Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2016-09-19

Euriaren usaina

Abuztu lehorra izan dugu aurtengoa. Udazkena aurreratu behar izan dute zuhaitz askok, ur falta dela. Ostoen ohiko kolore aldaketa iraila bukaeran heldu beharrean, abuztuan ikusi dugu. Argi dago Euskal Herrian euri faltan ez garela izaten orokorrean, baina aurten ziur naiz gehienok gozatu dugula euriaren usaina nabaritzean. Izan ere, euria egin aurretik zein ondoren, usain bereziak nabaritzen ditugu. Zerk eragiten du iraila honetan horren atsegina egin zaigun euriaren usain hauek? Aipatu behar da euriaren aurreko eta ondorengo usainak zeharo desberdinak direla. Euriaren aurreko usain bereziaren erantzulea atmosferan bilatu behar den moduan, euriaren ondorengo usainaren arduradun landare eta bakterioak dira, batez ere.

Ekaitz baten aurretik, denok usaindu dugu usain metalikoaren antzekoa. Hau usaintzean, euria gertu dagoela antzematen dugu. Zerk eragiten du usain berezi honek? Atmosferan dagoen molekula batek: Ozonoak. Ozonoa (eguzkitik datorren argi ultramoretik babesten gaituena) atmosferako goi partean dago gehienbat, estratosferan, ez gu bizi garen behe atmosferan, troposferan. Ekaitzetan, ordea, behe atmosferan ozonoaren formazioa eragiten da, hainbat mekanismoen bidez (airearen ionizazioa, tximistak, etab). Esan behar dugu ozono molekula eta guk arnasten dugun oxigeno molekulak oso antzekoak direla eta oso erlazionatuta daudela. Ozonoak 3 oxigeno atomo ditu eta arnasten dugun oxigenoak bi atomo. Oso antzekoak izan arren, ozonoa toxikoa da eta desinfektatzeko erabiltzen da.

Euria bota ondoren, ordea, ozonoaren usaina desagertu egiten da, eta beste molekula askoren usainek bere lekua hartzen dute. Zehazki zein molekulek parte hartzen duten ez dago garbi, batzuk ezagunak izan arren. Dakiguna, ordea, zera da. Euri ondorengo usaina landareek, haitz bustiek, lurrak eta bertako bakterioek askatutako hainbat molekulen nahasketa dela (eta hirietan, kutsadura).

  • Landareak: landare askok, euria egiten duenean, haziak askatzen dituzte. Modu horretan, botatako euriak haziak ernetzen laguntzen dute. Prozesu honetan, sustantzia aromatikoak askatzen dira.

  • Hirietan: euriak airean egon daitezkeen molekula kutsatzaileak eraman ditzake, atmosfera garbituz. Molekula hauek lurreratzean, erreakzio kimiko batzuk eman ditzakete, eta honen ondorioz, usaina duten hainbat molekula lurruntzen dira eta gure sudurretaraino heltzen dira.

  • Bakterioak: euriarekin oso lotuta, “actinomycetes” izeneko bakterio batzuk daude. Hauek zoru lehorretan bizi dira, ia mundu osoan. Bakterio hauek esporen bidez erreproduzitzen dira. Euria egitean, esporak askatzen dira, eta hauekin batera, gure sudurrek harrapatzen dituzten hainbat molekula.

Molekula hauen artean nagusienetakoa geosmina da. Molekula honen garrantzia adierazteko, adibide bat. Gameluak ur bila dabiltzatenean, geosmina usainduz ura aurkitzen dute. Geosmina ere hainbat barazkietan dago (adb erremolatxan). Hauek jatean, batzutan lur-zaporea antzematen diegu. Geosminaren eragina da. Zapore hau askorentzat ez da atsegina. Jakiak prestatzean gehiena desagertzen da, baina gordinik kentzeko, ozpina erabil daiteke. Ikus daitekeenez, euriaren usainaren atzean kimika asko dago, sukaldearekin ere lotu dezakegun kimika!

Diseño y desarrollo Tantatic