo eta azkeneko apatxe libreen historia ezagutzeko aukera paregabea emanen dizue eleberri honek eta liburuari izenburua ematen dion Geronimo-ren esaldiarekin amaituko dugu: “Lehen nahi nuen lekura mugitzen nintzen haizea bezala , orain errenditzen naiz eta hori da dena."

Diseño y desarrollo Tantatic