Jon Matxain
Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.
Animaliak ere, parrandazale?
Gabonak joan zitzaizkigun, eta gertu ditugu inauteriak. Ohi denez, jai giroan, alkohola gehiago edaten omen da. Ez naiz sartuko honen arrazoiak bilatzen, baina badakigu pertsona askori “punttua” lortzea gustatzen zaiela, desinibizioa lortzeko beraien buruaren kontrola galdu gabe. Garbi dago, orokorrean, pertsonek egiten ditugula horrelako gauzak. Baina, pertsonek bakarrik? Gaurkoan, erreinu animalean konszienteki mozkortzen ala drogatzen den espezie gehiago dauden aztertuko dugu, egindako ikerketen arabera.
Historian zehar, hainbat animalik mozkortzen ala drogatzen direla esan ohi da, tokian-tokiko istorioen arabera. Drogazaleen artean ualabi marsupialak ala izurdeak leudeke. Australian, ualabiak amapolekin drogatzen direla esan ohi da. Bestalde, izurdeei puxika arrainarekin jolastea gustatzen zaiela ikusirik, hainbatek esaten dute hori egiten dutela drogatzeko. Izan ere, puxika arrainak isurtzen duen sustantzia toxikoa neuroaktiboa da. Egia da animalia hauen portaera aldatu egiten dela egoera hauetan, baina ez dago batere garbi zein den arrazoia. Alkoholarekin, antzeko istorioak daude tximino mota batzuekin eta elefanteekin. Azkeneko bi istorio hauei eginen diegu so sakonago. Benetan, konszienteki mozkortzen dira?
Tximino berdeak Afrikarrak dira. Esklabistek XVIII. mendearen hasieraren inguruan tximino hauek maskota gisa hartzen zituzten, eta hori dela eta, gaur egun tximino hauek Caribeko hainbat irletan aurkitzen ahal dira. Ingurune honetan azukre kainabera asko zegoen, eta bertako azukrea erretzean ala fermentatzean, tximino hauentzat golosina ederra omen zen. Horrela, tximinoek 300 urteren bueltan alkoholaren tolerantzia garatzerik izan omen dute. Tokiko istorioen arabera, tximino hauek eizatzeko, jendeak lehenbizi erakartzen omen zituen ron eta melaza nahasketa bat eskeiniz. Horrela, animaliak mozkortzean, errezago omen zen eizatzea. Tximinoak benetan mozkortzen ziren analizatzeko, ikertzaile mexikar batzuk hau ikertu zuten. Horretarako, tximino talde handi bati bi aukera eman zieten: ur-azukreduna zuen edalontzi bat ala ur-azukreduna alkohol koktel batekin nahastuta zuen edalontzi bat. Ikerketa honen arabera, 5 tximinoetatik batek nahiago zuen ur-azukreduna alkohol koktel batekin nahastuta, ur-azukreduna baino. Are gehiago, alkohola edaten zuten gehienak tximino gazteak ziren, nerabeak, arrak zein emeak. Honen azalpen posible bat ikertzaile mexikarrek eman zuten: tximino zaharrek alkohola agian baztertzen dute bizitza sozialean ekarriko lukeen tentsioengatik.
Bestalde, elefanteak Hegoafrikan marula izeneko fruitu baten zaleak omen dira. Fruitu hau fermentatuta dago, eta horregatik esaten da hau janda, elefanteak mozkortzen direla. Fruituak janda, hainbat elefanteren portaera aldatzen da, eta mozkorrak baleude bezala portatzen dira. Hau ikusita, ikertzaile batzuk ikerketa bat burutu zuten eta ikusi zuten elefante batzuk %7 alkohola zuen edari batekin, nahikoa kantitate edanda, portaera aldatzeko moduko efektua lortzen zela. Beste hitzetan, “mozkortzen” zirela. Naturan ordea, fruituaren alkohol kontzentrazioa askoz ere txikiagoa da, eta elefanteek jan beharko luketen marula kantitatea askoz ere handiagoa litzateke. Hortaz, elefanteak ez dira mozkortzen! Ez behintzat, naturan, marula fruta janda. Hori bai, zer dela eta portaera aldatzen dute zuhaitzen inguruan jatean? Hau ez dago garbi, baina hipotesi desberdinak omen daude. Horien artean, zuhaitzaren enborreko azalean kakalardo mota batzuk daudela, eta hauek sustantzia berezia ekoizten omen dutela. Elefanteek ez dute fruitua bakarrik jaten, enborraren azala ere, eta hor legoke arrazoia. Hala ere, hau ez dago oraindik garbi.
Beste animalia batzuk konszienteki mozkortzen direla pentsatzea erakargarria da, ezta? Istorio gehienetan, ordea, gizakien inbenzioa besterik ez da. Portaera arraroak dauden egoeretan, animalien humanizazioa egiten dugu, animaliei gure portaerak ematen diegu. Hori dela eta, animalia basati mozkorrak ziuraski bakarrik esistitzen dira begiratzen ari den pertsonaren begietan eta buruan. Dena den, ez dugu ahaztu behar gu ere animaliak garela. Eta, hortaz, gureak ere animalien portaerak direla. Ez litzateke arraroa izango, hortaz, gure portaera beste animalia batzuetan aurkitzea. Izan ere, guztiekin arbaso amankomunak ditugu, eta beste primateekin gertatzen zaigun bezala, gure lerro ebolutiboak duela gutxi banatu ziren. Hortaz, portaera batzuk heredatuak izango lirateke. Parranda zaletasuna, ere? Ea etortzeko dauden azterketa zientifikoek zer esaten diguten.