Naroa Sarriguren

Naroa Sarriguren

Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?

2015-06-01

Erraiak

Elkar argitaletxeak, Beasaingo udalak eta CAF enpresak antolatutako Igartza sariak 35 urte arteko idazle gazteei aukera ematen die, urtero lehiaketara aurkezten dituzten liburu-proiektuetako bat sarituz. Irabazleak 6000 euroko beka bat jasotzen du buruan duen asmo literario hori gauzatzeko, erdia hasieran eta beste erdia behin lana bukatutakoan. Jakina, antolatzaileetako bat den Elkar argitaletxeak kaleratzea ere lortzen du eta epaimahaiak berarengan jarritako konfiantza eta bultzada ere bai.

Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) Mamuak izeneko proiektu edo zirriborroarekin irabazi zuen Igartza saria. Lana amaitzean baina Erraiak izena jarri dio argitaratutako lanari. Eta esango nuke ederki asmatu duela. Izan ere, haustura sentimental latz baten ostean, mutilak utzi duen emakume gaztearen baitan zerbait hautsi da eta zer gertatu den edo berari zer gertatzen zaion ulertu nahian barne bakarrizketan bere beldur, ezin eta mamuak azaltzen ditu, baina batez ere, erabat biluztu eta barrena husten du, erraiak ere bai.

Gordin. Protagonistak egoera mikatz horretan abiatzen duen analisian oroitzapen, arrazoi, emozio eta zentzumen guztiak baliatzen ditu, ezer ezkutatu eta isildu gabe ari baita bere barruan dagoena ateratzen. Gordetzeak mesede baino kalte handiagoa egiten duela eta gauzei zuzen begiratu eta bere izenez deitu behar zaiela uste duelako idazleak akaso. Eta akaso, horregatik nabarmendu dute batzuek lotsarik gabe idatzi izana.

Hala ere, idazkera zorrotzaz gain jolasa ere badago liburuan. Esperimentaziorako baliabide ugari darabiltza idazleak, horren adierazle agerikoenak pertsonaiek izenik ez izatea (U, P, Y…) edota kapituluen antolaketa berezia izanik. Gainera, nahi izanez gero, barne bakarrizketaren erritmoa ez hausteko, liburua irakurri ahala agertutako ideia batzuei tira egiteko aukera ematen duten pertsonaiaren oharrak liburu bukaeran daude.

Edonola ere, irakurleak bere parentesi propioak sortuko ditu liburuan jasoko dituen erreferentzien eraginez, ugari baitira, adibidez, musikari (Anari, Napoka Iria, Nirvana Willis Drummond …) edo idazleen aipuak (Bukowski, Ziga, Nietzsche, Sarrionandia…).

Esan bezala, bere idazkera zorrotza da baina esaten duena ere bai. Protagonista obsesiboaren jarioan, sarritan ironia puntu batez, dimentsio pertsonal nahiz sozialean ikusi ohi diren nahi, ezin, beldur eta kontraesanak daude. Agian horregatik “kontzientziak astintzeko lehergailu gisa irakur daiteke eleberri hau” atzeko azalaean dioenez.

Diseño y desarrollo Tantatic