Aszen Argandoña

Aszen Argandoña

2014-01-30

Astoa saldu eta mandoa erosi

Norbaitek negozio kaxkarra egiten duenean erabiltzen dugun euskal esaera zaharra dugu goiko hori, salerosketa norberak uste baino okerrago atera denean esatekoa. Lehendik ere gaizki zegoen zerbaitek okerrera egiten duenean ere entzun izan diot astoaren eta mandoaren kontu hori bati baino gehiagori. Gaztelaniazko de Guatemala a Guatepeor horren parekoa ere badela esango nuke, beraz.

Eta horixe etorri zitzaidan gogora Nafarroako Foru Parlamentuak urtarrilaren 9an onetsi zuen mozio baten berri izatean. Izan ere, urte amaieran D ereduaren inguruan gure agintari eta hedabideek sortu zuten saltsa negargarriaren ondotik, Guardia Zibilaren alegiazko txostena zela eta ez zela bazter guztiak nola kakaztu zizkiguten ikusi ondoren, ez nengoen Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeko foru parlamentari Marisa de Simón Caballero andreak aurkeztu zuen mozioa irensteko prestatuta.

Marisa de Simonek mozio horren bidez premiatu egin nahi zuen Nafarroako Gobernua “ ikastetxe publikoetan hizkuntza eredu desberdinak elkarrekin bizi daitezen egokiak diren prozedurak taxutu ditzan”.  UPN, PSN, Izquierda-Ezkerra, PPN eta atxiki gabekoek atera zuten aurrera mozioa. Gobernuak etorkizunean sortuko dituen ikastetxeez ez ezik, gaur egunean eraikin berean D eredua eta besteren bat hartzen dituztenez ere ari ziren. Dena elkarrekin bizitzearen izenean, bizikidetzaren izenean.

Eta neure buruari galdetzen diot zer hizkuntzatan egingo ote dioten elkarri zorioneko bizikidetza horretan, zer-nolako mesedea egingo ote dien horrek D ereduko ikasleek euskaraz duten hizkuntza gaitasunari, zer hizkuntza erabiliko ote duten bizikidetzaren ikastetxe eredugarri horietako irakasleek lanean, bileretan, oharretan, eta abarretan.

Bada, betikoa, Nafarroa Garaiko herri gehientsuenetan nagusi dena, hegemonikoa dena, mendeetan indarrez ezarri izan zaiguna, lehenengo mailakoa dena, gaztelania. Dirudienez, D ereduko ikasleek euskararekin harreman handiegia izango ote duten kezkatuta daude moderno usteko zenbait politikari, euskaldunegiak aterako ote zaizkigun beldurrez dabiltza munduko hiritar zenbait.

Izan ere, badakigu euskaraz hitz egiteak, euskaraz bizitzen saiatzeak zenbateraino oztopatzen duen bizikidetza, elkarrekin bizitzea. Beharrik hor ditugun erdaldun elebakarrak, Nafarroako hizkuntza ikasteko ahaleginik egin ez duten horiek, guri, ghettoko euskaldun kaikuoi elkarbizitza zer den irakasteko prest. Ederra kontua! A zer mandoa erostarazi nahi diguten!

Diseño y desarrollo Tantatic