Naroa Sarriguren
Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?
Edo!
Zer da liburu bat? Uste baino nekezagoa da hain arrunta den hitz baten definizioa ematea, edozein gauza definitzeak mugak ezartzea dakarrelako eta mugak lausoak direlako askotan. Eskuz idatzia izan daiteke? Argitaletxearen zigilua behar du? Hitzik gabea izan daiteke? Orrialde kopuru jakin bat izan behar du?
Gehienok partekatzen dugun liburuaren ideia antzekoa da baina gaur egun gero eta lan gehiagok jartzen dituzte zalantzan garai batean ezarritako arau ikustezinak. Genero nahasketak, diziplinarteko lanak, hitza bigarren mailak jarri dutenak...
Azken urteotako liburu asko ez dira gure eskemetan hain erraz sartzen eta literatura (liburu?) industrian ere ez. Baina eskuragarri ditugu, besteak beste, 2012an sortu zen edo! argitaletxeari esker. Berau zer den azaltzeko bere azalpen argia onena:
- edo! aukera berri bat da, argitaletxe berri eta desberdin bat sortzeko martxan den proiektua.
- edo! diru irabazi (eta galera) asmorik gabeko egitasmo autofinantziatua da.
- edo! borondatezko lanean oinarrituko da.
- edo! euskal elebakarra da, bakanetako bat.
- edo!-rentzat liburuak ez dira merkantzia hutsa.
- edo! kultur eragile soilik ez, gizarte eragile ere izango da.
- edo!-k pentsamendu kritikoa maite du, eta elkarrizketaren zale da.
- edo! independentea da alderdi eta erakundeetatik.
- edo!-k diru laguntzak onartuko ditu, bere printzipioak baldintzatzen ez dituen neurrian.
- edo!-k egiazko edizio lana egingo du, eta publikazio berme guztiak emango dizkio egileari.
- edo! -ren ikurra adostasuna denez, batzarren bidez gobernatuko da.
- edo!-k ez du abiadura handiko lanik nahi. Prozesuek eskatzen duten erritmoa zainduko du.
Printzioak argi, paperean argitaratu dituen lanen nondik norakoak azpimarratuko nituzke, liburu formatuan ikusi ohi ez ditugun lanei beste euskarri eta zabaltzeko bide bat eskaini dielako. Batetik, Begikoak izenekoan album ilustratu, argazkia eta artea argitaratu ditu; bestetik, Xortak bilduman askotan eskuragaitz diren tetsuak ditugu: hitzaldiak, saiakera laburrak edo iritzi artikulu luzeak. Hirugarren bilduma bat ere badute Literola izenekoa eta hor artikuluak nahiz nobelak ere badituzte.
Begikoak sailekoen artean daude, Gari garialderen Zu ikusteko bidean, dispertsioari buruzko (argazki) liburua edo Maite Gurrutxagaren Alderik alde (marrazki) liburua. Era berean, erakusketatik liburura salto egin duen Falta (ez) diren gauzak eta beste.
Xorta bilduman, hitzari lotuak baina generoen eskeman sartzen ez zaizkigun testu biziak. Gomendagarria oso Harkaitz Canok bere ironia finez osatu duen Txalorik ez, arren!
Gehiago jakin nahi baduzu, sartu argitalexearen webgunean eta kuxkuxeatu. Hor ikusiko dituzu beraien liburuak edo!