Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2016-06-06

Alan Moore

Kaixo berriro friki maiteak. Aurkezpenak iada eginak daudenez, zuzenean goaz gomendioetara. Oraingoan, komikien munduan geldituko gara, askorentzat inoiz egon den komiki-gidoilari handienaren hiru obra ekarriz. Bai, jaun andreok, Alan Moore (Northampton 1953) handiaz arituko gara gaur eta ziur aski askorentzat iada ezagunak diren lan batzuk ekarriko ditugu. Baina jendeak seguraski komiki hauetan oinarritu diren pelikulak ezagutuko ditu (Ooohhh bigarren mailako sasi-frikiak!!) eta hemen noski jatorrizko obra horiek gomendatzen ditugu sutsuki. Gehiago esatearren eta gaurko egilearen nortasuna azpimarratzeko, esango dugu pelikula horietatik zegozkion irabazi ekonomikoei uko egin ziela Moore jaunak, diru guztia obra horien marrazkilariei utziz. Egilearen ustez obra horiek komiki bezala pentsatuak izan dira eta komiki bezala irakurtzeko daude eginak beste medioetara egin diren moldaketa horiek ez ditu batere gustoko (edo zuzenean gorrotatzen ditu).

Beno, hor doaz hiru maisulanak, ordena kronologikoan:

- “V for Vendetta” (1982-1988. Marrazkilaria: David Lloyd) Bere hitzetan, faxismoa eta anarkiari buruzko komiki bat da. 90. hamarkadan (idatzi zen garaian etorkizuna zen hori) Britaina handia diktadura baten menpean dago eta V izeneko gure heroia gobernu hori hondoratzen saiatuko da. Bikaina, besterik ez. Hiruetan nire kuttuna, hasi nuen egunean ezin izan nuen gelditu osorik irakurri arte (eta 10 liburuxkez osatua dago!!).Protagonistak daraman Guy Fawkes-en maskara gaur egun sistemaren aurkako sinbolo bilakatu da (Anonymous hacker taldeak adibidez bere agerraldietan erabiltzen du).

- ”Watchmen” (1986-1987. Marrazkilaria: Dave Gibbons). Nork bigilatzen ditu bigilanteak?Askoren ustez, inoiz idatzi den komiki hoberena. Superheroien komiki bat da, baina hori esatea oso motz geratzea da. Superheroi hauek ez dituzte botere berezirik (batek izan ezik), hau da, gizaki arruntak dira. Erdizka soilik fikziozkoak diren 40-50. hamarkadetan mundua “salbatzen” hasi zen heroi taldea, denborarekin bere jarduerak debekatu zituzten eta orain norbait beraiek hiltzeko asmoekin dabilela dirudi. Hori dena eta askoz gehiago da Watchmen, irakurraldi bat baino gehiago merezi duen komikia dudarik gabe.

- “From Hell” (1993-1997.Marrazkilaria: Eddie Campbell) Jack Tripa-ateratzailearen (Nola demonio itzultzen duzue hori e?? Ba wikipediak horrela :) inguruko komikia. Dokumentazio lan itzela egin zuen Alan Moorek komiki hau egiteko. Hala erakusten dute komikiak amaieran dakartzan eranskinek, non ia-ia orriz-orri azaltzen duen zergatik idatzi zuen hau edo bestea, edo zertan inspiratu zen, edo beste hainbat datu historiko interesgarri. Marrazkiek nahiz eta hasieran sinpleak edo zatarrak irudi dezaketen , modu bikain batean gorpuzten dute istorio beltz eta zoragarri hau.

 

Gehiago ere idatzi du Moore jaunak noski, baina hiru hauetatik astea ez dago batere gaizki. Gaur egun, komikiaren mundutik pixkat bat aldendua omen dabil eta aspalditik bere burua idazletzat baino aztitzat dauka, baina hain ongi idazten du kabroi honek ze azti bat dela ere sinestaraziko digu.

 

“Artea, magia bezala, kontzientzietan aldaketak eragiteko asmoarekin, sinbolo eta hitzak manipulatzearen zientzia da”

Alan Moore

 

Diseño y desarrollo Tantatic