Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2020-12-10

Friki Txoko – Fleabag

Phoebe Waller-Bridge aktore eta gidoigile britaniarrak azkeneko urtetan ospe handia hartu du, urteak zeramatzan batez ere aktore bezala lanean baina azkeneko urtetan berak sortu eta idatzitako lanekin guztien ahotan egotea lortu du, batez ere oraingoan dakargun telesail honengatik. Komedia bat da Fleabag , nahiz eta batzuetan irrifarra gure aurpegietan izoztua geratzea ere lortuko duen. Bi denboraldietako 12 kapituluak Waller-Bridge berak idatzi ditu eta azpimarratzekoa da batez ere 1. denboraldiaren istorioaren garapen bikaina. Protagonistaren sexu eta familia aferen inguruan mugitzen da telesaila nagusiki eta  niri pertsonalki, Frikitxokoan ere gomendatu dugun Lena Dunham-en “Girls” telesaila ekartzen dit gogora, batez ere agertuko diren pertsonaia  desorekatu eta zoroen katalogoa telesaila horren antzekoa delako. Batzuetan gehiegizkoak eta pixkat sinestezinak diruditen arren , lortzen du beraiekin “enkariñatzea” eta bere bizitza kaotikoetaz gehiago jakin nahi izatea. Esan bezala 1. denboraldia borobil-borobila da eta bigarrenari ere ez zaio ezer sobera gelditzen eta nahiz eta gehiagoren gogoekin geratu, erabaki egokia dirudi egileak hartutakoa, hirugarren denboraldi bat ez egitearena, zeren maila jaistearen arriskua altua da eta bi denboraldiek sorta bikaina osatzen dute. Ordu erdi eskaseko kapituluek, telesaila di-da batean irensteko mokadu bikaina egiten dute. Azkarra, zorrotza , adimentsua eta dibertigarria. Zeren zai zaude “Fleabag” irensteko?

Diseño y desarrollo Tantatic