Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Buruak zuri
Gaur egun zaila da kapitalak zipriztindu gabeko erakunde, talde edo antolakunderik aurkitzea, eta komunikabideak ez dira alde batera geratzen. Asko dira jada hauen hitza alde batera uzten dutenak. Gizartearen pentsamoldea kontrolatzeko tresna hoberenak komunikabideak dira, argi eta garbi. Hala, badakigu betidanik izan ditugula ideologia politiko determinatu bakoitzak berezko dituen hedabideek. Denok dakigu ez direla berdinak Intereconomía eta La Sexta, edo ABC eta GARA, noski. Bada, zer gertatzen ari da komunikabideekin orain?
Gaur egun informazio bide hauek ez daude soilik ideologia politiko bat bultzatzera bideratuak. Jakin beharra dugu guk telebistan eta egunkarietan ikusten eta irakurtzen ditugunei nork ordaintzen dien. Azken urteotan, telebistan batez ere, talde erraldoiak eratzeko joera egon da. Horrela sortu dira Atres Media edo Mediaset taldeak, hainbat telebista eta irrati kate elkartuz. Hala ere, talde ezberdinak izanagatik, bide berean daude denak.
Informazioaren monopolioa izateko karrera honetan dirua funtsezkoa da. Ezin izango duzu besteekiko maila berean jardun kapital masa handirik gabe. Honek komunikabideak enpresa gisan lan egitera eraman ditu, eta helburua informazioa transmititu baino dirua lortzea izatera pasa da. Horrela ba, herrialde honetako enpresa handien finantziazioa eskuratzen dute (haien artean Bankia, Santander eta bestelako bankuenak, edota monopolio elektrikoa duten Endesa, Iberdrola eta bestelakoenak adibidez). Diru hori ez da doan, noski, badu bere prezioa. Finantziazio hauek haien kapital metaketa propioa bermatzea du helburu.
Komunikabideak beraiek dira dirudunen aldeko sistema honen bermea eraikitzeko beharrezkoak diren jendarte masa akritikoa eratzeko tresnak. Masa hori lotzeko, sistemak eratzen dituen akatsen informazioen desagertzea bultzatzen da, eta baita akats hauen kontrako mugimenduak isilarazten ere. Argi dago, adibidez, ETBk herri mugimenduaren ekintza desobedienteen aurrean (gaztetxeen inguruko informazioekin adibidez) jartzen duen estalki opakoa, euskal aberatsen eta honekin lotua doan EAJ-ren gailentze politikoaren alde. Baina badira Tele Madrid edota Canal Now (Radiotelevisió valenciana) bezalako adibideak ere. Hau guztia esanda, zein izan da azken garai hauetako komunikabide askoren oinarria?
2011. urtetik gaur egun arteko amets gaiztoa frankismotik zetorren sistema bipartidistaren gainbehera izan da. PODEMOS bezalako partidu bat jaio zen jendartetik (batzuen ustetan 15M mugimenduaren oinordeko), eta, hasieran gutxienez, metodologia asanbleario bat barneratuta zuen mugimendu politikoa zen, garaiko metodologiak iraultzen zituena. Europako parlamenturako hauteskundeetan sorpresa eman zuen botoen %8arekin (gutxi dirudi, baina UPyD-rekin konparatuz, azken honek urteetan egindako lanaren fruitua baino gehiago jaso zuen hilabete gutxitan, eta ia ezezaguna zelarik). Gainera, PODEMOSek, hasieran, partidu nazionalista ezkertiarrekin sintonia ona zuen, eta honek botere kolore aldaketa handia ekar zezakeen hurrengo urtean zeuden hauteskunde orokorretan. Makinaria martxan hasi zen.
2014 eta 2015 urteetan Ciudadanos partiduren sorrera eta igoera esponentziala ezagutu dugu. Komunikabideak azkar pasa ziren "Podemos" aho guztietan izatetik "Ciudadanos" izatera, baita PP-ren gobernuak bere komunikabide-lagunei hala egitea agindu zizkieneko informazioak ere atera izan dira noizbait. Gaur egun ideologia ezkutuko partidu hau (hau da, ideologia eskuindar fatxosoa duen talde hau) da, haien diskurtsoan aldaketaren bermea direla dioten bitartean, hogeita hamar urtetan izan dugun zabor berdinaren bermea, goiko estratuetako enpresarien etekinen bermea, alegia. Partidu honen hazkundea, gainera, monarkiaren kontrako hitzen (gogoratu abdikazio bat jasan dugula urte hauetan), gizarteko independentisten hitzen eta pentsamoldeen eta abarren ezkutatzearekin batera etorri dela.
Herriak, klase xumeak, gure hedabide propioak behar ditugu, etekin ekonomikoa helburu ez dutenak. Ezin izango diegu multinazional eta monopolioen txotxongilo direnei aurre egin bakoitza bere aldetik bagoaz. Zer naiz ni, zer zara zu, zer da zure auzokidea edo zer dira zure seme-alabak halako botere baten aurrean? Oso beharrezkoak dira Ahotsa.Info edo Plazaberri bera bezalako proiektuak, herriaren benetako informazioa gure eskuetara ailegatzeko, interes ekonomiko ezkuturik gabe. Hori izango da benetako gizarte justua eratzeko giltza, gizarte benetan informatua lortzeko gakoa, kritikotasuna jendartean zabaltzeko bermea.
Duela bi aste edo, interneteko egunkaria den El Diario-k esklusiba berezia atera zuen. Honetan gaur egungo Espainiar Estatuko erregina "guztiz legitimoak" ustelkeriaz leporaino dagoen tipo bati animo emateko mezuak bidali zizkiola argitaratu zen. Denok dakigu iaz atzean utzi genuen errege intelektual eta animalien defentsan aritzen zen horrek gizartean monarkiarekiko utzi zuen irudia aldatzera etorri zirela berriak, eta guzti horren ondoren bonba hutsa zen albiste hau. Hurrengo egunetan gainontzeko komunikabideetatik desagertu egin zen informazio hori. Askok ez zuten ezta hitz bat ere aipatu horri buruz, nahiz eta aurrekari gisatzat har daitezkeen Raxoiren eta Bárcenas-en arteko mezu polemikoen antzekoak izan. Azalpenak soberan daude.