Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2017-10-02

Botaxa efektua: nola mantentzen du fresko ura txongilak?

Kataluniako erreferendum eguna eta gero zaila da beste edozeren inguruan aritzea, baina txoko hau zientzia txokoa dugu, eta horrekin jarraituz, gaurkoan eguneroko bizitzan aurkitzen ahal dugun efektu baten inguruan arituko gara, botaxa efektua. Udan zehar, landetan eguzkipean lan egin behar denean, ur freskoa edukitzea oso beharrezkoa suertatzen da. Denbora askoz, txongila erabili izan dugu gure herrietan ur freskoa izateko, eta gaur egun bere erabilera txikiagoa izan arren, oraindik ikusten ahal dugu gure herri eta landetan. Baina, nondik datorkio arrakasta txongilari? Nondik datorkio ura hozteko eta fresko mantentzeko gaitasuna? Hain zuzen ere, egina dagoen materialari esker ura freskatzen ahal du txongilak ala botaxak.  Buztinez egindako tresnak dira, eta material hau porotsua da. Hau da, zulo, zirrikitu oso txikiak ditu, eta bertatik barruko ura azaleratzen ahal da, kanporuntz atera daiteke. Noski, kantitate oso txikia da, bestela botaxa hustuko litzaiguke.

 

Hortaz, barruko ur pixka bat ateratzen zaigu, eta gero, zer? Azaleratzen zaigun ura lurrundu egiten da.

Lurruntzen denean, ur molekulak askatu egiten dira. Likidoan, molekulak elkarturik daude, baina lurruntzean banaka ihes egitea lortzen dute. Hori lortzeko, ur likidoko molekulek energia behar dute. Botaxaren kanpoan beroa egiten duenez, energia kantitate bat ingurunetik, kanpokaldetik, harrapatuko dute. Baina horrekin ez dute nahikoa! Eta falta zaien energia ur likidoan dauden beste molekulei kentzen diete. Horrela, azaleko ura lurrundu egiten da, baina barrukoa hotzago gelditzen da, energia gutxiago duelako. Hau hobe ulertzeko, esperimentu txiki sinple bat egin dezakegu. Edonork egin dezake bere etxeetan. Sartu behatz bat, nahi duzuena, ahoan, eta gero atera. Zer gertatzen zaio? Berotu egiten da? EZ! Hoztu egiten da!

 

Hozteko modu honi lurrunketaren bidezko hoztea deritzo. Animalien artean ere badaude honen adibideak, besteak beste, gizakiak. Hain zuzen ere, guk horrela mantentzen dugu gure gorputzaren tenperatura. Izerditzerakoan, gure izerdia azaleratzean, lurrundu egiten da. Horretarako gure gorputzari energia lapurtzen dio, eta horrela gure tenperatura mantentzen dugu, gorputza berotzen ez delarik. Era berean, uda partean itsasoan ala igerilekuan bainatzean, bertatik bustita ateratzean, gure azaleko ura lurruntzean freskatu egiten gara. Hau oso atsegina da bero itzela egiten duen egunetan, baina ez horrenbeste Ehn ditugun egun fresko horietan!

 

Gure botaxara itzulita, modu efizientean funtzionatzen duenean barruko uraren tenperatura 10-15 gradu jeisten ahal du.  Zein egoeratan da botaxa efizientea? Noiz nabaritzen ditugu freskatze honen efektuak gehiago? Alde batetik, botaxa ongi dagoenean, hau da, bere poroak irekita daudenean, eta bestalde, kanpokaldeko airea beroa eta lehorra denean. Poroak ongi irekita badaude, ura bertatik ongi azaleratu daiteke, eta bestalde, airea beroa eta lehorra denean, ur lurrun gehiago onartzen du. Hori dela eta, giro lehorretan, hezeetan baino ur gehiago lurrunduko da gure botaxaren azaletik, eta hori dela eta, barrukoa gehiago hoztuko da. Hortaz, errefrigerazio modu hau oso egokia da basamortuak bezalako giroetan. Noski, ez dugu ahaztu behar beti ere gure botaxa itzaletan mantentzea. Ez badugu hau egiten, eguzkiaren beroa nagusitzen zaio errefrigerazio prozesuari eta barruko ura hoztu beharrean berotzen zaigu.

 

Lurrunketaren bidezko hoztea ez da bakarrik botaxatan gertatzen. Leku beroetako zonaldeetan aspaldi erabiltzen da fenomeno hau, eta buztinez egindako gailuak erabiltzen dira janaria eta ura fresko mantentzeko: adibidez, hozkailua egiteko modua badago modu honetan. Hori egiteko, buztinezko ontzi txiki bat beste handiago baten barruan sartzen dute, erdiko hutsunea bustita dagoen areaz betetzen delarik. Horrela, ontzi txikiaren barruan janaria gorde daiteke. Arean dagoen uraren lurrunketari esker, barruko janaria fresko mantendu daiteke, eta deskonposiziotik babes daiteke denbora batez. Fenomeno hau ez da bakarrik aintzinako gailuetan erabiltzen. Leku bero eta lehorretan dauden hiri batzuetan (Denver, Las Vegas...) aire egokituak “botaxa efektuan” oinarritzen dira ere. Aire egokitu gehienak beste modu batera hozten dute, baina leku hauetan, lurrunketaren bidezko hozketa erabiltzen da oraindik.

Ondorio gisa, zer atera dezakegu? Aspaldi ezagutzen ziren modu intuitibo batean hainbat fenomeno fisiko, eta horri esker aplikazio batzuk lortu ziren. Dena den, fenomenoaren ulermen sakonak ekarri izan du aplikazio konplexu eta ugarienak. Aurrerapausu horiek, metodo zientifikoaren aplikazioari esker lortu dira. 

Diseño y desarrollo Tantatic