Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
David Simon
Frikitxokoaren denboraldi berri hau hasteko, alderdi nerd/geek/friki-purista pixka bat alde batera utziko dugu,istorio errealistak kontatzen dituen egile bat aukeratuz. David Simon estatubatuarrak 10 urte baino gehiago lan egin zituen Baltimore hirian kazetari bezala, “putaseme batzuek egunkaria erosi eta bere lanak dibertigarria izateari utzi zion arte” . Baina kazetaritza utzi baino lehen hasia zen liburuak idazten, lehenik Homicide: A year on the killing streets (1991) argitaratu zuen , hilketak ikertzen zituzten polizien benetako istorietan oinarritua eta beranduago Ed Burns-ekin batera The corner: a year of an inner-city neighborhood (1997) plazaratu zuen, drogaren kontsumoak bete-betean jotako Baltimore mendebaldeko komunitate baten gorabeherak kontatzen zituena. Bi liburu hauek ezagun egin zuten eta biak ere telebistarako telasail bihurtzeko aukera izan zituen. Onartu behar dut, bi hauetatik, nik The corner bakarrik ikusi dudala eta telesailaren gordintasun eta errealismoak barrenak astintzeko ahalmen ikaragarria duela (telesailaren amaieran, istorioa oinarritzen den benetako familia protagonistaren testigantzak ere azaltzen ditu).
2002. urtean The wire aireratu zen, hasieran oihartzun handirik izan ez arren, gaur egun telebistaren historiako telesail hoberenen edozein zerrendatan falta ezin den telesaila da. 5 denboraldi izan zituen, denboraldi bakoitza hiriaren alderdi ezberdin batean zentratzen zelarik (auzo txiroak, portua, udaletxea,…) polizia eta hiritar batzuen bizitzak jarraitzen dituen bitartean eta guztiak ikusi ostean Baltimore hiria goitik behera ezagutzen denaren sentsazioa uzten dizu, kaleko izkina ilunetatik alkatearen bulego are ilunagora. Telesailak ez ditu, orain hain arruntak diren kapitulu amaiera “cliffhanger”-dunak , horren ordez benetako pertsona eta istorioek dituzten gorabehera inperfektu eta arruntak erakusten dizkigu (nahiz eta pertsonaia epiko batzuendako tartea ere uzten duen :).Guzti honegatik agian kostatu daiteke hasieran telesailaren erritmora egokitzea, baina ez izan zalantzarik ahaleginak mereziko duela.
Simon jauna telebistarako lanak egiten jarraitu du gaur egun arte, betiere amerikar gizartearen alderdi gordinak erakutsiz: Generation Kill (2008) Irakeko gerraren hasierako partean konpainia estatuar batzuen gorabeherak (benetako testigantza batean oinarritua) ; Treme (2010-2013) Katrina urakanaren osteko New Orleans hiriko biztanleek nola egiten duten aurrera modu eder eta hunkigarrian kontatzen diguna (hiri horretan ezinbestekoa den musikaz hornituta ) ; Show me a hero (2015) New York estatuko alkalde gazte batek arraza-segregazioaren aurkako epai erabaki bat betearazteko izan zituen gorabeherak kontatzen dituena (hau ere benetako istorio batean oinarritua).
Gaur egun The Deuce (2016-…) telesailean dabil lanean, 70. hamarkadan pornoaren industriak izan zuen goraldia isladatzen duena, berak dioenez “Ez baduzu pornoa kontsumitzen, porno honen eragina edo logika ariko zara kontsumitzen ziurrenik”.
Bukatzeko , superheroien istorioen uholdeak nazkatua bazaitu eta benetako heroi eta gaizkileengan pausatu nahi baduzu begirada, emaiozu aukera bat David Simon jaunari, emaiozu aukera bat gure miseria eta bertuteei.