Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2017-06-02

Auzo bat baino gehiago

Azkeneko asteetan Euskal Herriko gazte eta herri mugimenduaren esparru oso garrantzitsu bat eraisteko bidean jarri da EAJ. Gasteizeko Errekaleor auzoa, ziur aski jakingo duzuen bezala, hiriko kanpoaldeko auzo bat da. Gainontzekoak bezalakoa izango litzateke ezaugarri batengatik ez balitz: auzoa okupatua dago.

Errekaleor auzoa Gasteizeko kanpoaldeko lurretan dago, hiriko espekulazio esparruaren erdi-erdian. Bere garaian hazkundean zegoen industriak behar zituen langileen bizitoki izateko sortu zen, baina azkeneko urteetan udaletik auzoa hustu, bizilagunak lekualdatu eta osorik bota nahi izan dute. Duela hiru urte ia-ia hutsik utzi zuten, baina bizilagun batzuek bertan jarraitzen zuten, auzotik, bere etxeetatik, bota nahi zituztenen boteretsuei aurre eginez. Egoera horretan, hamar bat ikaslek proiektuari ekin zioten.

Hiru urte pasa dira geroztik, eta 150 pertsona bizi dira orain auzoan. Okupazioaren ondorengo lehen “errekaleortarra” ere jaioa da jada. Auzoa hiltzat hartzen zuten bizilagun horiek bizia hazten ikusi dute berriz bere kaleetan, eta ez edonolakoa. Gazteak, haien artean antolatzen direnak eta bizitzaren ikuspuntu ezberdina eraman dutenak. Batzuk ilusioz, besteak beharrez, baina Errekaleorrera bizitzera joan diren guztiak komunitatean bizi dira, horrek norberaren eta komunitatearen askatasunean positiboki eragiten duen guztiarekin.

Elikadura burujabetzarantz zuzendutako baratza, okindegia, frontoi eraberritua, Gaztetxea, zinema… Asko dira auzo txiki honetan ia ezerezetik hazi diren ekintza, denen eskutik denentzako eginak. Ezinezkoa egi bihurtu dute. Antolakuntza, autogestioa. Honek sortzen duen ilusioa geldiezina da.

Azken arrazoi horregatik, bizitzaren ikuspuntu hau ez da inoiz ongi etorria izan botearen aldetik. Euskal Herriko eskuineko alderdiak, sigla guztiekin, beti egon dira horrelakoen kontra. Errekalde auzoko Kukutza Gaztetxearen adibidea ezaguna da. Kasu honetan lurraren jabeak helburu ekonomikoa besterik ez zuen mugimendu espekulatibo huts bat jarri nahi izan zuen martxan, eta Azkuna alkatearen ideologiaren babesean, bere eskubideak Errekalde auzoaren gainetik jarri ziren. Gaztetxea bota eta geroztik hutsune bat utzi zuen auzoan. Ez da eraikinik egin lur sailean geroztik. Alkateak bere ikuspuntua agerian utzi zuen, betirako esaldi hau utziz: “Nosotros defendemos otro modelo de sociedad”.

Orain, Urtaran alkateak (EAJ-PNV, berriz), lurrez inguratutako auzo bat bota nahi du baratzak jartzeko intentzioarekin (haren esanetan). Errekaleorreko auzokideek guzti honen atzean espekulaziorako bidea irekiko duen lur libreak izatea besterik ez dagoela diote.

 

Joan den astean Ertzaintza Errekaleorren sartu eta argia moztu zuen. Kaleak eta etxeak iluntasunean daude geroztik “segurtasunaren izenean”. Hala ere, honek ez auzokideen indarra itzali.

Errekaleor eredu bat da beste mundu batean sinesten dugunontzat. Txikia da mundu oso batekin konparatuz, baina ezingo dugu mundua aldatu gure inguruko errealitatea aldatzeko gai ere ez bagara. Oraingoz, hiru ideia: estatuko esparru okupatu handiena, Gasteizen euskara gehien entzuten den auzoa (eredugarria hizkuntzaren erabileran), eta hemendik gutxira Europako irla energetiko handiena. Udalak argia kendu ondoren, hasi dira lehen plaka jarriz, eta crowfunding kanpaina bat abian jarriko dutela ere iragarri dute auzo osoa eguzki energiarekin hornitzeko.

Boterea dutenek haien burutatik botatako espazio ahaztu bat horrelako erreferente batean bilakatu dute 150 pertsonek. Berriz ere hor dugu eztandaren kausa: antolakuntza eta autogestioa.

Ezin da sinetsi Udalak bere hitzen fatxadaren atzean interes pribatuen defentsa ez dagoenik. Bitartean, Errekaleorrek zutik jarraitzen du eta manifestazio batera deitu dute larunbat honetarako. Eraispenaren kontra, Gasteizko kaleak bete egingo dira. Ez da etxeen kontua bakarrik, proiektua bera da defenditu behar dena, bertan sortzen ari den bizi eredua. Ideiak

Larunbat honetan 17:30tan Andre Mari Zuriaren Plazatik. #GukArgiDaukagu

Diseño y desarrollo Tantatic