Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
Friki txoko
Iritsi da momentua, Barañaingo, inguruko eta mundu osoko eusko-frikiek badute sareen sarean beste orri bat bere bookmark-etan gordetzeko: Plazaberriko Friki-Txokoa.
Zergatik idatzi halako zutabe bat gure webgune ilustre honetan? Arrazoiak ezberdinak izan daitezke, baina denak onak.
Lehenengoa, lehen esan bezala, kontu friki ezberdinetaz (pelikulak, telesailak, komikiak, liburuak,...) euskaraz idatzi/hitz egin/bakarrizketatu (ez dakit ongi zer den) daitekeen leku bat izateko gure Plazaberri maitean.
Bigarrena, gaur egun frikien presentzia inoiz baino ageriagoa delako. Horren erakusle da gure herriko markesinetako paretetan Nafarroa dragoien lurraldea dela esaten duten Telefonicako kartelak izan ditugula (Juego de Tronos telesail famatuaren bardeetako errodajea zela eta). Honekin lotuta, azken urteetan telesailek izan duten arrakasta eta kalitate igoera ere aipa daiteke. Beti egon dira telesail arrakastatsuak baina normalean hauek tematika nahiko "arruntak" zituzten: lagun koadrila pijoak, medikuak, poliziak, ... .Baina egunotan, mundu osoan ikusle gehien izaten dituzten telesail batzuk tematika oso frikia darabilte. Lehen aipatutako Game of Thrones ("Juego de Tronos", baina ez ohitu gaztelerako izenburutara, eusko-friki maitea ;) edo The Walking Dead-ek [eta aurten bere 2. denboraldia estreinatuko duen bere spin-off "Fear de walking dead" (spin-off bat zer den oraindik ez badakizu hau da zure lekua ikasteko, nahiz eta aipatutakoa ez den berez spin-off bat :)], audientzia neurketetan lehenengo postuetan egoten dira. Bata, ia-ia ezpata eta sorginkeria generoko telesail bat izanik, frikion genero maitatuenetako bat dudarik gabe, “Eraztunen jauna” eta antzeko milaka eleberri, joko ta bideojoko eman eta ematen dituena. Eta bestea, zombie apokalipsi baten inguruko telesaila gore eta bortitza.
Eta hirugarren arrazoia noski, gure friki-ego bullyingduari (bai, hitzak ere asmatuko ditugu) aire pixka bat sartzea; gure erreflexio genial eta jakintsuak milaka friki maitagarrietara iritsiko direla pentsatuz eta noizbait Youtuber bezala irabazitako milaka milioiei esker, gure Heriotzaren Izar pribatuan, Fluzozko kondentsadoredun Delorean bat aparkatuta izateko bide motzena izango delako.
Azkenik, pixka bat serioago, zutabe honen asmo nagusia eta ia-bakarra, publiko “zabalari”, guri gozarazi diguten liburu, pelikula, komiki, telesail edo bestelako kontu ezberdinei buruz jakitera ematea da, horrela agian ere, beste norbaitek ordu batzuk pasa ditzake irudimen ajeno eta propioari esker plazer ederrean.
Txapa luzeegia lehen aldirako? Ezetz behekaldean komentatu (iradokizunak, irainak... denetarik onartzen da. Benetako frikiak ohituta gaude)?
Eta ondo hasteko gomendio ordainezinekin, komiki , eleberri , telesail eta filme bana.
Komikia:
- Y : The Last Man – Brian K. Vaughan. Egun batean munduko gizon guztiak hil egiten dira eta gure protagonista geratu den gizon (nola ez) bakarra (bere tximuarekin batera). Ez da generoari buruzko hausnarketa sakonena inolaz ere (ez da horren inguruko hausnarketa bat ere), baina egoera dibertigarri, entretenigarri eta kitzikagarriak bate bestearekin atzetik datoz.
Eleberria:
Dune – Frank Herbert. Zientzia fikzioaren klasiko bat. Planeten arteko bidaiak egiteko ezinbestekoa den lehengaia, espazio osoko planeta bakar batean topatu daiteke (zer dakarkizue gogora honek?) eta protagonistaren familiak, hartu berri du planetan horren agintea. Egileak, lehengai hori, gure planetan urarekin egon daitezkeen arazoen isla bezala pentsatu omen zuen.
Telesaila:
Fargo – Noah Hawley. (2014-???). Bi denboraldi ditu oraingoz (hirugarrena ere egingo dute), Cohen anaien izen bereko pelikuletan oinarritzen da. EEBB-etako Minnesota elurtsuan, hango biztanle eta polizia ona (nola ez) eta lasaien bizitzak korapilatzen doaz, kanpoko gaizkile berezien bisitak jasotzen dituztenean. Umore beltza, biolentzia, eta trama biziak. Bigarren denboraldia, lehena baino oraindik hobea da eta egiazko gertakarietan oinarritzen direla insistitu arren, gezurra da.
Filmea:
Usual Suspects – Bryan Singer (1995). Nor da Kayser Soze? Ohiko gaizkile talde batetik abiatuta, bihurritzen joango den istorio beltz eta misteriotsu bat kontatuko digun filma. Anestesia eta Joxe Ripiau taldeek bere diskoetan sartu bazuten zerbaitengatik izango zen ez?