Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Barañaingo Egunaren perla
Asteetako lana, hamarnaka boluntarioren laguntza eta barañaindarren parte hartzea berriz
ere herriko kaleetan. Hemen da Barañaingo Eguna. Hasi dira jada lehen jardunak, ostegun
eta ostirala bitartean, eta larunbatean izango da egun potoloena. Baina egun hau festa bat
baino gehiago da.
Barañaingo Jai Batzordeak, beste eragile batzuekin batera, egitarau oparoa prestatzen du
urtero, data berberetan. Ez dago urte osoan zehar egun hoetako martxa mantentzerik, baina
ordu batzuetan gutxienez, herriko kulturari eta kultur-sortzaileei leiho bat irekitzea lortzen
dute.
Barañainen hamaika eragile dira arlo ezberdinetan lan egiten dutenak. Doan ematen dute
pertsona askok bere denbora, indarra eta imajinazioa. Norabidea: herri bizi baten aldeko
hautua.
Dantzak, bertsoak, musika, mitologia, hizkuntza… Denak dira Barañaingo izaera eratzen
duten elementuak. Baina Barañaingo Egunak bestelako emaitzak ere ematen ditu. Ekimenez
aparte, antolaketa prozesu oso bat dago atzean, pertsona ezberdinek batera zerbaiten
prestaketan erabili dituzten orduak alegia. Prozesu honetan bizilagunen arteko harremanak
sortzen dira, dinamika hauek emango ez balira sortuko ez liratekeenak.
Barañain sortzen duen hori ez da zementua, ez dira eraikinak, ez dira karreterak;
bizilagunen arteko harremanak dira herri mailako gizarte txiki honetan aldaketak sortzeko
gaitasuna dutenak. Barañain bizia lortu nahi dute askok. Bizitasun horren bidean aurrera
eramaten diren prozesuetan, partehartzaileen arteko balore berriak hazten dira, herria
“egiteko” modu aurrerakoiak, eta inguruarekin erlazionatzeko ikuspuntu ezberdinak. Izan
ere, indibidualismoan murgildutako mundu hegemoniko horretatik atera eta bestelako
pentsamoldea lortzen da. Bada sorkuntza edota gure bizitzaren antolaketa ulertzeko beste
modu bat. Hau da Barañaingo eguneko altxorra.