Aszen Argandoña

Aszen Argandoña

2015-11-05

Bai euskarari-tik Euskaraz bai-ra

Ba da garaia urrats txiki-handi hori ematen hasteko, bai horixe!.

Izan ere, Bai euskarari-tik Euskaraz bai-ra dagoen jauzia ez da nolanahikoa, baina, behar beharrezkoa bai nire irudikoz. Hau da, euskararen alde egiten diren keinu izugarri eta zoragarri horietatik, (euskararen aldeko manifestazioetan, lasterketetan, elkartaratzetan, Nafarroa Oinez-en, eta abarretan parte hartuz), euskaraz egunero bizitzen saiatzera, bada aldea, eta horretarako jendartearen parte hartzea beharrezkoa da, noski; baina gu ere gizarte horren parte garenez, norberaren ardura ere bada. Beraz,nahi izanez gero, hautu hori egiten ahal dugu.

Euskaraz bizitzeko ezinbesteko urrats hori edozein esparrutan eta edozein unetan ematen ahal da, hala erabakita.

Esaterako, administrazioarekiko ahozko harremanetan, lehenbiziko hitza euskaraz eginen bagenu, guk uste baino ustekabe dezente gehiago hartuko genuke. Niri neroni gertatu izan zait hori behin baino gehiagotan Nafarroako Osasunbidean, eta beste zerbitzu batzuetan, hori poza hori! Beraz, gutxien espero duzunean euskaldun bat topatzen ahal duzu. Jakina, kontu hau Nafarroako Gobernuak eta udalek egin beharreko plangintza batek moldatu beharko luke , baina hori egiten ez duten bitartean euskaldunok lehendabiziko hitza euskaraz.

Herritarrek zerbitzua euskaraz hartzeko dituzten eskubideetan oinarriturik, idatzizko harremanetan gauza bera eginez gero, administrazioak hori betetzeko barneko makinaria martxan jarri beharko luke; beraz, kate oso bat martxan jartzen da. Ikusten dugunez, norberak egiten duenak eragina izaten du besteengan, beraz, animo eta aurrera.

Beste batetik, gure dirua non eta nola gastatzen ote dugu? Nik uste honek hausnarketa txiki bat merezi duela.

Gero eta enpresa gehiago ari da, euren borondatez euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten, eta hemen Barañainen adibiderik gertuena dugu Bai Euskarari programaren barruan ziurtagiria jaso duten entitateena. Horren ahalegina saritzeko aukera paregabea dugu. Izan gaitezen ausartak, eta eros dezagun euskaraz! Bertako produktuak, bertako teknologia, bertako zerbitzuak ….

Eta azkenik, goza dezagun euskaraz, aukera zoragarriak ditugu eta; literatura, musika, antzerkia, bertsoak, margoak,ipuinak, komikiak, dantzak eta, nola ez, teknologia berriak.

Beste mundu bat posible da. Euskaraz ari bazara, mundua aldatzen ari zara.

Anje Duhaldek dion bezala “maite nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago”.

EUSKARAZ BIZI NAHI DUT

Diseño y desarrollo Tantatic